Emakumeak nagusi belaunaldiak bertsoaren hariz josiko dituen finalean
Xilabako finala jokatuko da gaur Donibane Lohizuneko Jai Alai pilotalekuan. Sei bertsolariko finalak baditu ezaugarri oso propioak: sei bertsolarietatik bost emakumezkoak dira eta zaharrenaren eta gazteenaren artean hogei urteko aldea dago. Bertsoak Ipar Euskal Herrian bizi duen unearen erakusle izan daiteke: taupada bizia eta denboran irauten duena.

Donibane Lohizuneko Jai Alaik traje ederra jantziko du gaur Xilabako finalari aterpe emateko. Maila handiko txapelketa izan da Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko bertsolariak elkartu dituena, ez da merkea izan finalerako txartela eta bertsoz bertso azken geltokira iritsi dira sei bertsolariok: Miren Artetxe, Maddalen Arzallus, Maddi Ane Txoperena, Aitor Servier, Elixabet Etxandi eta Irantzu Idoate.
Bost emakume eta gizonezko bat. Xilabak txapeldun berria izango du aurten, finalistetan aurretik inork ez baitu txapela jantzi. Final irekia aurreikusten da: txapelerako kinieletan daude finalisten erdiak gutxienez.
Arratsaldeko bostetan abiatuko da finala. Saioaren lehen partean, bost ariketa osatu beharko dituzte sei finalistek: zortziko handiko ofizioa, binaka; zortziko txikikoa, binaka; banaka, puntua emanda, hiruna bertso zortziko txikian; hamarreko txikiko ofizioa, binaka; eta ganbarako gaia. Lehen zati horretan bi puntuazio onenak lortzen dituzten bertsolariek egingo dute aurrera finalaren bigarren partean, buruz burukoan.
Jai Alaiko finalaren azken txanpan, binaka egin beharko dute bi bertsolariek seiko motzean lehendabizi eta zortziko txikian ondoren. Eta ganbarako lanarekin amaituko dira ariketa puntuagarriak. Saio osoan zehar puntu gehien batzen duenak jantziko du aurtengo Xilabako txapela.
Maialen Hiribarrenen egitekoa izango da txapeldunari txapela ematea. Seaskako irakasle eta Bertsularien Lagunak elkarteko kide izandakoa da Hiribarren, euskararen taupada eta bertsoarena oso barruan ditu eta pozez hartu du egin dioten enkargua.
NAIZ Irratiak zuzenean eskainiko du finala Euskal Irratien bidez.


