Antton Izagirre

Batera

Azken konferentzian "Independentistak" sareak aditzera eman zuen agirian, orain arte ohikotzat har zitekeen pentsaera abertzaletik haratago, beren burua espainiartzat izanik erabakitzeko eskubide demokratikoaren alde leudekeenak ere Euskal Estatua sortzeko proiektura batzeko nahiari egiten zitzaion erreferentzia. Ekarpen berritzailea nolanahi ere, kontu eginik urte askotan Euskal Estatuaren ideia modu esklusiboan abertzaleen ondaretzat hartu izan delako.

Pentsaera hark bazuen logika bat: espainiar nortasuna euskal nortasunari kontrajarrita eraiki izan da geure artean urte luzetan. Baina, nola imajinatu jatorri espainiarra izanik, jatorri eta nortasun horri uko egin gabe, Euskal Estatu berri baten alde jardutea? Abertzale askok egin izan dugun galderari maiz ezkortasunez erantzun izan zaio.

Horri lotuta, azken aldian, Kataluniaren independentzia prozesua dela eta, hango zenbait mugimenduren berri izan dugu eta horien artean deigarria iruditu zaigu "Súmate" gizarte mugimenduak eman duen urratsa eta lortzen ari den arrakasta.

Jatorri espainiarra izanik Katalunian bizi diren gizon eta emakumeek erabakitzeko eskubidearen alde aktiboki mobilizatu dira, egin diren mobilizazio jendetsuetan.

Deigarria gertatzen da espainiar nortasuna harrotasunez aditzera ematen ikusi eta entzutearekin batera Kataluniar estatu berri baten aldeko hautua egitea. Berritzailea, identitateari uko egin gabe Kataluniako Estatu berri batean etorkizun oparoagoaren alde egiten duten aldarria.

Sinetsita gaude, borondate bertsuko euskal-espainiarrekin batera, Euskal Estatua eraikitzea ere errazago izango dugula. •