Jose Angel Oria
irakurrita

Himena berregitea negozio bihurtu da Ben Ali diktadorearen ondorengo Tunisian

Berri kontrajarriak iristen zaizkigu aspaldi honetan Arabiar Udaberriari hasiera eman zion Tunisiatik. Diktadoreari ihes eginarazi zion herriak indar islamistei eman zien sostengua, hauteskundeak nolabaiteko garbitasunez egiteko aukera izan zuenean, baina Egiptotik etorritako estatu kolpe hotsek sekulako eragina izan zuten herrialdean eta, azkenean, bazirudien demokraziak hankaz gora joan behar zuela, Egipton gertatu moduan.

Tunisian arrisku hori saihestu dute, oraingoz behintzat. Ennahda alderdi islamistak elkarrizketa nazionalari hasiera ematea onartu zuen, oposizioko FSN Salbaziorako Fronte Nazionalak exijitu moduan. Une honetan benetako demokraziari beste aukera bat emateko ahaleginetan dabiltza, eta horretarako oso garrantzitsua izango da hurrengo hauteskundeetan botoa emateko eskubidea nortzuk izango duten argitzea.

Joan den astelehenean jakinarazi zuen France Presse berri agentziak errolda berria egitea erabaki dutela trantsizio garaiko agintariek. Herrialdeak 1956an independentzia eskuratu zuenetik seigarren aldiz zenbatuko dituzte tunisiarrak. Azken errolda 2004an egindakoa da. Hassan Ghozlani INS Estatistika Institutu Nazionaleko zuzendariak esan du hiru aste beharko dituztela errolda berria egiteko, eta lan horren emaitza uztailean izango dutela. Guztira 20 milioi dolarreko aurrekontua dute errolda berria egiteko, eta 16.000 ikerlari ariko dira lanean. Datu demografikoak eskatzeaz gain, urari, lanari eta garraioari buruzko informazioa ere bilduko dute ikerlari horiek.

Mehdi Jomaa lehen ministroaren Gobernuak arazo gehiegi dauzka langile publikoei beren soldatak ordaintzeko, Prensa Latina Kubako berri agentziak jakinarazi duenez. Moises Saab kazetariak sinatutako artikuluan egindako irakurketaren arabera, turismoak atzera egin izanak eragin du Finantza Ministerioak langile publikoei soldata ordaintzeko adina dirurik ez izatea, turistak baitziren herrialdeko diru iturri nagusia Ben Aliren garaian, eta aurrerantzean ere horrela izan beharko du, Tunisiaren ezaugarriak kontuan hartuta. Moises Saab kazetariak nabarmentzen duenez, baina, aldi berean ezkutuko «desloratzearen industria» indartu egin da Afrikako iparraldeko herrialdean, «ia teknologiarik behar ez duen industria». Saaben arabera, «Tunisiako herritarrak dira arabiar herrialdeetako liberalenak, irekienak, eta Konstituzio berriak dio emakumeek gizonen eskubide berberak dituztela legearen aurrean, baina gauza bat dira kontzeptuak eta beste bat errealitatea, birjintasun kontuekin ari garenean bederen». Egileak erantsi duenez, apirila izaten da hilabeterik onena «industria» berezi horrentzat, herrialde musulmanetan zein kristauetan mende asko dituen jarduera ekonomikoarentzat, bikote askok udaberriaren hasiera aukeratzen baitute ezkontzeko.

Eta ezkondu bitartean? Maitasun platonikoa gomendatzen du tradizioak, baina hori gehiegi eskatzea da pertsona batzuentzat, eta gero komeriak! Moises Saaben artikuluaren arabera, Ben Ali diktadoreak ihes egin zuenetik bikotetik kanpoko harreman sexualak ikaragarri ugaldu dira Tunisian, baina gizon askoren betiko joera ez da batere aldatu: eztei-gauean odol tanta batzuk ikusi nahi dituzte, horra iritsitako lehenengoak beraiek izan direla frogatu nahian.

Ideia atzerakoi horiek daude zirujauen gaurko negozioaren atzean. «Beren birjintasuna berregin nahi duten bezeroen kopuruak gora egiten du etengabe. Azken muturreraino iristen diren pasioaldiek himenak berregiten aditu diren zirujauengana joatera behartu dituzte Tunisiako emakumeak. Jarduera hori ez da berria, Fernando Rojasen Celestina pertsonaiak bere trebezien artean baitzeukan XV. mende ilunean».

Himena berregin izan duten emakumeek onartzen dute gizaki baten ohoreak ez duela izan behar odol tanta horien araberakoa, baina eztei-gaua bakean bizitzeagatik zirujauengana jo zuten.

400 euro ordaintzen omen dituzte emakumeek birjintasuna «berreskuratzeagatik», baina, 700 euro ordainduz gero, emaitza fidagarriagoa da. Gutxiago ordainduz gero, gerra giroa gauean! •