Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Entrevista
JOANES ILLARREGI MARZOL

«Gozatzea eta egindako lanaren erakusgarri izatea dira nire helburuak»

Leitza, 1999. Laugarren finala. Txapelketa Nagusiko finala Nafarroa Arenan kantatu zuen eta ilusioa egiten dio bertze toki batetik toki berera itzultzeak.

(Jagoba MANTEROLA | FOKU)
Ze biharamun utzi zizun Tafallako saioak?

Saio osoan nahiko aldarte ona eduki nuen. Hasieran, ideietan fresko sentitzen nintzen arren, brilloa ateratzea kosta zitzaidan. Baina saioak aurrera egin ahala erosoago sentitu nintzen. Denetik tokatu zitzaidan, batzuetan lana egitea eta ez zegoen lekutik ateratzen saiatzea, eta beste batzuetan gehiago gozatzea eta errazago aritzea. Biharamun gozoa utzi dit finalaurrekoak. Nahiz eta kanpotik askotan ematen duen egina dagoela, barrutik diferente bizitzen da eta dudak eta beldurrak egoten dira. Lasaitua hartuta eta gogotsu nago finalerako, orain arte egindakoa berdindu eta ahal bada hobetzeko.

Ariketaren bat nabarmenduko zenuke?

Zortziko handian, formuletan eta esateko moduan asmatzea gehiago kosta zitzaidan. Hamarreko ttikian gaiak utzi ninduen pixka bat deskolokatuta eta lana egitea tokatu zitzaidan. Zortziko ttikian eta batez ere bakarkako lanean aritu nintzen gustura. Jakin nuen bidea asmatzen eta hori inportantea izan zen doinu berri bat ateratzen ari nintzelako eta ariketa txukun batekin plazaratu nahi nuelako doinu hori.

Finalera begira zein helburu jarri dizkiozu zure buruari?

Helburu zehatzik jarri gabe, denok nahi dugu ahalik eta gehien luzatu finala, ahal den bertso gehien kantatu finalean. Ikusten dut oso irekia egongo dela dena eta helburu bezala nahiko nuke azkeneko Nafarroako finaleko sentsazio gazi-gozo hori kendu. Saiatu naiz kalitatezko denbora eskaintzen prestakuntzari eta nahiko nuke egindako lanaren erakusgarri izatea. Eta txapelketak bi urtez behingo mugarri izaten diren heinean, azken bi urteetan izandako eboluzioa erakustea.

Nola prestatu zara?

Kantatuz, elkartuz eta komentatuz. Ideiei tarte bat eskaini diet, batez ere gizartean zer dagoen ikusteko; zeri kantatu ahal zaion, nondik, ze pentsatzen dudan gai ezberdinen inguruan, zer eta nola egin nahi dudan.

Nola bizi izan duzu txapelketako ibilbidea?

Egia esan, orain artekoa pixka bat luze egin zait, bai lehendabiziko eta bai bigarren fasean azken saioa tokatu zaidalako. Astez aste jendea txapelketan kantatzen ari zen eta ni oraindik kantatzeke nengoen. Alde horretatik luze egin zait, ez zentzu negatiboan; gosez eta gogoz nengoen eta zain egotea tokatu zait. Horrek prestatzeko aukera ere eman dit. Orain, bukaeran, dena batera.

Txapelketaz kanpoko saioak egin dituzu denbora honetan?

Bai, batez ere otordu saioak. Horrek errodajea egiteko balio du, baina oso ezberdina da. Txapelketarako gai bati hiru bertso botatzeko prestatzen gara eta bertso afari batean librean bi ordu aritzeko hari mutur bat hartu eta tira eta tira, pixkanaka garatzen joan behar da. Txapelketan justu kontrakoa da, konprimatu eta ahal den gehiena ahal den leku gutxienean esan.

Nola doa zure bertsolari ibilbidea? Nola sentitzen duzu?

Uda aldera bai izan ditut aurreko urteetan baino plaza gutxixeago, baina nik uste normala ere izan daitekeela hein batean, aurreko udazkenean Gipuzkoako Txapelketa izanda beraiek atera ziren erakusleihora, izen berriak agertu ziren eta jendeak txapelketan ikusitakoa bere herrian ikusi nahi du. Orain, udazken aldera gehixeago kantatzen hasi naiz otorduen bueltako saio horietan. Plazan banabil, beti nahi izaten da gehiago, baina ez daukat kexatzeko motiborik.

Bertsolaritzak zure afiziorik handiena izaten segitzen du?

Bai. Nabaritzen da urteak aurrera joan ahala inguruan jende bat uzten edo urrutiratzen joaten dela bertsotik. Niri ez zait halakorik gertatu, bertsoarekiko gose eta zoramen puntu horrekin segitzen dut. Plazan ibiltzeak, elkartzeak, bertsoak eman didan inguru batek baimentzen dit afizioa izatea. Eta modu osasuntsuan daramat. Bertso irakasle aritzen naiz Bertsozale Elkartean, baina badakit ezberdintzen lana eta nire plazako jarduna. Egun osoan bertsoaz inguratuta egon arren, oreka egoki bat topatzen diot horri.

Lehen egon naiz Xabatekin eta zenbat gauzetan kointziditzen duzuen!

Gertatu izan zaigu bertso eskolan kantatzeko elkartu, elkarrekin ofizio bat egiten hasi eta elkarri ideiak lapurtzea, erreflexu berdinak izaten ditugulako. Ez dut uste anaiak izateagatik bakarrik denik, azkenean bertso ibilbide osoa elkarrekin egiten ari gara eta antzekotasun hori oso naturala izan daiteke.