Erekzioak

Gurasoen habitik hegan egitea nahia eta ezina da gurean. Hegoak ebakita libre izan nahi duen txoritxoaren antzera. Gizajoa. Alkilerrean bizitzeak batez beste 911 euroko kostua du Donostian gaur. EAEko hiriburuen artean garestiena da, eta Estatu mailan ere podiuma egiten dugu. Urre eta zilarraren artean ibiltzen gara. Horra gure Donostia, redio!

Bada bolada bat hiriburuko luxuzko etxebizitzen salerosketa pozteko moduko albiste gisa eskaintzen ari zaigula; sektorearen loraldia omen da, eta hori «ona» omen da. Horrekin nahikoa ez eta astero-astero, Aldizkari Ofizialaren funtzioa betez, salmentan dauden elitezko etxeen publirreportajeak ere idazten dira. Non argitaratzen diren esan beharrik ez dago.

Norberaren esku dago irakurri edo ez, baina argitaratze hutsarekin mina egina dago. Zergatik bihurtzen dira halakoak albiste? Zein interes dago atzean? Bada inor honekin erekziorik duenik? Baiezkoan nago.

Dirutza ordaindu dezaketenak gure postala pixkanaka erosten ari diren bitartean, proiektu bitala postalaren barruan irudikatzea gero eta zailagoa egiten ari zaigu bertakooi. Eskaintza urria, eskaera handia, prezioak gora. Ekonomiako fakultaterik ez da zapaldu behar hori barneratzeko.

Badira lauzpabost urte Alde Zaharreko tabernari bati nire harridura azaldu niola pintxo hotz baten truke kobratu zidanagatik. Ardo beltza kopa eskuan, alboko gizonak buelta erdia eman zuen. «Señorita, esto es San Sebastián». Plazera sentitzen ari zen, ez zuen ezkutatzen. Eta neurri batean poztu nintzen, aurrez aurre zihoalako.

Erekzioa ezkutatzen dutenek kezkatzen naute gehiago, beren burua ezkertiartzat izan baina “Tonto el último” lemapean hutsik duten etxebizitzagatik mozkin ahalik eta handiena ateratzen saiatzen direnak. Zeren horiek ere «alde honetan» badaude. Horiek ere eramaten dute Donostia podiuma egitera. •