Ander Izagirre
Kazetaria

Tourmaleteko naufragoak

Telebistan hobeto ikusten da, baina oso gogokoa dut bide bazterretik txirrindulari lasterketak begiratzea. Asko gustatzen zait Donostiako Klasikoa, Euskal Herriko Itzulia edo Tourra ikustera joatea. Eta gehien gustatzen zaidana bizikletaz joatea da.

Txirrindularitza zaleok abantaila bat daukagu: ziklistak igaro baino ordu batzuk lehenago Tourmalet igo dezakegu, adibidez. Zer izango litzateke, beste batzuentzat, Federer eta Nadal arteko final baten aurretik Roland Garroseko pista zentralean piloteatzea, Txapeldunen Ligako final baten aurretik lagun kuadrillarekin Anfieldeko zelaian partidatxo bat jokatzea. Bizitzaren arlo guztietan mitomaniak itzaltzen saiatzen naiz, baina aitak 9 urterekin eraman ninduen Tourra lehengo aldiz ikustera, umetan edabe magikoaren eltzera erori nintzen eta horrek erremedio zaila dauka: nire gurpilak biraka dabiltzan leku berberetik Eddy Merckxen gurpilak pasa zirela irudikatzea gustatzen zait, ni pedalkada noan aldapa honetan bertan lehertu zela Greg Lemond, jaitsierako bihurgune honetantxe Indurainek belauna nik bezala atera zuela alde batera, gorputza okertzeko eta ziztu bizian jaisteko bere lehenengo Tourraren bila.

Bide bazterretara joateko beste arrazoi bat ere badaukat: telebistan inoiz ikusten ez dena ikustea. Oso atzeratuta gelditu diren txirrindularien istorio isil eta latzak, batez ere. Polita da txapeldun handienak gertutik ikustea, euren pedal-dantzak, begiradak, keinuak, arnasotsak, baina lasterketa burua pasa ondorengo unea gustatzen zait bereziki; mendian gora galtzen direnean, gero eta urrutiago, jendearen oihuak, autoen klaxonak, helikopteroen burrunba. Orduan mendi-hegala isilik gelditzen da une batez eta pixka bat geroago beste ziklista batzuk agertzen dira: mendatea aurrekoengandik ahalik eta gertuen pasatzeko sufrimendu bizian doazen esprinterrak, hasieran ihes eginda joan diren ziklista orain hustuak edo igoeraren hasieran martxa gogorra jarri duten taldekideak, lana egin ondoren eguna ahalik eta ondoen bukatzeko beste asmorik ez daukatenak.

Minutu asko pasa direnean, autobusa agertzen da. Autobusa, txirrindularitzaren argotean: esprinter, errodadore, akitutako ziklisten multzoa, talde desberdinetako lasterkarien arteko solidaritateak elkartzen duena. Elkarri babesa emanez igotzen dituzte mendateak, helmugara kontrola itxi baino lehen iristeko. Beterano pare batek gidatzen dute beti autobusa, erritmoa kontrolatzeko, azkarregi doazenak pixka bat lotzeko, erreleborik ematen ez dutenei errieta egiteko, arauko denboraren barnean iristeko gal ditzaketen minutuak zehatz kalkulatzeko.

Autobuseko hogeita hamar edo berrogei ziklistak txalotu ondoren, ikusleak errepidean behera abiatzen dira autorantz edo kanpin dendarantz. Halako batean polizia bat agertzen da errepidean gora motoz, sirena joz, jendartean bidea zabaltzeko: oraindik ere ziklista bat dator! Badira hogei minutu lehenengoek gailurra harrapatu dutenetik, badira bost minutu autobusa pasa denetik, baina azken honek ezin izan dio autobusaren erritmoari ere eutsi. Eta gorriak ikusiko ditu: mendatea zeharkatu ondoren dozenaka kilometro egin beharko ditu bakar-bakarrik, helmugaraino, giarreak zukutzen, kontrola itxi aurretik iristeko.

Horrela ikusi nuen, duela urte batzuk, Kenny Van Hummel Tourmaleten. Ikusle batek bultza egin zion hogei metroz korrika, gero beste ikusle batek txanda hartu eta berriz bultzatu zuen, eta gero beste batek. Ikusgarriak dira atzean gelditutako ziklistak bultzatzeko sortzen diren giza kateak. Txundituta begiratzen diet ahoa zabalik, begirada zeruan galduta eta zonbi baten moduan pedalei eragiten dieten ziklista hauei.

Etxera iristean, Van Hummel bilatu nuen sailkapenean eta azken postuan topatu nuen: 171. postuan, irabazlearengandik 38 minutura. Sailkapenean agertzen jarraitzeko nahikoa. Bere burua salbatu zuen.

Baina Tourrak ez ditu amaiera gozo asko eskaintzen: Van Hummelen ondoren oraindik ere beste ziklista bat igaro zen, Danilo Napolitano, azken aldapak sigi-sagaka igotzen. Ondoko argazkian ikus dezakezue. Baina egun hartako sailkapenean ez duzue aurkituko: helmugara iritsi zen, bai, baina salbatzeko beranduegi. •

www.anderiza.com