Jose Angel Oria
Palestina

XIX. mendean hasitako palestinarren kanporaketa prozesua salatuko dute Nakba egunean

XIX. mendean hasitako palestinarren kanporaketa prozesua salatuko dute Nakba egunean
XIX. mendean hasitako palestinarren kanporaketa prozesua salatuko dute Nakba egunean

Hilaren 15ean Nakba (“hondamendia” arabieraz) ekarriko dute gogora milioika lagunek Palestinan bertan zein kanpoan. Euren etxeetatik ihes egitera behartu zituztela eta lurrak kendu zizkietela salatuko dute palestinarrek, hau da, euren lurraldetik kanporatu egin zituztela. Palestinarren egutegiko oroitzapenezko datarik garrantzitsuena da Nakba.


Nakba krimen ikaragarri batek eragindako sufrimendua da. Krimen horren ondorioak bizi-bizirik daude Ekialde Hurbileko etxe askotan. Oso ondo dokumentatutako krimena da, egileek beraiek beren oroitzapenetan onartu baitute zer egin zuten, baina oraindik ez zaio amaierarik eman, indar okupatzaileek palestinarrak kanporatzen jarraitzen baitute eta ez baitaukate jarrera aldatzeko asmorik. Lagun boteretsuak dituzte ondoan eta nahi duten guztia egiteko baimena dutelakoan daude. Palestinarren kanporaketa prozesu osoan izan duten moduan.


Israelgo Estatuaren sorrera ofizialarekin lotu izan da Nakba, hau da, 1948ko maiatzaren 15arekin. Horrela egiten du, esaterako, Wikipediak gaztelaniazko bertsioan (euskaraz oraindik egin gabeko artikulua da Nakbari buruzkoa). NBE Nazio Batuen Erakundeak hartutako erabaki baten eraginez, Palestinan bi estatu eratu behar ziren. Baina proposamenak ez zuen guztien oniritzia eta gerra bat hasi zen. Honela kontatzen du Wikipediak euskaraz: «NBEk 1947an Britainiarren Agindupeko lurraldea israeldarren eta palestinarren artean erdibitzeko deliberoa hartu ostean, arabiarrek erabakia onartzeari muzin egin zioten. Hortaz, Egipto, Siria, Jordania, Libano eta Irakeko armadek fundatu berri zen Israel Estatuari eraso egin zioten. Ondorioz, lurraldea Israel, Egipto eta Jordaniaren artean banatu zen». Krimenik ez da ageri bertsio horretan. Nazio Batuen kontuak, besterik ez.


Oso bestelakoa da gaia goitik behera aztertu duten adituek kontatzen dutena. Rawan al Damen palestinar emakumeak lekukotasun eta iritzi ugari bildu zituen “Al Nakba” izenburuko dokumentalean. 200 minutuko lan mardula, ikustea merezi duena, sariketa bat baino gehiagotan epaimahaikideek onartu duten moduan. 2008an egindakoa izan arren, baliorik galdu ez duen dokumentala.


Aldatu ez diren gauzak


Ramallah hirian jaiotako zuzendariak Nakba nondik nora sortu zen azaltzen du, nolabaiteko esku hartzea izan zuten eragileek izan zituzten arrazoiak eta planteamenduak esplikatzeaz gain. Agintarien asmoak eta joerak, lan egiteko eta erabakiak hartzeko erak, ia ez direla batere aldatu ondorioztatzen da. GAUR8 honen azaleko argazkian ageri den emakumearen eta orain ehun urte baino gehiago, 1910ean, Marj Bin Amer herritik ihes egin behar izan zuten 60.000 emakume, haur zein gizonen sufrimenduaren artean ere ia aldaketarik ez dagoen moduan.


1910eko kanporatze masibo bat ekarri dugu gogora, Nakba 1948 baino askoz ere lehenago hasita zegoela nabarmentzeko. Rawan al Damenek XVIII. mendeko pasadizo baten berri ematen digu: Napoleonek, 1799an, juduei proposatu zien beren espazioa eska zezaten «munduko herrien artean». Britainiarrei merkataritza ibilbideak aldarazteko asmoarekin, Otomandar Inperioaren mende zeuden Egipto eta Siriako probintziak bereganatu nahi zituen korsikarrak, baina Akre itsasertzeko hiria hartu ezinik geratu zen, makina bat sarraski egin ondoren. Gerran aurrera egiten ez zuela ikusita egin zuen aipatu proposamena Napoleonek, garaiko frantses hedabideetan oihartzun handia izango zuena. Gainontzean, ideia hilda zegoela zirudien.


Baina ez zen horrela gertatu. Frantsesen etsaiek, britainiarrek alegia, berreskuratuko zuten ideia handik hamarkada batzuetara. Napoleonek britainiarren interesak kaltetzea bazuen helburu, Londresko agintariek interes horiek babestu nahi zituzten 1840an. Garai hartan Egipto eta Siria batzeko proiektua zuten otomandarrek, britainiarrentzat oso kaltegarria izan zitekeena. Horregatik, garaiko Atzerri ministro britainiarrak Istanbulen zuten enbaxadoreari eskatu zion sultana konbentzitzeko, Palestina etorkin juduei zabaltzea baimen zezan. Garai hartan 3.000 judu inguru bizi ziren Palestina osoan.


Lehenengo kolonia juduak


Edmond de Rothschild baroiak testuinguru horretan hasi zituen Palestinara egindako bisitak. 14 milioi libera gastatu zituen eta 30 kolonia judu jarri zituen abian. Garrantzitsuena Rishon Le Zionekoa izan zen. 1885ean jarri zuten bertan gerora Israelgo bandera izango zena. Urte hartan bertan sortu zuen “sionismo” hitza Nathan Birnbaum austriarrak, eta, 1896an, Theodor Herzl kazetariak, “Estatu judua” izenburuko liburua argitaratu zuen, alemanez.


Garai hartan Palestinan bizi ziren juduak ez ziren sionistak, Europako ekialdetik iritsi berri zirenen ideiak baitziren horiek. Europan bertan ere jarraitzaile gutxi zituen kolonia juduak sortzea helburu zuen sionismoak, europar judu gehienek AEBetara joatearekin egiten baitzuten amets. “Lurrik ez duen herriarentzat, herririk ez duen lurra” leloak ez zuen arrakasta handirik juduen artean.
Gauzak nola zeuden ikusita, Herzlek bi errabino bidali zituen Palestinara. Esaldi labur batekin esplikatu zioten egoera sionismoaren aitari: «Andregaia oso polita da, baina beste gizon batekin ezkonduta dago». Errabinoek adierazi nahi zuten Palestina ez zela herririk gabeko lurra, bertan milaka urte egin dituen herria duen herrialdea baizik.


Halere, sionistek beren asmoei eutsi zieten. Suitzako Basilea hirian egindako lehen kongresu sionistan Palestinan juduentzat aberria eratzeko programa onartu zuten. Aldi berean, lobby lanetan hasi ziren, garaiko potentzia nagusiak konbentzitzeko presio lanetan alegia. Estatu judua eratzeari beren sostengua emateko eskatzen zieten munduko potentziei. Sionisten mesederako, helburu horrek bat egiten zuen potentzia horien interesekin.


Mendebaldekoen interesak


Britainiarrek laguntza eskaini zuten, Suezko kanalaren ondoan europar herrialdeen lagun eta inguruko herrien etsai izango litzatekeen indarra sortzea izango litzatekeelako. Mendebaldeko indar berri horrek Europaren laguntza izango luke eta bizirik iraun ahal izateko inguruko estatuak ahulak izatea beharko zuen. Ideia horiexek ikusten dira gaur egungo analisietan ere. Libano eta Irak, esaterako, etnia eta erlijioaren araberako zatiketek ahulduta daude, eta begirale batek baino gehiagok dio horixe ari dela gertatzen gaurko Sirian ere. Geoestrategiaren izenean, herriak sakrifikatzen dira, XIX. mendean bezala.


Sionistek lur gehiago bereganatzen jarraitu zuten XX. mendearen hasieran. Chaim Weizman kimikari britainiarrak 20.000 hektarea erosi zituen hiru urtetan Marj Bin Amerren. Europan bizi ziren libanoarrak ziren jabeak, eta hainbat otomandar funtzionario aberastu zituen operazioak. Salerosketak eragin zuen 1910ean 60.000 palestinar inguru, nekazariak gehienak, bertatik kanporatzea. Gainera, Weizmanek enpresa bat sortu zuen Jaffan.


«Sionistek bazekiten Palestinan palestinarrak zeudela. Palestina Estatu judu bihurtzeko, palestinarrak bertatik alde egitera behartu behar zituztela onartu zuten», esplikatzen du Ilan Pappe historialari israeldarrak. Ideia horretatik abiatuta sortu zuten Hashomer izeneko milizia. “Defentsa” hitza erabiltzen zuten, azken hamarkadotan Libanon zein Palestinan zibilen sarraskiak egin dituen Israelgo Armadak egiten duen moduan: Tsahal Israelgo Defentsa Indarrak da armadaren izen ofiziala. Aldi berean, sionistak manifestazioak egiten hasi ziren, hebreera hizkuntza ofizial moduan onar zezaten. Estatu berriaren oinarri guztiak hartzen zituzten kontuan.
Garaiko arabiarrek eta palestinarrek ez zuten oraindik ikusten sionismoak eragin behar zien tragediaren neurria, Rawan al Damenek “Al Nakba” dokumentalean elkarrizketatutako adituek nabarmentzen dutenez. Najeeb Nassar botikari palestinarra eta Sathaj Baha’ai emaztea salbuespenetako bat izan ziren. “El-Carmel” aldizkaria argitaratu zuten Haifa hirian, herritarrak sionisten anbizioen inguruan jabe zitezen. «Arabiarren bihotzean sartutako pozoitutako daga da sionismoa», idatzi zuten.


Emakume politikaria, preso


Oso hedabide txikia bazen ere, otomandarrek kartzelan sartu zuten Nassar. Handik urte batzuetara, 1930eko hamarkadan, britainiarrek Sathaj Baha’ai emaztea ere espetxeratu zuten: kartzelara sartutako lehen emakume palestinar politikaria izan zen. Bi espetxeratze horien artean, Palestina Otomandar Inperioaren zati izatetik britainiarren esku egotera pasa zen, Lehen Mundu Gerraren eraginez.


Lehen Mundu Gerra amaitu baino lehen hasi ziren britainiar agintariak Palestinaren geroa diseinatzen. Sionistekin bat egin zuten. Horietako bat, Herbert Samuel, britainiar ministro izatera iritsiko zen. “Palestinaren geroa” dokumentuan, Samuelek esaten du otomandarrak Palestinatik bidali ondoren ez zela komeni bertan autonomia judu bat ezartzea, hobe zela britainiarrek aginteari eustea, juduen erakundeek lur gehiago erosteko aukera izan zezaten, kolonia berriak sortzeko. Britainiarrek lehentasuna emango liokete etorkin juduak Palestinara eramateari. «Europako hiruzpalau milioi judu mahomatarren artean ipiniko ditugu».


Sykes-Picot izeneko ezkutuko akordioa adostu zuten frantsesek eta britainiarrek: Estatu juduaren eraketari ateak zabaltzen zizkion dokumentua. Gainera, Balfourren deklarazioa iritsi zen, «Britainia Handiko Gobernuak 1917ko azaroaren 2an egin zuen adierazpen formala. Britainiarren Palestinako Mandatuan juduen etxea sortzeko prest agertu ziren britainiarrak. Dokumentua Arthur James Balfour Kanpo Harremanetarako Idazkariak sinatutako gutuna zen. Britainia Handiko juduen komunitateko buruzagietako bat zen Lionel Walter Rothschild baroiari igorri zion gutuna, Britainia Handiko eta Irlandako Federazio Sionistari eman ziezaion», euskarazko Wikipediak esplikatzen duenez.


Balfourren deklarazioa ekarri zuen gogora Khitam Saafin Palestinako Emakumeen Batzordeen Batasuneko (UPWC) presidenteak Euskal Herrian orain aste batzuk emakume palestinarren egoeraren inguruan eskaini zituen hitzaldietan. «Aro garaikideko emakumeen mugimendua Palestinaren okupazioaren eta kolonizazioaren aurkako borrokaren inguruan eman da, batez ere. XIX. mendearen bukaeran hasi zen garai hartan Otomandar Inperioaren mende zegoen palestinar lurraren okupazioa. Ordura arte, Palestinan musulmanak, kristauak eta juduak elkarrekin bizi ziren, arazo handirik gabe, etnia eta erlijioaren araberako bazterketa eta gatazkarik gabe. Guztiak arabiar sentitzen ziren, guztiek nahi zuten Otomandar Inperiotik askatzea», esplikatu zuen Saafinek.


Nortasunari eutsi


«Balfourren deklarazioari aurre egiteko iraultza sortu zenean, emakumeek ere esku hartu zuten. Une horretan hasten da kolonizazioaren aurkako palestinar emakumearen borroka. 1929an idatzi zen emakume palestinarren lehen agiria. Kolonizazioaren eta Mandatuaren aurkako borroka planteatzen zuten, hezkuntza edo osasuna bezalako eskubideak exijitzeaz gain», erantsi zuen Saafinek.


Emakumeak era askotan esku hartu zuen borrokan, kasu batzuetan baita armak eskuetan hartuta ere. Baina agian zereginik garrantzitsuena palestinar gizartearen nortasunari eustea izan zen, kolonizatutako herri gehienetan gertatu izan den moduan. Gainera, beren herrietatik kanporatutakoei oinarrizko zerbitzuak (janaria, ura, osasuna, hezkuntza…) eskaintzea ere emakumeen gain geratu zen.


1917ko abenduaren 9an sartu ziren Allenby jeneral britainiarraren tropak Jerusalemera. Britainiarrekin batera juduen unitate militar bat sartu zen Hiri Santura, agintari berrien jarreraren adierazlerik garbiena. Orduan 50.000 judu eta 500.000 palestinar (kristauak zein musulmanak) bizi ziren Palestinan.


Sionisten presio taldeak


Sionisten presio taldeak AEBetan ere lanean ari ziren. Wilson presidenteak Estatu judua Palestinan eratzea posible ote zen galdetu zien aditu batzuei. Ezinezkoa zela erantzun zioten, proiektua aurrera ateratzen hasteko gutxienez 50.000 soldadu beharko liratekeelako. Proiektua bertan behera uztea gomendatu zuten egileek, populazioaren %90arentzat oso injustua zelako. Wilsonek ez zien jaramonik egin adituei. Sionisten lobby boteretsuak indar gehiago zuen.
Palestinan bertan lehen inteligentzia erakundea 1919an sortu zuten sionistek, palestinarren mobilizazioak eta asmoak zapuzteko hurrengo hamarkadetan sekulako garrantzia izango zuen zerbitzua, eta gaur egun ere oraindik baduena. Aldi berean, hezkuntza sistema propioa, zentral elektrikoak, indar armatuak, hebreeraren indartzea eta estatu berria sortzeko ezinbestekotzat jotzen ziren oinarriak lortu zituzten sionistek. 1920an Palestinako lehen gobernadore izendatu zuten Samuelek gauzak asko erraztu zizkien.


Palestinarrek kolonizazioaren aurkako manifestazio handiak egin bazituzten ere, garaiko palestinar gizarteko buruak, familia aberatsenetako kideak, ez zeuden etsaienak bezain ondo prestatuta. Ez zuten ulertzen zer gertatzen ari zen eta uste zuten posible zela alde batetik britainiarrekin ondo konpontzea, eta, bestetik, sionistei egurra ematea. Neurri batean, azken hamarkadotan jarrera bera agertu dute PAN Palestinako Aginte Nazionaleko buruek, baina ekuaziotik britainiarrak kendu eta estatubatuarrak jarrita. Horregatik ez dute aurrera egiten.
Samuel sionista britainiarra Palestinako gobernadore izendatu zutenetik Europako juduen etorrera bizkortu egin zen. Hamar urtetan, 50.000 izatetik 175.000 izatera pasa ziren. Kristauak 100.000 inguru ziren. Palestinarren protestak ere indartu egin ziren, eta errepresioa gogortu. 1933an egindako manifestazio batean britainiarrek manifestari asko erail zituzten, eta egurra emateko garaian nabarmendu zen Faraidy koronela goraipatu egin zuten britainiarrek. Injustizia injustiziaren gainean palestinarrentzat.


Borroka armatuaren porrota


Testuinguru horretan hasi zen kolonizazioaren aurkako borroka armatua. Al Qassam siriar klerikoak eman zion hasiera. Britainiarrek berehala suntsitu zituzten bere indarrak.
Hala ere, palestinarren matxinadarako gogoa indartu egin zen. Jaffa hirian greba egin zuten juduen etorreraren aurka. Errepresioak 195 hildako eragin zituen sei hilabeteko epean. Azken urteotako irudien tankerakoak izan ziren orduan ere: britainiarrek 200 etxe suntsitu zituzten zigor kolektibo moduan, egun israeldarrek egiten duten bezala. Herritarren mugimenduak oztopatzen dituzten kontrolak jarri zituzten errepidean, palestinarrak makurrarazten zituzten... Garai hartan hasi zen espioitza elektronikoa ere: palestinarren buruek telefonoz egindako dei guztiak entzuten zituzten sionistek. Kontzentrazio esparruak ere orduan sortu zituzten. Etxeak miatzen zituzten armen bila, baina juduek ez zuten horrelako arazorik.


1936an hasi eta 1939an bukatu zen Palestinako Iraultza. Palestinarrek 5.000 hildako eta 14.000 zauritu izan zituzten; britainiarrek, 100 soldadu hilda; eta juduek, 400. Tankerako proportzioak izaten dira azken urteotan ere. Palestinarrei tokatzen zaie beti gehien sufritzea.
Aldi berean, sionisten miliziek palestinarrak izutzeko eraso armatuekin jarraitzen zuten: 68 herritar hil zituzten 1938an.


Palestinako erresistentziarentzat oso hamarkada txarra izan zen. Belaunaldi borrokalari bat deseginda geratu zen, sionisten asmoen mesedetan. Gainera, milaka juduk britainiar Armadan esku hartu zuten Bigarren Mundu Gerran: tankeak, gerra hegazkinak eta armarik modernoenak erabiltzen ikasi zuten, eta hori oso garrantzitsua izango zen hurrengo urteetan.
Bestalde, sionistak ez zeuden batere gustura britainiarrek urtero iristen zen etorkin kopuruari ezarritako mugarekin. Hala, “Patrie” izeneko itsasontzi frantsesa Haifako portuan 1.800 etorkin barruan zituela zegoela, eraso egin zioten, agintari britainiarren jarrera aldatu nahian: sionisten miliziek 260 judu erail zituzten.


AEBetara begiratzea erabaki zuten, britainiarren gainbehera ikusita. Diru asko jarri zuten mahaiaren gainean AEBetako bi alderdi nagusien kanpainak ordaintzeko. Truman presidenteak eman zien nahi zutena: urtean 100.000 etorkin judu eramateko baimena.
Britainiarren aurkako 500 eraso


Britainiarrak lehenbailehen joan zitezen, sionistek eraso egin zieten: 500 atentatu zortzi urtetan. Irgun, Stern eta Palmach ageri dira sionisten talde armatuen artean. Menahem Begin talde horietako baten burua zen. Israelgo lehen ministro izatera iritsi zen eta 1978an Bakearen Nobel saria eman zioten.


Horiek horrela, AEBek Britainia Handia konbentzitu zuten «Palestinako arazoa» NBEren esku utz zezan. Gainera, Washingtonek Liberia, Filipinak eta Guatemala bezalako herrialdeetako ordezkariei presio egin zieten Israelgo Estatua eratzearen aldeko botoa eman zezaten.
Sionistak astero elkartzen ziren Israelgo Estatua sortu ondoren egin beharreko garbiketa etnikoa prestatzeko. Herrixka bakoitza aztertzen zuten nondik sartu eta zer eraman erabakitzeko. Arabiarrez mozorrotutako komandoak ere erabili zituzten, betiere palestinarrak izutzeko asmoarekin. «Arabiarrak kanporatzea uste baino errazagoa da», esaten zuten. Ez da harritzekoa: arma zahar bat zuen palestinar bakoitzeko, armarik modernoenak eta Aire Armadaren laguntza zuten sei judu zeuden.


Jaffa hiriko erresistentzia emakume batek zuzendu zuen 1948ko apirilean, Mouhiba Khorshidek. Uniforme militarra jantzita, berak zuzentzen zituen Tel Aviven ondoan kokatutako hiria defendatu nahi zuten indarrak. Baina partida hura irabazterik ez zuten, arbitroa sionisten aldekoa baitzen. Britainiarrek kanpaleku bat utzi ondoren, gauez sartzen ziren bertara sionistak. Erabat koordinatuta zeuden. Goizean iristen ziren inguruko herrixketako palestinarrak. Tiroka hartzen zituzten.


Horrela iritsi ziren Israelen «independentzia» eta oraindik amaitu ez den palestinarren hondamendia. 1948an idatzi zen kapituluan 500 herri eta herrixka suntsitu zituzten, eta milioi bat palestinar beraien herriak eta etxeak uztera behartu zituzten. Egun 12 milioi palestinar inguru bizi dira munduan; erdia, gutxi gorabehera, Palestinan (Israelen, Gazan, Zisjordanian eta Jerusalemen). Gainerakoak atzerrian bizi dira, gehienak herrialde arabiarretan (aberrigabe moduan). Txilen dago arabiar mundutik kanpoko komunitaterik handiena: 350.000 lagun.

 

KHITAM SAAFIN- Palestinar feminista

«Oraindik ezin da esan arabiar matxinadak bukatu direnik»

Palestinako Emakumeen Batzordeen Batasuneko (UPWC) presidentea da Khitam Saafin. 17 urte egin zituen irakasle lanetan lurralde okupatuetan. Betidanik egin du bat Palestinaren askapenaren aldeko borrokarekin. Ezkerretik eta behetik begiratzen dio munduari. Bere garaian Osloko akordioetatik irtendako negoziazioen aurkako jarrera izan zuen eta orain uste du denborak arrazoia eman diola, prozesu haren helburu bakarra «palestinarren erresistentzia ahultzea baitzen». Mundu osoko emakumeen arteko elkartasuna aldarrikatzen du.


Okupazioak ba al du eraginik palestinar emakumeen egoeran?
Hitzaldi hau iragartzeko egin duten propagandari begiratu besterik ez dago: emakume bat ageri da, hesi baten ondoan. Geure lurrean mugitzeko eskubiderik ere ez dugula adierazten du. Emakume horrek erietxera joan nahiko zuen, edo lanera, edo familiari bisita egitera… Baina zain egon behar, okupatzaileek atea zabaldu arte. Hebrongo neskek, esaterako, checkpoint batetik pasa behar dute eskolara joateko; Israelgo soldaduen presiopean daude egunero. Askok eskolara gehiago ez joatea erabakitzen dute etxekoen laguntzarik ez badute, eta hori ez da beti posible izaten.


Begirale batzuek uste dute arabiar herriek beren jarrera aldatzea beharko litzatekeela okupazioari amaiera eman ahal izateko. Tunisian 2011n hasita hedatu ziren mobilizazioek ilusiorik eragin al zuten palestinarren artean?
Arabiar munduko matxinadak aro berri baten hasiera izan ziren. Oso aldaketa ikusgarriak gertatu ziren berehala Tunisian zein Egipton. Herritarrek benetan sentitzen zituzten eskarien inguruan sortu ziren, benetako demokrazia eta independentzia eskatzen baitzituzten, diktadurekin eta ustelkeriarekin amaitzeko. Oraindik ezin da esan matxinadak bukatu direnik, oraindik aldaketak etor daitezke. Egipton hauteskundeak egin behar dituzte Anaia Musulmanen inguruko prozesuaren ondoren. Siriako gerra ez dakigu norantz doan. Pazientzia izan behar dugu.

Palestinarentzat, oro har, arabiar munduko aldaketa guztiak positiboak izan dira, baina ez dakigu aldaketa horiek zein eragin izango duten gurean. Edonola ere, palestinarrok arabiar munduaren babesa sentitzen dugu, gure kontrako erasoaldirik gogorrenak izan direnean arabiarrak kalera irten baitira protesta egitera.


Europako ezkertiarren artean sekulako eztabaida sortu da matxinada horien inguruan. Siriako gerra dela-eta, batzuek diote Al Assad inperialismoaren aurkako barrikada dela, eta agintzen jarrai dezan lortu behar dela. Beste batzuek, berriz, ezin dela baztertu siriar herria, kontuan hartu behar direla bere eskariak eta bere demokrazia nahia.


Eztabaida bera sortu da Palestinan ere. Kontuan hartu behar da Ekialde Hurbilarekiko AEBen estrategia eskualde osoa etniaren eta erlijioaren araberako zati gero eta txikiagotan banatzea dela. Era horretan herrialde musulmanak ahuldu egin nahi dituzte. Libanon oso garbi ikusten da. Egia da ere demokrazia eta eskubideak eskatzen zituen matxinada egin zutela herritarrek, eta eskari horiek zilegi dira. Arazoa da Inperioak eskari horiek erabili dituela gatazka militarizatzeko; edonor hiltzeko prest dauden indar atzerritarrak sartu ditu Sirian. Oso eztabaida zaila da, egunero erailtzen baitituzte herritarrak. Siriarrek, justizia eta eskubide demokratikoak zein ekonomikoak exijitzeko borrokatzeaz gain, herrialdera iritsi diren atzerriko tropen aurka ere egin behar dute borroka. Irtenbiderik egokiena litzateke Sirian bertan bertako posizioen arteko negoziazioak egitea, atzerritarren esku hartzea saihestuko duen akordioa lortzeko.