Xabier Mikel Errekondo

Emakumezkoen eskubaloia, hobea

Izugarria izan da emakumezkoen eskubaloiak azken bi hamarkadotan izan duen bilakaera, eta jokoaren arlo guztietan gainera: abiada, taktika, teknika, talde-lana, tempo edo partidaren erritmo egokia, eta abar. Mutilen jokoak, baina, erretiroa hartu nuen 2002 hartatik hona, abiadan soilik du irabazi.

Gogorra da eskubaloia, kontaktu askokoa, eta ohikoak izaten dira gihar zein hezur hausturak, erorikoak, talkak, kolpeak, urratuak eta ubelak… Exijentzia fisiko altuak berak ere egiten du erakargarri eskubaloia, eta nago horrek mutilek neskek baino hobeto jokatzen dutela pentsatzera eramaten duela asko eta asko. Ahalmen fisiko hutsa, ordea, antzu eta zatar geratzen da gainontzeko ezaugarriez blaitu ezean. Gehiegitan gertatzen da espresio fisikoak garrantzizkoagoak diren beste ezaugarriak estali egiten dituela, taktika, teknika, diziplina, talde-lana eta erritmoaren kontrola batez ere, norgehiagoka askotan guztiz desagerrarazteraino. Salbatzailearena, norbera taldearen gainetik ezartzen duena, izaten da arrazoi nagusiena. Erruz eta erraz kutsatzen den gaixotasuna, batez ere mutilengan. Hauek ez dute ikasi nahi diziplinarekin taldean lana eginaz sortzen direla norbere gaitasunen inspiraziorako aukera ugarienak. Okerrena entrenatzaileak ere ez direla konturatzen salbatzaileak zeinen kaltegarriak diren. Erraza da gaixotasunaren sintomak antzematea: partida korrika saio eroan bilakatzen da eta erasoa, batere landu gabekoa, norbanako saiakera hutsean jaurti eta jaurti. Hamar goleko abantaila hamar minututan galtzeko dinamika egokiena! Kasualitatea ote da mutilen artean baino ez dela ematen?

Ez dio Bera Berak Bartzelonako mutilen taldeari irabaziko, ez da hori kontua, baina eskubaloiaren maila gorenaz gozatzeko batak ez du bestearen inolako inbidiarik.

Maila apalagoan, Usurbilen berdin gertatu zait. Orain astebete nesken zein mutilen talde heldu biak mailaz igo egin dira. Nire zorionak soilik nesken taldeari. •