Itziar Elizondo Iriarte
Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea

Hitzez hitz

Garai batean egunkariak irensten genituen.
Garai batean egunkariak irensten genituen. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Garai batean egunkariak jaten genituen. Hitzez hitz, esaldi bat bera ere irensteari utzi gabe. Bereziki neguko igandeetan, ez zegoen gauza hoberik gosaldu bitartean egunkariak irakurtzea baino. Orain ez bezala, denbora ematen genuen irakurtzen, denbora genuelako. Izan ere, orduei flakatzeko dieta jarri dietenetik ematen du ez dugula ezertarako astirik. Garai haietako ordu luze eta lodiak faltan botatzen ditut, gogoeta nostalgikoek ezer gutxi balio duten arren.

Egunkariak diot, pluralean. Gustuko genuen berrien izenburuak alderatzen ibiltzea, haiek orrietan hartzen zuten espazio eta kokapenaren gainean ildo editorialen nahitasuna antzematen. Hau da, irakurketari denbora emanez; eta erreportajeak, elkarrizketak, zutabeak irensten genituen bitartean, harritzen, haserretzen, pozten ginen. Hitzez hitz.

Gaur egun, aldiz, apenas «pintxopoteatzen» ditugu berriak. Eta ez da bakarrik pantailan irakurtzen ditugulako nagusiki. Egunkaria mundua ikuskatzeko paperezko etxe bat da, non informazioz eta iritziz beteriko gelak banaka bisita daitezkeen, eta aldi berean denak batera osotasun bat sortzen duten, espazio jakin bat. Eta hitzekin eraikitako materialtasun horretan, gaiak, ideiak, berriak, iritziak, istorioak gure burmuinean su txikian kozinatzen ditugu batera, ez banan-banan. Aldiz, albisteak pantailan, batez ere sare sozialen bidez jasotzen ditugunean, bozgorailu bakarti, temati eta zaratatsuak dirudite, klikatzeko oihu egiten digutenak.

Gaur, goizeko kafea hartzen, mugikorreko pantailan irakurri dut gero eta jende gehiagok albisteekiko interesa galdu duela, eta joera hori nabarmena dela mundu zabalean. Digitalizazioak «infoxikazioa» ekarri du, eta pertsona askori are neke psikologikoa eragiten dio berri txarrez inguraturik egoteak. Beraz, dimisio handiak -batik bat Ameriketako Estatu Batuetan gertatzen ari den ‘big resignation’ delakoa, alegia, langileek beren borondatez lana uzten dutela adierazten duen kontzeptua- badu bere baliokidea hedabideekiko harremanetan: dimisio informatiboa.

Eta hori ez da albiste ona. Ez komunikabideentzat, ez herritarrentzat. Hedabide eta kazetari profesionalak behar ditugu botere guztien jarduna kontrolatu dezaten, abusuak ikertuz, pertsonen arazoak bistararaziz, eta ez bakarrik prentsa bulegoetan botereak sortutako berriak argitaratuz. Alegia, beren eginkizuna hitzez hitz hartuz, pantailaratu den egunerokoan betiko irakurleak eta irakurle berriak pantailaz pantaila bereganatuz! •