Galder Gonzalez

#M27Greba

Pozez gainezka ikusi ditut ostegun honetan ikasle mugimenduak eginiko greba orokorreko irudiak. Pozez gainezka ikusi ditut aurreko egunetako itxialdi, batzar eta abarren argazki eta bideoak. Eta hori gutxi balitz, Euskal Herrian hain ohikoa den poliziaren presentzia Estatuan zehar ere hedatu dela ikusi dut, eta horrek ere poztu nau: frakaso eskolar hutsa diren kolore ezberdineko txakurrak kalera atera dira euren aurkari gorena kolpatzeko, hau da, egoera aldatu nahi duen ikasle ezkertiarra.

Asteazkenean grisak, barkatu, urdinak, Madrileko Konplutentsean sartu eta 50 ikasle pasatxo atxilotu zituzten. Horrek hainbat gaztelar asaldatu ditu, uste zutelako horrelakoak “diktaduran” bakarrik gertatzen zirela. Laster gogorarazi genien saretik batzuei orain hamarkada bat 84 ikaslek gaua pasatu genuela Iruñeko komisaria batean euskarazko unibertsitatea defendatzeagatik. Egun batzuk lehenago ere Mendebaldeko Indietako 29. Erregimentu Kolonialaren Konpainiak, barkatu, Ertzaintzak, Gasteizen kolpeka sartu eta ikasleen buruak irekitzeari ekin zion. Iruñean Foralak, Alaitzen eta Altsasun Guardia Zibilak eta Leioan beltzak ikasleen aurka aritzen ziren bezala LOMCE eta EU2015 estrategiaren aurka jartzeagatik.

Garai interesgarriak bizi ditugu berriro ere. Historia bukatu zela esan zuten horiek guztiek arrazoirik ez zutela behin eta berriro ikusten ari gara. Zorionez ikasleria horren erakusgarri da, zorionez Euskal Herrian ikasleria kontsekuentea dugu, borrokarako prest. Agian kasu gehiago egin beharko genieke, agian egunkarietan portada gehiago eman, agian komunikabideetan dituzten borroka errealak gehiago jorratu beharko genituzke. Ez paternalismoagatik, kontrakoa: eskerrik asko esateko. •