Oier Gorosabel
Fisioterapeuta

Espondilolisia

Populazio orokorraren %6k du espondilolisia, baina gehienetan oharkabean pasatzen da.
Populazio orokorraren %6k du espondilolisia, baina gehienetan oharkabean pasatzen da. (GETTY)

Berba trukulentoei beroarena kentzea gustatzen zaigunez (ai, zenbat kalte egiten duten hitz teknikoek!), gaurkoan gure gerrietan sarri egoten den arazo bat azalduko dugu. Erresonantzia magnetikoen emaitza enigmatikoetan agertu bazaizu eta kezkatuta gelditu bazara, lehenengotik esango dizut: ez da larria. Izan ere, gure gerrietan sarri gertatu arren (populazio orokorraren %6k du espondilolisia), gehienetan oharkabean pasatzen da ez duelako inolako sintomarik ematen. Gehiago esango dut: maila altuko kirolean hain da ohikoa, autore batzuek espondilolisia ez dutela lesiotzat hartzen ere, baizik eta kirol praktikaren ondorio normaltzat. Esate baterako: dantzarien %20k dute espondilolisia; arraunlari eta gimnasten %17k; eliteko kirolarien %14k...

Behin beldurrak kenduta, beraz, ikus dezagun lasaitasun osoz zertaz ari garen. Bizkarrean 33 orno daude, bi parte nagusirekin: gorputza (pisua eusten duena) eta arku neurala (orno-muina babesten duena). Azken horretan zenbait zati bereizten ditugu: pedikuluak (arkua gorputzarekin lotzen dutenak), zeharkako apofisi edo hezur-puntak (eskuin-ezker ateratzen direnak), laminak (zeharkako apofisiak ornoaren puntarekin lotzen dutenak) eta apofisi zorrotza (bizkarrean ukitu dezakeguna). Badira lau apofisi artikular ere: bi goiko ornoarekin artikulatzeko, eta beste bi beheko ornoarekin. Espondilolisia goiko eta beheko apofisien arteko pars interarticularis izenekoan gertatzen da.

Anatomia korapilatsuarekin amaituta, hizkera kaletarragoa orain: noiz eta zergatik gertatzen da? Kontua da, bizkarraren dinamikan, aipatu gune hori tortsio indarren bilgunea dela, eta efektu hori nabarmenagoa dela hiperestentsioa eta errotazioa konbinatzen direnean, zenbait kirol indartsutan adibidez. Badira faktore gehiago ere: herentzia (pertsona batzuen hezurduraren formak espondilolisia erraztu dezake) eta adina (hazten dauden pertsonetan, osifikazio zentroen artean pars interarticularis-ean ahulgune bat gerta daiteke). Zenbat eta faktore gehiago pilatu, orduan eta aukera gehiago lisi bat izateko. Baina, esan bezala, hori gertatzea oso ohikoa da eta kasu gehienetan ez du inolako arazorik ematen. Zer egin, orduan? Horrelakoetan, ezer berezirik ez: bizimodu normala eraman, ahal denik eta osasuntsuen, eta kito. Tratamendua, sintomak daudenerako lagako dugu.

Mina dagoenean, tratamendua horren araberakoa izango da. Intentsitate handikoa denean, ortesi bat erabil daiteke (kortsea) mugimendua murriztuz min hori baretu arte. Hobetzen hastearekin batera, ordea, mugimendua sartuz emaitza hobeak lortuko ditugu erabateko immobilizazioarekin baino; hor fisioterapiak garrantzi handia hartuko du, batez ere muskuluen tonifikazioko eta ariketa terapeutikoko tekniken bidez. Helburu nagusia haustura gunea sendotzea eta egonkortzea izango da; horren ondorioz hobetuko da mina. Pronostikoa ona da, eta tratamendua seriotasunez eta diziplinaz jarraituz gero, kasu gehienetan ez da kirurgiarik beharko eta bizimodu normala eraman ahal izango da, kirol eta guzti.

www.abante.eus