Amalur Artola
HERRI OLINPIADAK

Bestelako aisialdi ereduak begian hartuta herriak biziberritzen dituzten ekimenak

Olinpiadek 80ko hamarkadaren amaiera aldera izan zuten sortzea eta haietan parte hartu zutenek gogoan dute oraindik ere herriak biziberritze aldera izan zuten indarra. Egun, zenbait herritan ekimen horiek berreskuratzeko lanetan ari dira. Hernaniko gazteek 2010ean piztu zuten sua; Hondarribian, aurten egin dute lehen edizioa.

Hernanin 2010ean ekin zioten Olinpiadak berreskuratzeari.
Hernanin 2010ean ekin zioten Olinpiadak berreskuratzeari.

Hiru hamarkada atzera eginda egiten dugu topo lehendabiziko Herri Olinpiadekin. Eraldaketa sasoia zen 80ko hamarkada. Ordura arte ikusi eta bizitakotik harago bestelako eredurik egon zitekeela sinesten hasia zen gizartea, oinarritzat bestelako balio eta indargune batzuk hartzen hasteko abagunea zabaldu zela. Gazteek ere mobilizatu, eztabaidatu eta euren beharrei erantzuna emango zien errealitatea eraikitzen hasteko unea zela deliberatu zuten, eta hortik sortu ziren gaur egunera arte iraun duten hainbat gizarte mugimendu, nazio mailako eragina izan dutenak horietatik asko. Baina baita ekimen xumeagoak ere, herri mailan eragin eta eraldaketa txiki bezain garrantzitsuak ekarri dituztenak. Horietako bat dira Herri Olinpiadak.

«Egin ditugun elkarrizketetatik dakigu garaiko testuingurua berezia zela. Batetik, giro politikoa gori-gorian zegoen. Bestetik, kuadrillak euren munduan egon ohi ziren, bakoitza taberna batean, eta nesken eta mutilen arteko bereizketa ere nabaria zen. Euren artean harreman gutxi izateaz gainera, hartu-eman horiek ez ziren euskaraz ematen. Eta drogaren arazoa ere hor zegoen: heroinaren kontsumoa nahiko zabaldua zegoen herrian eta, hori guztiagatik, gazteek bestelako aisialdi eredu baten beharra ikusten zuten. Drogaren kasuan, Olinpiadek irauten zuten artean kontsumoa ekidin edo, gutxienez, gutxituko zela aurreikusten zen», azaldu dute Axok eta Maitanek, egungo Hernaniko Olinpiaden koordinazio taldeko kideetariko bik. Herriko gazteek lau urte daramatzate ekimena berreskuratu eta bestelako aisialdi ereduaren aldeko lanean eta oraintxe ari dira ospatzen 2014. urteko edizioa (http://hernanikogazteasanblada.com/olinpiadak).

Hernanin, 1988an egin ziren lehen Olinpiadak. Herriko gazteak harremantzea, euskararen erabilera sustatzea eta horren beharrezkotzat jotzen zen bestelako aisialdi eredu hori eskaintzea hartu zuen helburutzat lehen lantalde hark eta, hala, bederatzi hilabeteko programazio mardula osatu zuten, batez ere kirol probez osatua (errugbia, futbola, saskibaloia, ping-ponga, eskalada...). «Proba asko izaten ziren eta, inplikazioa lortzeko, talde bakoitzak horietako bat antolatzeko ardura hartzen zuen. Ekimenak hasieratik izan zuen arrakasta eta segituan hartu zuen izaera herrikoia: taldeak kuadrillaka antolatzen baziren ere, herriko eragile ezberdinak ere parte hartzen hasi ziren eta, hala, AEK-ko taldea edo udaltzainena sortu ziren», kontatu du Maitanek. «Ideia oso politak izan zituzten. Bazegoen atrezzoak oso ondo egiten zituen talde bat eta edizio batean kanpalekua osatu zuten, tipiekin eta abar. Han egon ziren astebetez kanpatuta, eta talde bat kolonizatzailez mozorrotu eta kanpatuta zeudenak handik botatzen ahalegindu zen... Sekulako pikeak egoten ziren. Nolabait, lortu zuten bestelako eredu eta giro hori sortzea», azaldu du Axokek.

Lehen Olinpiada haiek «gauzak nola antolatzen ziren ikasteko» baliagarriak eta arrakastatsuak izan ziren, baina bi edizioren ostean etorri zen lehen etenaldia. «Ez da erraza bederatzi hilabeteko egitaraua osatzea. Olinpiadak abiatzeko lantaldea osatzen da eta amaitzean lantaldea desegin egiten da. Hasi eta bukatzen den zerbait da eta hurrengoari arra pizten zaion arte ez da berriro hasten», azaldu du Maitanek.

Eta arra beste belaunaldi bati sortu zitzaion, 1998an, hamarkada bat geroago eta giro sozial oso ezberdinean: «Euskara gehiago erabiltzen zen eta bazegoen nolabaiteko antolaketa bat, gazte asanblada, aisialdi taldeak... Gazte mugimendua indartsuago zegoen», aipatu du Maitanek. Belaunaldi berriak bere egin zituen Olinpiadak eta, hala, balore berriak gehitzen joan ziren. Taldeek, esaterako, mistoak izan behar zuten, eta probetan ere ez zen emakume eta gizonezkoen artean bereizketarik egiten. «Aurretik, errugbian adibidez, bereizita aritzen ziren neskak eta mutilak, baina 1998an ez zen halako bereizketarik egin», kontatu du Axokek. Era berean, ohiko kiroletatik urruntzen ziren probak ere antolatu zituzten, baina belaunaldi berriko Olinpiadak ere bigarren edizioan amaitu ziren: «Sarekada handi bat izan zen 2000n eta Olinpiadak bertan behera uztea erabaki zen».

Lehiakortasunaren erronka

Egungo Olinpiadak 2010. urtean abiatu zituzten. «Espero ez genuen zerbait izan zen. Gazte asanblada nahiko txukun zebilen, gaztetxea okupatu berritan geunden eta 98an aritutakoak etorri zitzaizkigun, Olinpiadak berreskuratzeko proposamenarekin», kontatu du Maitanek. Informazioa eta materiala (bideoak, argazkiak...) biltzen ari zirela ohartu ziren eskuartean zuten proposamena «oso handia» zela, eta, nola antolatu ikusteko, udaberrian mini-olinpiada batzuk egitea erabaki zuten.

Sorpresa mini-olinpiadak antolatzeko lehen bileran jaso zuten: «Espektatibak handiak izango zirela eta zerbait xumea egiteko asmoa genuen, baina lehen asanblada deitu genuenean ehundik gora pertsona azaldu ziren. Hortxe erabaki genuen ezin zutela ‘mini’ izan», azaldu du Axokek. Jaso zuten erantzunaren tamainako Olinpiadak antolatzea izan zuten erronka, eta baita egin ere. Hirugarren belaunaldiko lehen Olinpiada haietan 30 taldek hartu zuten parte, laurehun pertsonatik gora guztira, eta 80ko zein 90eko hamarkadetako zenbait talde ere aritu ziren. Adin tartea 16 eta 50 urte bitartekoa izan zen. «Erantzuna izugarria izan zen. Bagenekien Olinpiadak zerbait handia zirela, baina ordura arte ez genituen bizi. Jendearen inplikazioa, antolaketan laguntzeko prestutasuna, zuzenean parte hartu ez arren proba bakoitzaren bueltan biltzen den jendetza... Herri guztira hedatzen da Olinpiada». Maitanek, esaterako, 2010eko Olinpiadetako lehen eguna ez zaiola sekula ahaztuko dio: «Apirilaren 21a zen. Ez nuen Hernanin sekula halako ezer ikusi. Ez nuen uste guk halako zerbait antolatzeko gaitasunik izan genezakeenik eta baietz ikusi genuen, baina hori baino gehiago izan zen. Herria bera nola antolatu zen, nola mugitu zen, zenbat kolore, laguntzeko zenbat esku, zenbat jende bildu zen ekimen bakoitzaren bueltan... Lehenengo egun hori oso grabatua daukat. ‘Zer egin dugu denon artean?’ pentsatu nuen. Egun handia izan zen».

Hala ere, garai berriek erronka berriak dakartzate. Eta egungoak ere baditu bereak: lehiakortasuna eta lokalak. Lehen kuadrillak “hermetikoak” baziren, orain «paretak jarri dituzte euren arten», ziurtatu dute: «Kuadrillak eremu pribatuetan biltzeak are gehiago zailtzen ditu harremanak». Lehiakortasunak ere eman omen ditu bereak: «Zapiaren jolasa bezalako gauza sinple batean ikusi genituen tamainako jarrera oldarkorrak egotea izugarria da», dio Axokek, eta 2010ean sailkapenari su ematea erabaki zutela azaldu du. Egun, jolas kooperatiboen aldeko hautua egiten dutela dio, eta beste era bateko probak antolatzen dituztela: «Patin lasterketa gisako klasikoak mantentzen ditugu, baina boxleia, ‘humor amarillo’, errelebo lasterketak... taldea aintzat hartzen duten probak dira, eta, era berean, antolakuntzatik jarrerak saritu eta zigortu ere egiten ditugu», amaitu du.

Hondarribian herri giroa arnas

Hondarribian ere Olinpiadak (www.facebook.com/hondarribiko.olinpiadak) berreskuratzeko bidean dabiltza eta aurten ospatu dute belaunaldi berriko lehen edizioa. Larrun eta Haitz dira antolaketan parte hartu duten gazteetariko bi, eta, haien hitzetan, «aurreikuspen guztiak gaindituta» eta «herriko giroa goitik behera aldatuta» eman diote amaiera ekimenari.

Hernanin bezala, Hondarribian ere 80ko hamarkadako azken urteetan ospatu ziren lehendabiziko Olinpiadak eta 1996. urtera arte iraun zuten. «Herriko gazte bat Andoain inguruan ibiltzen zen eta handik ekarri zuen ideia. Orduan Hondarribian bagenuen gaztetxea, eta handik antolatu ziren lehendabizikoak. Lehen deialdian 18 taldek hartu zuten parte eta, arrakasta ikusita, urtero egitea erabaki zuten. Handik lau urtera, 44 talde izatera iritsi ziren», kontatu dute.

Turismoari estuki lotutako herria da Hondarribia eta, hala, neguan antolatzen zituzten Olinpiadak, baina arrakasta gehien zuen ekitaldia inauteriekin batera iristen zen: parodia musikala. «Talde bakoitzak abesti bat edo abesti sorta bat aukeratu eta parodia edo antzerkia egin behar izaten zuen. Batzuek asko lantzen zuten, urte osoa ematen zuten entseatzen; beste batzuek, aldiz, ez horrenbeste... oso dibertigarria izaten zen. Seiehun partaide baino gehiago elkartzen ziren. Kostaldeko frontoian bi mila eserleku jartzen zituzten eta guztiak betetzen ziren, harmailak ere lepo egon ohi ziren!».

Ia astebururo izaten zen probaren bat, asko kirolarekin lotutakoak, eta beste asko sormenaren arlokoak. «Hondarrezko irudiak sortzearena, adibidez. Proba bitxiak ere bazeuden, mendi garbiketa kasu: zabor gehien biltzen zuenak irabazten zuen. Normalean urtez urte aldatuz joaten ziren, baina bazeuden urtero errepikatzen zirenak ere, parodiarena esaterako».

Hernanin bezala, Hondarribian ere herriko kuadrillen arteko lotura indartzeko beharra izan zen Olinpiadak abian jartzeko arrazoietako bat eta, egun ere, hori izan da belaunaldi berriak sentitzen duen beharra. «Gutariko asko haurrak ginen 1996ko azken Olinpiada haietan eta gurasoei entzunda-eta bagenekien jarduera arrakastatsua zela, baina zer zen oso garbi jakin gabe. Gazte asanbladan bota zuten berreskuratzearen ideia eta gero handik herriko gazte guztiengana hedatu da. Nolabait, jendeak ikusten zuen Hondarribiak zerbait behar duela, herri honetan aspaldi ez dagoelako herri girorik», uste du Larrunek. Iritzi berekoa da Haitz: «Hondarribia asko aldatzen da udan eta neguan. Udan, kanpotarrak dabiltza nonahi eta noiznahi. Neguan, kaleak hutsik egoten dira. Ez dago poteo girorik, kalera irten eta beste kuadrilla batzuekin elkartzeko aukerarik. Gazteak lokaletan ixten dira, herriko punta ezberdinetan, eta helburua zen jende masa hori kalera eramatea, jendea elkartzea, harremantzea, ezagutzea».

Alde horretatik, herrian aldaketa handia eman dela ziurtatu dute bi gazteek eta hori lehen probaren ostean sumatu zutela azaldu dute. «Larunbat goiz batean egin genuen lehena, herri kirolen proba, eta, espontaneoki, bazkalostean triki-poteoa antolatu genuen. Adostutako lekura iritsi ginenean ehun pertsonatik gora zeudela ikusi genuen, jendea umore onez eta elkar ezagutzeko gogoz sumatu genuen; tabernak ere jokoan sartu ziren, garagardo botilak euro batean aterata... Haiek ere sumatzen dute herria biziberritzeko beharra, kaleak husten joan zaizkigulako», azaldu du Larrunek.

Aurtengo edizioan 17 eta 35 urte bitarteko 200 pertsonak hartu dute parte, 19 talde guztira. Bi hilabete iraun dute Olinpiadek eta maiatza hasieran eman zieten amaiera, su olinpikoaren itzalaldiarekin. «Baina badakigu ez dela hor bukatzen. Sortu dena ikusi ostean, jendea animatu eta dagoeneko galdetzen ari da, ea noiz egin behar dugun hurrengoa. Hasieran proba gisa planteatu genuen aurtengoa, eta, ikusitakoa ikusita, ziur gaude aurrera jarraituko dugula», azaldu du Haitzek.

Olinpiaden haritik herriko gazteek elkar ezagutu dutela eta harreman horien ondotik ekimen berriak sortuko direla ere aurreikusten dute. Esaterako, dagoeneko zine forum bat antolatzen ari dira. «Nik, pertsonalki, inflexio puntu bat eman dela uste dut. Denbora gutxian asko aldatu da herriko bizitza. Agian egia da orain euforia une batean gaudela, baina honek bere fruituak emango dituela sinesten dut. Hurrengo urterako ideia politak badaude jada, jendea motibatua dago eta Olinpiadek jarraipena izango dutela bederen ziur gaude», dio Larrunek.

Euforiaren ondorio izan edo ez, argi dago Olinpiadek antolaketan trebatu, gazteen zein belaunaldi ezberdinetako pertsonen arteko harremanak estutu eta herriak biziberritzeko indarra badutela erakutsi dutela. Erronka, orain, sentipen hori elikatu eta mantentzean dago.

 

OLINPIADEN HISTORIA BILTZEKO BIDEO LANAK ABIAN

Bai Hernanin eta baita Hondarribian ere, bietan ari dira euren herriko Olinpiaden historia biltzen duten bideo lanak prestatzen. Hernaniko kasuan, ekimenak irauten duen artean ikus-entzunezko Olinpik News saioa egiten du horretarako berariaz sortutako lantaldeak eta Hamaika Telebistan (ostiral iluntzeetan) zein Youtuben zintzilikatzen dute, denen eskura egon dadin. Horrez gainera, 80ko hamarkadan Olinpiadak sortu ziren garaiko argazki eta bideoak eskuratzeko lanetan ari dira, gerora horrekin «zerbait mardulagoa» egin ahal izateko. «Ez da dokumental formal bat izango. Garai ezberdinetan parte hartu izan dutenen testigantzak bildu eta argazkiekin osatuta muntaiatxo bat egitea da asmoa», azaldu dute.

Hondarribian ere antzeko lanketa egiten ari dira. Dokumentazio lana egina dute dagoeneko eta momentuz zortzi elkarrizketa egin dituzte: «Garai ezberdinetan partu hartu eta zeregin ezberdinetan aritu direnekin egin ditugu grabazioak. Batez ere Olinpiadak ze testuingurutan sortu ziren, nola antolatzen zituzten, herrian zer suposatu zuten eta kanpotik ikusten zituenak ere nola bizitzen zituen bildu nahi dugu. Edizio berriak antolatzeko orduan, baliagarria izango zaigula uste dugu», azaldu dute.