Gorka Elejabarrieta
Datorrena

Zertarako bozkatu 25ean?

Zertarako bozkatu maiatzaren 25ean? Ez al da Europar Batasuna egun pairatzen dugun egoera latzaren arduradun nagusietako bat? Batzordearen eta Kontseiluaren aurrean Europako Parlamentuak, demokratikoki aukeratua den europar instituzio bakarra, ezer gutxi du esan eta erabakitzeko. Estatu eta multinazional boteretsuen klub pribatua bilakatu da Europar Batasuna, eta klub horretako kideen interes partikularren arabera zuzentzen dute Batasuna, herritarrei, herriei bizkarra emanez. Zertarako bozkatu orduan? Zer galdu zaigu eta, are gehiago, zer lor dezakegu horrelako instituzio batean? Hamarkada bat baino gehiago daramat Europako Parlamentuan ezker abertzalea ordezkatzen, eta urte horietako esperientzian oinarriturik uste dut Europako Parlamentua ere beharrezko borroka eremua dela Euskal Herriarentzat.

Zergatik?Zertarako?
Gatazkaren konponbideari loturik, Europako Parlamentuan eta Europar Batasunean izugarrizko lana egin da eta, oraindik ere, izugarrizko lana dago egiteko. Euskal Herriak Europar Batasuneko kide diren bi estaturen menpe egoten jarraitzen du, eta, konponbidean aurrera egiten dugun heinean,Batasuna konponbide horren laguntzaile, bultzatzaile eta bermatzaile izatea lortu behar dugu. Konponbidearen aldeko iritzi korrontea zabaltzen jarraitu behar dugu, europar instituzioetako adar guztiak blaitu arte. Era berean,Estatu espainiarraren zein frantsesaren etengabeko deslegitimazioa jorratzen jarraitu beharra dago;iraganean, egun eta etorkizunean emandako eskubide urraketa oro salatzea ezinbestekoa da. 2006ko urtarrilean sortu zen konponbidearen aldeko Friendship taldea, Euskaltzaindiak noizbait euskal hiztegira gehitu beharko duen hitza, eta geroztik ugari dira konponbidearen alde lanean buru-belarri ibili diren europar diputatuak, ideologia eta herrialde oso ezberdinetakoak gainera. Irlandako prozesuan Batasunak jokaturiko rol positiboa oinarri, Euskal Herrian ere zeregin handia duela uste dute Europako Parlamentuko diputatu askok, gero eta gehiagok. 2006ko urrian Parlamentuak konponbidearen alde onarturiko adierazpena praktikan jartzeko ordua iritsi da eta horretarako EH Bilduk Bruselan herritarrek hautatutako ordezkari bat izatea ezinbestekoa da. Gure proposamenak eta ahotsa Europar Batasuneko eremu guztietara eraman beharra dago. Duda barik, datorren legealdia estaturik gabeko herrien legealdia izango da: Eskoziak, Kataluniak, Flandriak independentziarako bidean aurrerapausoak ematen jarraituko dute, erabakitzeko eskubideak zilegitasuna irabaziko du eta herrien erabakitzeko eskubideari ateak ixten dizkiotenak inoiz baino ageriago azalduko dira. Euskal Herriak prozesu horiek guztiak lagundu behar ditu, bere egin. Erabakitzeko aukera demokraziari lotuta dagoen bezala, erabakitzeko debekuak demokrazia eza adierazten duelako. Eta borroka horretan eraginkorrago izateko Europako Parlamentuan ordezkari bat izatea ezinbestekoa da.


Europar Batasuna bultzatzen ari den proiektu neoliberal anker honen aurrean alternatibak eraiki behar dira, ezkerretik, norberak bere herrian baina baitaelkarrekin ere. Eta Euskal Herriko ezkerrak Europako ezkerrarekin batera egin behar du bide hori. Gure herri proiektua internazionalista ere badelako, urte luzeak daramatzagu beste Europa baten alde borrokan, eta bide horretan inoiz baino indartsuago jarraitu beharra dago. Europako ezkerraren debate eta ekimenetan parte hartu eta eragin behar dugu, kanpokoen ekarpenarekin gure herri proiektua hobetu eta indartzen dugulako. Beste indar progresisten esperientzia eta ekintzetatik asko dugu ikasteko,eta ekarpenak egiteko betebeharra ere badugu, urte luzez alternatibak eraikitzen dabilen herri eta mugimendua garelako. Europako Parlamentuan egoteak gure proiektua hobeto gauzatzea ahalbidetuko digu. Europako mugimendu feministak, ekologistak, ez militaristak, internazionalistak, ez inperialistak, sindikalak, independentistak, hau da, Europako indar progresistak, Euskal Herrira hurbildu behar ditugu, eta Euskal Herrikoak Europara eraman. Batera eraginkorragoak izango gara:bakoitza bere herrianbaina baita Europan eta munduan ere.
Ezker abertzalea bere sorreratik ari da Europar Batasunean lanean, inurri lana egiten, aliantzak eraikitzen, estatuen deslegitimazioa jorratzen eta gure proiektu politikoa gauzatzen eta indartzen. Estatuak etengabe saiatu dira Europako Parlamentuan egiten dugun lana oztopatzen, denetarik egin digute: Parlamentuan sartzea debekatu, kontu korronteak itxi, jarraipen eta jazarpenak, kartzelatzeak. Oraindik ere badira lan hori egiteagatik kartzelan diren kideak.

Espainia eta Frantzia dira gu Europako Parlamentuan ez egotea sutsuen desiratzen dutenak, gure ahotsak eta borrokak euren statuquo-a zalantzan eta arriskuan jartzen duelako. Josu Juaristi eta EH Bildu hautatu behar ditugu, iraganeko lanetik ikasiz etorkizun hobea eraikitzeko.•