Olatz Perez de Viñaspre Garralda eta Ana Zelaia Jauregi
Donostiako Informatika Fakultateko irakasle eta ikerlariak, UPV/EHU

Wikidatak 10 urte

Wikidata edonork kontsulta eta edita dezakeen datu-base eleaniztun eta askea da. Hizkuntza guztietako Wikipediek partekatzen dituzte Wikidatako datuak. Zure herria bilatzen baduzu Wikipedian, eskuinaldean taula bat ikusiko duzu. Taula horretan agertzen diren datuak automatikoki jasotzen dira Wikidatatik. Artikulu honetan Wikidatari buruzko informazioa aurkituko duzu eta Wikidatan saltsan ibiltzeko proposamenak egingo dizkizugu. Hortaz, pantaila baten aurrean jartzen bazara, zuzenean praktikatu ahal izango duzu.

Informazioa modu egituratuan gordetzen da Wikidatan. Hiri bati buruz, kokapenaren koordenatuak gorde ohi dira, izandako alkateen izenen zerrenda, datu demografikoak, etab. Gladys del Estal-i buruz, adibidez, euskal ekintzaile ekologista zela esaten da, gizakia, emakumea, informatikaria, etab. Bere argazki pare bat ere gordetzen dira. Igor Leturiak “Elhuyar” aldizkarian argitaratutako “Wikidata, ezagutzarako datu-base libre kolaboratiboa” artikuluan oso ondo deskribatzen da haren egitura.

Erraldoia da Wikidata, 100 milioi elementu inguru ditu. Elementu horiek, gainera, beren artean lotuta daude eta beste datu-base batzuetarako loturak ere gordetzen dira. Horrek izugarrizko boterea ematen dio hura kontsultatzen duenari, segundo gutxitan informazio pila lor dezakeelako. Demagun Wikidatan zenbat emakume informatikari dauden jakin nahi dugula. Edo Gipuzkoako udaletxeen argazkiak deskargatu nahi ditugula, edo 1.000 metrotik gorako Nafarroako mendiak. Ba al dakizu “Egunean Behin” jokorako galdera asko Wikidatatik sortzen dituztela? Begira Luistxo Fernandezek Sustatu-n argitaratutako “Wikidata hornitzetik, Egunean Behin-en galderak agertzera” artikulua.

Wikidata ezagutzen hasteko, https://wikidata.org webgunean sartzea proposatzen dizugu. Bilaketa egiteko goian eskuinaldean dagoen leihotxoan zure herriaren izena idatz dezakezu eta nola deskribatuta dagoen ikusi. Ondoren, bilatu pertsonaia ezagunen bat (Maialen Lujanbio), liburu bat (“Zergatik panpox”)... Oso ezagunak diren elementuak badaude Wikidatan. Hutsuneren bat aurkitzen baduzu eta komunitatearentzat interesa duela uste baduzu, elementua sor dezakezu. Webgunean bertan laguntzarako tutorialak aurkituko dituzu. Aukera paregabea dugu Wikidatan ekarpenak egiteko.

Wikidatan kontsulta konplexuak egin daitezke SPARQL lengoaia erabiliz. Kontsulta batzuk ikusteko, https://query.wikidata.org webgunean sartu eta “Adibideak” botoia sakatzea proposatzen dizugu. “Katuak” aukeratzen baduzu, adibidez, Wikidatan gordeta dauden katuen zerrenda lortzeko kontsulta agertuko zaizu. Ezkerreko menuko (i) sakatuz, kontsulta modu bisualean erakusten da, eta botoi urdina sakatuz, kontsulta exekutatu eta emaitza agertzen da.

Demagun zure herriko gizonezko/emakumezko ezagunen zerrenda lortu nahi duzula, Wikidatan daudenena, noski. Lagunduko dizugu, antzeko kontsulta batekin. Nabigatzailean https://w.wiki/5pLA jartzen baduzu, Zeberion jaiotakoen zerrenda lortuko duzu. Eraman kurtsorea leihoaren eskuinaldera eta azalduko den menuan “SPARQL aldatu” aukeratzen baduzu, irudian erakusten den pantaila agertuko zaizu. Kontsultaren ezkerreko bisorean “Zeberio” jartzen duen lekuan zure herria idatz dezakezu eta botoi urdina sakatuz, zure herriko pertsonen kontsulta egingo da. Kontsultatzen denaren arabera, emaitza zerrenda moduan izan ordez, mapa batean, grafiko moduan edo argazki-galeria formatuan jasotzea eska dezakegu. Kontsulta gehiago aurkituko dituzu esteka honetan: https://eu.wikipedia.org/wiki/Atari:Hezkuntza/Unibertsitatea/Wikidata

Hamar urte beteko ditu Wikidatak 2022ko urriaren 29an. Munduko herrialde desberdinetako wikilarien elkarteak ospakizunak antolatzen dabiltza. Gurean hitzaldia eta tailerra antolatu ditugu Donostiako Informatika Fakultatean, Euskal Wikilarien Elkarteko kideekin batera. Urriaren 26an izango da, 15.30-17.00 artean. Ikasi nahi duzu? Zatoz! •