Amagoia Mujika Telleria
IKUSMIRA

BI HANKADUN XELEBRE HORIEK

Badatoz, berriro, bi hankadun xelebre horiek. Autoan abiada bizian pasatzen direnen antzik ez dute. Izatekotan, gu ikustearren sudurra kristalaren kontra zanpatzen duten txikitxoena. Begietan distira berdintsua igartzen zaie, gauzak lehen aldiz ikusteak pizten duen argi berezia.

«Ikusi, ikusi, aitatxo, zaldiak!». Baina aitatxok nahiko lan dauka gidatzen eta airean entzuten den ahotsarekin hitz egiten. Aitatxok nahiko lan dauka garaiz iristen. Eta pentsatzen du, gainera, dagoeneko ikusiak dituela ikusi behar zituen zaldi guztiak. Edo, okerrago dena, zaldi guztiak berdinak garela. Bat ikusita, denak ikusita. Ba ez, zaldi guztiak gara bata bestearen desberdinak, euskaldun guztiak bata bestearen desberdinak diren bezala.

Eta hor juntatzen dira, urte pare bat tartean, furgoneta baten atzetik joateko. Eskuak gora eta bihotzak gora, sudurra kristalaren kontra zanpatzen duten txiki horien ilusioz, furgoneta horren ibilerak lehen aldiz ikusi balituzte bezala. Korrika pixka batean, eta hegan beste pixka batean. Eta gure taldeko txikiek piztuta irrintzi egiten dute: «Ikusi, ikusi, aitatxo, euskara!».