Gela ilun bat baino gehiago
Azkenaldian zinemara era guztietako filmak ikustera joan naiz, plana norekin egiten nuen arabera. Bitxia da, baina kultuzko bihur litekeen film batean (“Los domingos”) aretoa lepo zegoen bitartean, nerabeentzako film ultrakomertzial batean (“A pesar de ti”) zinean bakarrik geunden. Plataformetan ibilbidea kontrakoa izango da, agian.
Ildo horretatik tiraka, ez dut filmen inguruan hitz egin nahi -azkenean, Gaizka Izagirrek intrusismoagatik salatuko nau-, baizik eta zinera joatearen ekintzaz eta zinemek kultura-azpiegitura gisa duten bideragarritasunaz. Gure udalerrietan aretoak ixten ikusi ditugu, proiektuak porrot egiten, orubeak saltzen, aretoak publifikatzen… Jakina, joera globala da eta, ia gauza guztiak bezala, hau ere ziztu bizian doa.
Mark Ritsonek “The Drum”-en kontatzen zuenez, testuinguru anglo-saxoian zinema aretoen gainbehera izugarria da. 2019arekin alderatuta, iaz, AEBn sarreren salmentak %26 jaitsi ziren eta Britainia Handian %24. Azken horren kasuan, bost urteko epean 56 milioi ikusle galdu dituzte: 176 milioitik 120 milioira. Ondorioz, hamar zinematik bat ixteko arriskuan dago.
Pandemia baino lehen, filmek 90 egun behar izaten zituzten plataformetara iristeko. Ezin ahaztuko dugu aurreko mendearen amaieran filmek urtebete baino gehiago behar izaten zutela bideoklubetan eta telebistetan ikusgai egoteko.
Beste gauza askorekin gertatu zen bezala, pandemiak ikus-entzunezkoen banaketa sistema leherrarazi zuen. Ordutik, «estudioek 90 eguneko epea 30 eguneko batezbestekora murriztu dute». Film jakinen kasuan epea 17 egunera ere jaitsi daiteke. Ritsonek salatzen duenez, era horretan estudioek aretoekin konpartitzen zuten irabazien parte bat beraientzat gordetzen dute, euren interesen arabera programatu dezakete eta ikusleriaren datuetara sarbide zuzena dute.
[Ohar bat. Jokaldi hau ez da egunkari handiek kioskoak ekuaziotik kentzeko egin izan duten saiakeren oso desberdina. Gure sektorean emaitza izugarria izan da: salmenta-puntuak galduz salmentak gutxitzen dira, banaketa sistemak ez dira bideragarriak eta, batez ere, prentsari lotutako komunitatearen eta kulturaren galera ere ematen da. “Lost-lost” estrategia.]
Ritsonek dio aldaketa horrek emaitza azkarrak lehenetsi dituela epe ertainera negozio-eredua hondatzearen truke. Nabarmentzen duenez, filmen estreinaldia garrantzitsua da, «ekitaldi» modura funtzionatzen duelako, jendeak komentatzen duen eta kontsumoa gainditzen duen ekimena delako. «Etxean ikustearen erosotasuna paregabea da, baina emozioa eta esperientzia nabarmen murrizten dira», laburbiltzen du. Euskal kulturaren testuinguruan ere ikusten dugu ekitaldi/gertaeren balioa, kultur ekintza bat “the place to be” bihurtzearen indarra.
Zinemak ixteak herri baten kultur bizitza pobretzen du. Aurrekariak ikusita, gure enpresen eta administrazioen arteko lankidetza beharrezkoa da. Ildo horretan, Golem bezalako enpresa batek gure ikus-entzunezkoen sektoreari eta kultur-sistemari egiten dion ekarpena goratu nahi dut.
Alor sozioekonomikoaz harago, aldaketa kulturalaren auzian, azelerazioa gai garrantzitsua da. Futbol zelaiak azalera neurtzeko eredu egokia bihurtu diren bezala, zinematik plataformarako epea jendartearen azelerazio sozial-mediatikoa kalkulatzeko neurri ona izan daiteke. Hortik abiatuz, gizarte aurrerapenez edo desbideratzeez ari garen baloratu ahal izango dugu.
Kultur aldaketaz ari garenean, antsietate horretaz ari baikara. Zinemara joateren patxada azelerazio horren aurka eskura dugun antidotoa da, oraingoz. •


