Euskara gara eta euskara izanen gara
2.175 kilometro eta 3.436 lekuko-hartze. Gurea 1.326. kilometroa izan da. Bezperatik hasi gara sabelean kilimak sentitzen eta lo arina egin dugu, begi batekin korrikalariei begira eta hanka batekin korrika. Halere, ikara eman digu iratzargailuak. Bost minutuan prestatu eta lo dagoela jantzi dut umea. Pixa egitera lagundu, eta bagoaz. Kexa bat ere ez. Osaba puntu-puntuan etorri da eta bizkarrean eraman du gure kilometrora. Goizeko seiak dira, inoiz ez da hain goiz jaiki.
Ederra dago karrika, askotariko lo aurpegi alaiz betea. Agur konplize artean egin dugu bidea. Lau gradu baino ez termometroan eta saltoka berotzen gara. Ze momentu polita furgonetaren argiak ikusi eta elkar txalotu dugunekoa. Euskara ikasten ari diren ikastolako gurasoek hartu dute lekukoa eta gu ere sartu gara marea biziaren erdira, eskua emanda. Semeari berokia askatu diot, berak egindako petoa ager dadin. Ailegatu da ordua: «Tipi-tapa, tipi-tapa, Korrika!».
Kale luze bat egin dugu Korrika, etxe parean gelditu gara eta umeak erran digu segitu nahi zuela! Etxean, berriz pijama jantzi eta ipuin amaiezin batekin saiatu naiz lokartu zedin, baina berandu da, Korrikaren harra sartua du jada. Hobe gosari berezi batekin ospatzea. Solomoa sabelera eta bizkotxoa labera. Gure barrena hala dago, goxo-goxo. Eta hala joan da egun osoa. Eskua altxatuta tipi-tapa tipi-tapa atera gara ikastolatik, eta bazkalorduan eta arratsaldean ere segitu du martxak, bulegoko aulki gurpildunean bueltaka, edo etxetik korrika. A ze euforia! Burua ere arin, lanean kontzentratzeko lanak, baina ze kontent!
Mundu aldrebes honetan, gerrak telesailak balira bezala ikusten ditugun garaiotan, harro egotekoa da Korrika, eta plazer hutsa da haurrei zer den azaltzea eta bertara gonbidatzea.
Bihar bertze kilometro bat izanen dugu gozatzeko, GARA eta NAIZena, Bilbon bertan. Gustatzen zait “Euskara gara” leloa eta gogotsu nago mezua aditzeko. Ez da deus falta. Korrikak mugitzen duena ikusita eta sentituta, ez dut zalantzarik, eta ttikiei begira ere ez: euskara gara eta euskara izanen gara! •

«Arabako bertsolariei 50 urteotako lana eskertu behar diegu. Beti izan ditugu ondoan»

«Etorriko dena gaur daukaguna eta eduki duguna baino hobea izango da»

«Euskal Herriak eta euskarak harrapatu egin naute»

Medikuok osasun sistemarekin dugun haustura emozionala denon kalterako da

