Joseba Otondo

Gure esku zer?

Zer dago gure esku? Izatez dena eta ia deus ere. Ia deus ere horretarat franko oharkabean eraman gaituzte, horretarako baliatuz produkzio sistemaren berrantolaketa, kontsumo ohiturak, eredu politikoak. Ia deus ez dagoela gure eskuetan sinestarazi nahi izan digute, bizitzeko alderdi guztiak funtsean berezkoak direla eta horiek menpekotasun eta hierarkia harremanetan antolatzen direla. Norberak du bere burua aitzinerat bakarka atera beharra.

Gure esku zer dagoen? Izatez dena. Ondokoarekin solas egitea eta solasaldian elkar aitortu eta errekonozitzea. Komunikatzea eta harremanak egitea, eta egite horretan kolektiboki antolatzea, kolektiboki gure burua ikustea eta ezagutzea auzo, herri, nazio edo klase bezala; kontzientzia hartzea. Partaidetzaren sentipena izatea eta partaide sentituta ingurukoekin borondatearen indarrean eta antolaketaren balioan sinestea. Ilusioa. Jarrera aldaketa. Bizia gure eskuetan dagoela sinestea eta hala jokatzea. Ilusioa berreskuratzea eta kutsatzea. Jakinik gure herria eta bizi dugun mundua kontrako interesen arteko talkan mugitzen direla; sistema kapitalista eta patriarkarra, izatez, indarraren erabileran oinarritzen dela eta gure bizia gure eskuetan dagoela pentsatze hutsarekin eta jarrera aldaketarekin ez dela dena aldatuko. Baina hori gabe ezinezkoa da ibiltzea. Ibiltzen hasita ikusiko da non korapilatzen den afera, interes aurkariek nola jokatzen duten eta horren aitzinean nola jokatzen dugun.

Ondokoarekin solas egitea eta herritarrak egun eguzkitsuan lipdub baten grabetan inplikatzea. Egunaren inguruan dabilen burrunba, jendeen artean sumatzen den alaitasuna, eta, ondoko egunetan, denen irrika bideoa noiz ikusten ahalko duten zain, marmarka. Ilusioa behar dugu litroka edo tonaka. •