Gorka Zozaia
Kimikaria
zientzia

Urteurren beste borroka

Urteurren beste borroka
Urteurren beste borroka

Ez dakit denboraren azeleratzearen seinale izango ote den, edo besterik barik, urteak dituen 265 egunak gutxiegi direla mundu zabalean, alor anitzetan, zabalik diren borroka guztientzat. Maiatza ere hilabete mugitua izaten da eta horrek ere izango du zerikusirik asteon, bost egunen buruan, borroka beste urteurren pilatzeko. Izan ere, ospakizun gutxi topatzen da efemerideetan, eta, hala, egun seinalatu bakoitzaren atzean, aldarri bat, borroka bizi bat, izan ohi da.
Nola heldu naizen urteurren andana honetaz jabetzera ere kuriosoa izan da. Aurrekoan eztabaidan izan nintzen lagun batekin 15-M horretaz zer ote den gaur eta ea “M” hori maiatzagatik edo martxoagatik ote zuen. Maiatzagatik zela ikusi eta gutxira, aste honetan bertan, 15ean bertan, euskal preso politikoei ezartzen zaien dispertsioaren urteurrena dela jakin dut, aurten mende laurdena betetzen delarik. Kasualitateak jakin-mina pizturik, Wikipedian egun honek beste urteurrenen bat jasotzen ote duen begiratzen jarri nintzen, eta, behin horretan jarrita, inguruan diren egunetakoak ere begiratu nituen.

Hamabostak berak, nazioarteko bi egun jasotzen dituela ikusi nuen lehenik, familiarena eta kontzientzia-eragozpenarena. Kointzidentzia makabroa otu zait, azkenengo 25 urteotan dispertsioak hamasei senide eta lagun hilik utzi dituenean, eta, oraindik ere, ehunka direnean erruleta errusiar horretara kondenatuta direnak. Hamaseiak nazioartean data seinalaturik ez digu uzten, baina hamazazpiak, berriz, artikulu hau argitaratzen den egunean bertan, kolore anitzeko aldarria dakarkigu. Alde batetik, LGBT ikurrak beste kolore, gaurkoa Homofobia eta Transfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna baita, 1990ean Osasunaren Mundu Erakundeak homosexualitatea buruko gaitzen zerrendatik ezabatu zuenetik. Ez dago esan beharrik ospatzeko gutxi dugula gaur-gaurkoz, besteak beste, transexualitatea psikiatria manualetan mantentzen denean.

Egia zahar horiek guztiak birziklatzeko egun aproposa ere bada gaurkoa, izan ere, Birziklapenaren Nazioarteko Eguna ere bada gaurkoa. Ez galdetu zergatik: Ecoembesen iragarki batekin topo egin baino lehen, ez dut egun honen zergatian gehiago sakondu nahi izan. Nahiago izan dut hurrengoari tira, gaurkoa ere, Telekomunikazio eta Informazio Jendartearen Nazioarteko Eguna baita, hainbat herrialdetan Interneten Eguna ere badena. Aurten lelotzat “Banda zabala garapen jasangarriarentzat” hartuta, informazio eta komunikazio teknologiek duten eragin sozial eta ekonomikoaren gaineko hausnarketa bultzatzea ei da xedea.


Izen horrekin ez diot gaiari usain onik hartzen, baina, tira, ekingo diot azkenean telekomunikazioen iraultzak dakarren hausnarketari. Nire ustez, berriz ere ezer ospatzeko baino, borrokarako ildo argi bat markatzen baitu komunikazioaren paradigma aldaketak.
Gaur-gaurkoz, deskribatzen ere asmatzen ez dugun aldaketa, sare sozial digitalak urte batetik bestera puztera edo hustera eramaten dituena, herritarren arteko harremanak eraldatzera daramana, eta, nire ustez, bereziki, sozializazio prozesu kualitatiboki berria eskaintzen ari dena gaztetxoentzat, horrek dituen inplikazio kolektibo eta baita indibidualekin, hasi identitatearen eraikuntzatik eta garapen kognitiboraino. Nago, itxuraz soilik aldaketa teknologikoa den honek, sakoneko aldaketa sozioekonomiko eta politikoak ekar/lagun ditzakeela, eta, gauzak ongi eginez gero, herritarren loraldi bat sor litekeela.

Eta loraldiak ospatzeko ere ez dirudi egun txarra gaurkoak. Kultura galegoaren rexurdimento-a ospatzen da gaur Galizian, Letra Galegoen Egunean. Kuban, berriz, Nekazaritza Erreformaren Eguna ospatzen da. Letrak eta iraultza bat hartuta, aitzakia bikaina dut artikulua ilustratzen duen Eva Forest idazlea gogora ekartzeko. Etzi egingo dira zazpi urte utzi gintuenetik, eta, hain zuzen ere, Eva Forest bera eta 88 urte bete berri dituen Alfonso Sastre omentzeko, hitzordua daukate jarria astelehenean bertan Hondarribian. Urteurrenak katramildu arren, denak borroka bakarrera ekartzeko balio beza behintzat Sastre-Forest binomio eredugarriak! •