Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
BIZKAIKO BERTSOLARI TXAPELKETA

Eszenatoki berri bat txapelduna nor izango den ebazteko: Casilla

Guztia prest dago Casillan, eserleku gorriak, argi altuak, kantxa bat oholtza bihurtuta. Eta zortzi bertsolari txapela nork eskuratuko. Orain arteko bidean guztiek eman dute berea, baina onena gaur arratsaldean ematea espero dute. Arantza Plaza ere prest dago, txapela jantzi eta transmisioan lanean jarraitzeko.

Zortzi finalistak txapel emailearekin, duela egun batzuk finalaren aurkezpenean.
Zortzi finalistak txapel emailearekin, duela egun batzuk finalaren aurkezpenean. (Oskar MATXIN ENDESA | FOKU)

Elegantea da Bilboko Casilla, eserleku gorriek berotasuna transmititzen dute; eraitsi aurretik, saskibaloi kantxa Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalerako eszenatoki izango da. Azken festa izan ohi da finala, baina txapelketa aretoz areto, frontoiez frontoi eta astero saioak jarraitu dituen bertsozaleei esker garatu da. Buru baten bila dabil txapel beltza, eta zortzi hautagai ditu gaurkoan: Aitor Bizkarra, Aitor Etxebarriazarraga, Gorka Pagonabarraga, Jone Uria, Oihana Bartra, Onintza Enbeita, Txaber Altube eta Xabat Galletebeitia. Orain arteko ibilbidean bertsolari bakoitzak erakutsi du ikuspuntu propioa, jantzi propioa duela.

Arantza Plaza arduratuko da irabazleari txapela janzteaz; «opari ederra» izan dela aitortzen du berak, eta Bizkaiko Bertsozale Elkarteak, urteetan transmisioan egindako lana aitortu nahi izan dio, bertsolaritzaren sustapenean giltzarria izan baita Plaza. Garai bakoitzeko errealitateari erantzun behar izan dio Plazak, eta hori txalotu du elkarteak ere, izan ere, beraien ustez, euskara gerturatzeko asko laguntzen du bertsoak, eta Plazak berak ere horixe hausnartu izan du urte luzez.

Idoia Anzorandia eta Igor Menika arituko dira gai jartzaile lanetan gaur arratsaldean, eta, ohiko legez, bi parte izango ditu finalak. Lehen zatian zortzi finalistek kantatuko dute, eta egin beharreko lanetan daude hiruna bertso ofiziotan, zortziko nagusian; hiru bertso ofiziotan, zortziko txikian; bakarka puntua emanda hiru bertso, zortziko txikian; hiruna bertso ofiziotan, hamarreko txikian; eta, lehen zatiarekin amaitzeko, gaia emanda hiru bertso kantatu beharko dituzte doinu eta neurri librean.

Bigarren zatian buruz burukoa jokatu beharko dute puntuazio altuena duten bi bertsolariek. Launa bertso osatu beharko dituzte ofiziotan, zortziko txikian; hiruna bertso ofiziotan, sei puntuko laburrean; eta, ganbarako lana, gaia emanda hiru bertso doinu eta neurri librean.