Antton Izagirre

Diruak ez du aberririk

Herri baten garapenean burujabetza eta erabakitzeko eskubidea nortasun ikurrak dira herri hori bertatik eta bertakoen interesen zerbitzura kudeatu nahi denean. Ibilbide horretan, bertako baliabide ekonomikoen kudeaketa funtsezkoa izan ohi da, eta egungo gizarte globalizatu honetan are eta funtsezkoagoa, kapitalismoak ezartzen dizkigun eredu zurrunen morroi eta esklabo izan nahi ez badugu.


Herri baten ekonomiak, euskal ekonomiak gure kasuan, berezkoak dituen ezaugarriak aintzat hartuta garatu beste erremediorik ez du; nola eta mundializazio prozesu horretan enpresa eta finantza entitate multinazional erraldoien atzaparretan jausi nahi ez dugun.


Oinarrizkoak diren lehen eta bigarren sektoreek, eta bereziki maila txiki eta ertaineko enpresa eta kooperatibek, ezinbestean, bertako finantza entitateekin elkarlana garatu beharra dute. Horretarako, herrialdeetako kutxak edota fusioren bidez sortutako Kutxabank tresna ezin hobeak izan zitezkeen, lekuko entitate finantzario gisa, etorkizuneko Euskal Bankua bilakatzeko. Aldiz, Europak eta Espainiako Gobernuak ezarritako ikuspegi uniformatzaileak eta PNV-PSOE-PPren kudeaketak berezko nortasun guztiak ezabatu dizkiote Kutxabanki, funtzio publiko eta soziala galzorian jarri dute eta espekulazio eta pribatizazio bidetik Europako beste edozein banku bilakatzeko arriskuan utzi dute.


Azkenaldian komunikabideetan ezagutzera eman dituzten iritziei kasu egiten badiegu, epe oso motzean, euskal erakundeek sortu zituzten kutxen etorkizunean eragiteko gaitasuna erabat gal dezakete, eta, atzera bueltarik gabe, herri ikuspegiaz ekonomia munduan nortasunez aritzeko aukera behin betiko galduko dugu. •