Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad
{ ANALISIA }

Ametsa ildo

Gizateriaren enigma handien artean daude ametsak. Oroitzapenak berraktibatu eta etorkizun posibleak simulatzeko artefaktu neurobiologiko eder eta misteriotsuak dira, eta arreta osoa merezi dute.

«Zaldunaren ametsa», 1655, Antonio de Pereda; aingeruak lo den zaldunari aberastasun, ohore eta loriaren izate iragankorra erakusten dio.
«Zaldunaren ametsa», 1655, Antonio de Pereda; aingeruak lo den zaldunari aberastasun, ohore eta loriaren izate iragankorra erakusten dio. (WIKIPEDIA)

Gauean begiak ixtean, neuronen unibertso oso bat pizten eta aktibatzen da, beste mundu batzuetara eramaten gaituena. Mundu familiarrak izan daitezke guretzat, edo ez. Bertan, jende ezagunekin egin dezakegu topo, eta beste batzuetan arrotzak diren jendeekin. Ezagutzen ditugun lekuetan, leku fantastikoetan, egoera inposibleetan edo egunerokoetan. Sinboloekin, jazarpenekin eta erorketekin. Banan-banan erortzen diren hortzekin edo biluzi dauden jendeekin. Eta esnatzean, batzuetan oroituko ditugu, eta, beste batzuetan, ez.

Baina, batez ere, eta hona lehen gomendioa, esnatzean ez mugitu. Geldi-geldi egon ohean, bilatu gertuko memoriak, sinboloak, flashak, irudiak, esanahiak. Eta aurkitzean, tira haritik! Eman hegoak, libre eta suelto hegal eginez adierazi daitezen, kontatu itzazu lagunartean, etxekoei, seme-alabei. Eta ametsa errespetatu, egunero, garrantzia eman, testuinguruan jarri, eskaintzen dituen soluzioak ulertzen saiatu. Ametsa, ametsa beti!

GAUAREN ORAKULUETAN

Amestu, gure gogoan bizi diren beste kreaturekin harremanetan jartzeko amestu! Gure burmuinean bizi diren izakiekin, arbasoek beren aitona-amonekin amesten zuten bezala: orientazioa bilatzeko. Galzorian dauzkagun kontaktu horiek berreskuratuz. Gure gogoan geu bakarrik bizi garen ilusioa dugun arren, jende pila bat bizi delako bertan: ezagunak, gure heroiak, hunkitu gaituzten literaturaren eta zinemaren pertsonaiak.

Zaindu ditzagun ametsak, jaten eman diezaiegun. Memoriez elikatzen dira, memoriekin eginak daude, memorien aktibazio elektrikoarekin, memorien konbinazioekin. Desagerrarazi edo lortu nahi duguna ere badelako ametsaren gidari, gure desirak eta beldurrak.

Antzinako zibilizazioetan ametsa orakulua zen, etorkizuna aurreikusteko, gertatzear zegoena aurreratzeko. Iraganeko informazio piloa gorde eta etorkizun posible bat simulatzeko gai zen (eta den) makina bat.

Hortaz, zer da ametsa? Zergatik amesten dugu amesten duguna? Nola atera zentzua, nondik, hain sinbolo ezberdinetatik, hainbeste detaile, flash eta esanahirekin? Ametsa hori delako: gaurkoa eta betikoa, inkontzientearen barrena promenada bat, humanitate osoaren enigma handienetakoa.

Baina gu, mendebaldarrok, postmodernook, ametsentzat lekurik ez duen mundukoak gara. Esperientzia oniriko bezala, ametsa desagertzeko arriskuan dela diote adituek. Eta gure esku dagoen arren, erabiltzen ez dakigun superboterea da. Eta kasu, ametsik gabe erotu eta psikosian eroriko ginatekeelako. Horregatik da, agian, loa eragoztea denetan torturarik latzena.

Denok amesten dugu, baina denok ez ditugu ametsak gogoratzen. Eta askotan amesten dugu, gauero-gauero, askotan. Askotan zatika datozen narratiba subjektiboak dira, gure autoerrepresentazio batekin elkarreragiten duten elementuekin osaturikoa -gauzak, lekuak, izakiak-, trama bat zabalduz. Ulertzeko eta errotik aldatzeko tresna dira, etorkizun posibleak simulatzeko makina neurobiologikoa.

AMETSA EZ DA FIKZIOA

Zer eragin daukate teknologiek, ordenagailuek, telefono mugikorrek, amesteko gure ahalmenean? Gauza bat argi dago: badaukate. Hasteko, lotarako orduak kendu dizkigute argi elektrikoa asmatu zenetik loari kendu dizkiogunez gain. Eta zientzia mailan gauza jakina da: zenbat eta lotarako denbora gutxiago, orduan eta amets egiteko aukera urriagoa, osasun mailako kalte larriak kalte.

Bestalde, ikus-entzunezko ekoizpenek gure gogoan bizi eta ametsetan azaltzen diren kreaturak sortzen dituzte. Gehienak ez ditugu pertsonalki ezagutzen, baina pantailan ikusi ditugun pertsonaiak dira, eta, bai, horrek gure gogoko kreaturen fauna aberasten du.

Iturrian, tigre baten ondoan, amesten dagoen Ji Gong monje budistaren estatua, Hangzhoun, Txinako Zhejiang probintzian. (WIKIPEDIA)

Bada beste gako, eta gomendio, bat ere: lotara goazenean ametsen inguruan, amestuko dugula, pentsatzea. Ametsari intentzioarekin ekitea. Arbasoek amesten zuten bezala, intentzio berarekin: erantzunak aurkitzeko.

Zibilizazio ezberdinek interpretatu dituztelako gure kontzientziaren gogo sakonak jaurtitzen dizkigun mezuak. Historian ametsak oso inportanteak izan direlako, etorkizunaren itsasargi bat. Denboren hasieratik, gizadiaren sortze beretik, duela 1.500 urtera arte, ametsa etorkizuneranzko argi garrantzitsuenetakoa zen antzinako zibilizazio guztietan. Eta halaxe da egun ere ehiztari-biltzaile diren herrietan.

Horrek iradokitzen digu hala izan zela paleolitikoan eta neolitikoan. Norbaitek animalia bat ehizatzea edo herri bati eraso egitea amets batean ikusten bazuen,egin beharreko bihurtzen zen, eta, egin egiten zen, amestearen ekintzak ametsaren edukia balioztatzen zuelako.

Gero, zientzia ametsak baino modu zehatzagoan etorkizuna aurreikusten hasi zen. Eta egia da etorkizuna aurreikus dezakeen zientzia horrek pertsona bat jar dezakeela ilargian, bai, baina ikus al dezake argirik ez dagoen tokian?

Zientzia oso ona da begiak izan eta ikusi ahal duenean, baina ikusi ezin duenean? Ametsa lausoagoa da, bere argia difusoagoa da, ziurgabetasun handiagoa du, subliminalagoa da. Kontziente ez garen eta detektagarrriak ez diren sinboloak eta seinaleak antzeman ditzake, eta interpreta daitezkeen irudiak sortu. Ametsak ez direlako fikzioak, oraintsu ezagutzen hasi garen mekanismoen adierazpenak baizik.

MAKINA SOFISTIKATUA

Ametsa ez da bakarrik pilatutako informazioa ordenatzea, etorkizuna aldatzea ere bada. Asmo horrek Grezia klasikoko orakuluetan pentsatzera eraman gaitzake -ametsek predikzioak ezkutatzen zituztela uste zuten-, baina kontua objektiboagoa da: ametsak bizirik irauteko estrategien probalekuak dira, burmuinak eraikitako probalekuak. Engranaje oso sofistikatuak jokabidearen etengabeko moldaketarako, beharrezko denean mobilizatzen direnak, ongi kalibratutakoak, posibilitateen ordenagailu boteretsuak. Patuaren iparrorratzak norantz markatzen duen neurtzeko orakulu dira, baina ez etorkizun saihetsezina eta determinatua, dena bateratzen duen lekua edo egoera baino.

Ugaztun denak amesten duten arren, guk beste ugaztunek egiterik ez duten zerbait egiten dugu: ametsak konpartitu. Eta horrekin, beste errealitate sozialak sortzen ditugu, etorkizun berriak simulatu.

Eta hori ongi egiten dugu, ongi kontatzen dakigulako. Eta ametsak kontatzeko gai izateak, ideia eroenak taldean zabaltzea posible egin zuen, aldaketa kulturalak obratzea. Hori gertatu da azken hirurehun mila urteotan, Homo Sapiens-aren erregistroak ditugunetik.

«Morfeo esnatzen Iris gerturatzean», 1689, Rene-Antoine Houasse. Pasarte mitologikoaren narrazioa, Junoren mezularia den Irisek ametsen jauna den Morfeo nola esnatzen duen erakusten duena. (WIKIPEDIA)

Bestela, nork bere buruari galde: zergatik hainbeste amesgaizto, zergatik da hain ohikoa jazarpena ametsetan? Harrapakari eta harrapakin dikotomiak animalion bizitza gobernatzen duelako, horregatik dira trama horiek hain ohikoak. Ametsek, ugaztunen artean 220 milioi urtez eboluzionatu duten oroitzapenak berraktibatzeko prozesu neurobiologikoak izanik, etorkizun posibleak simulatzen dituztelako.

Eta beste galdera larri bat: iragana irakasgai, nolakoa izango da etorkizuna? Norbanakoaren superbibentziaz diharduen orakulua baita ametsa, eta Darwinen hiru inperatiboak oinarritzat hartzen ditu: jateko behar beste bizidun akabatu, norbera hiltzen ez utzi eta ugaldu.

Esperientzia onirikoa eta ametsaren kontakizuna erabiltzen dugu taldean gure gogorako nahitaezkoa delako. Ingurura moldatzeko makineria neurobiologiko baten adierazpen konplexu eta sofistikatuena izanik, eraikitzen eta berreraikitzen diren oroitzapenen hautaketa egiten du ametsak, baita ebakuazioaren funtzioa betez ere. Gauero garrantzia gutxiko oroitzapen piloa ahazteko, oroitzapen inportanteak gordetzeko, ideia eta jokabide berriak sortzeko, oroitzapen espezifikoak elkarren artean nahasteko. Ildo horretan, ametsak erregulatzaile emozionalak dira, esperientzia txarren ondorioak arintzeko ezinbestekoak.

Alegia, ametsen edertasuna, misterio eta esanahi kognitiboaren garrantzia hor daudela. Eta ametsaren ildoa, oso serio hartzekoa dela.