Geure egin
Aspaldian irakurri dudan musikarekin lotutako liburu interesgarriena Michael Azerrad kazetariaren “Nuestro grupo podría ser tu vida” da, gaztelaniara itzuli berri dutena. 1981 eta 1991 artean AEBetako zenbait underground taldek izandako bilakaera jasotzen du protagonisten ahotik. Liburuak ez du musikan sakontzen, bai ordea partaideen arteko harremanetan eta ezerezetik ospera egindako bilakaeran –kontziente zein nahi gabeko– kasu gehienetan izandako tirabira eta tentsioetan.
Hamahiru ataletan banatuta dago eta bakoitza musika talde bati dagokio: Sonic Youth, Black Flag, The Minutemen, Dinosaur Jr, Fugazi, Big Black eta Mudhoney, besteak beste. Talde arrakastatsuak ia guztiak, edo gutxienez oso-oso esanguratsuak, undergroundekoak, diskoetxe multinazionalen arteko tentazioan egon ziren proposamen intentsuenak gizarteak eta merkatuak bere egin nahi zituen garai desorekatu haietan, Nirvanaren “Nevermind” diskoak eztanda egin eta guztia hankaz gora jarri zuen arte.
Asko hitz egin da Nirvana taldeko zoritxarreko gidari Kurt Cobainen inguruan: ospeak gain egin ziola, pertsona ahula zela, eta abar luze bat. Baina liburu honetan ere drama pertsonal eta bizikidetasun arazo latzak ageri dira egunerokoari lotuta ere badirenak. Ez ditut Ozzy Osborne, Keith Richards eta antzeko piztien neurriz gaineko pasarte xelebreekin parekatuko; liburukoak hezur-haragizko pertsona arrunten istorioak dira, baina dramak hauek ere hein handi batean. Gainera, liburuak bere gordintasunean erretratatzen ditu, engainurik gabe.
Eta gurera etorrita pentsatzen dut hemengo musika talde askoren proiektuek aurrera egiteko edo bizirauteko taldekideek bizi dituzten ezinak eta bizikidetzak ere ez direla makalak izango, eta kantuetako askoren jatorria hor izango dela; horregatik egingo ditugu geure. Gainera, nagusienek esaten duten moduan, sufrimendurik gabe ez dago emaitzarik. •

