Amalur Artola
TXIMELAGUA

Ezintasunak dituzten haur nikaraguarrak hartzen segitzeko baliabideak behar ditu Tximelaguak

Bost urte daramatza Tximelagua elkarteak Nikaraguako Matagalpa probintzian lanean. Urruneko komunitateetan bizi diren haurrei fisioterapia zerbitzua eskaini eta euren egunerokotasuna errazagoa izan dadin egiten dute lan, tokiko zentroekin elkarlanean. Orain laguntza behar dute El Tuma-La Dalian duten egoitza egokitzeko.

TXIMELAGUA
TXIMELAGUA

Tximelagua gobernuz kanpoko erakundeak (www.tximelagua.org) orain bost urte ikusi zuen argia. Donostiako hiru fisioterapeutak sortu zuten, urteetan Nikaraguara kooperante moduan bidaiatu ostean bertako haurrek zituzten beharrei erantzuna emateko ahaleginean pauso bat gehiago egiteko beharra sentitu zutenean. «Naiara, Amaia eta hirurak beste erakunde batzuen bidez joaten ginen, baina konturatu ginen behar bereziak zituzten haur asko zeudela eta erakunde hura ez zela denengana iristen. Ezin zuten», azaldu du Luciak, Tximelaguako hiru sortzaileetariko batek.

Nikaraguan hirietako fisioterapia pediatrikoko zerbitzuak «nahiko txukunak» diren arren, hirien kanpoaldean eta landa-guneetan bizi diren haurrek horietarako sarbidea edukitzeko zailtasunak zituztela ikusi zuten hiru donostiarrek eta, hala, haur horiek bilatu eta euren beharrak zeintzuk ziren aztertzeari ekin zioten. «Gure kabuz bidaiatzen hasi ginen, zer egin genezakeen ikusteko. Konturatu ginen urrunago bizi diren haur horiek ezin zituela inork artatu, batzuetan ezin dutelako euren etxeetatik irten ere egin, urruneko landa-guneetan bizi direlako eta ez dutelako gurpildun aulkirik, ezta eramango dituen inor edota garraiobidea lortzeko bitarteko ekonomikorik ere. Zenbait errepide oso gaizki daude han eta 20 kilometro egiteko bi ordu behar izaten dira askotan... Hura ikusita zerbait egin behar genuela erabaki genuen; motibazioa eman zigun bertakoen maitasunak eta bidean topatu genituen guztiek gurekin elkarlanean aritzeko erakutsi zuten prestutasunak», azaldu du Luciak.

Hala sortu zuten, 2009an, Tximelagua. Egoitza nagusia Matagalpa probintziako iparraldean dagoen El Tuma-La Dalia udalerrian finkatu zuten, bertan antzeman baitzuten behar gehien eta zerbitzu gutxien zutenen kopuru nagusia, eta ordutik fisioterapia pediatrikoko hainbat proiektu garatu dituzte Nikaraguako puntu ezberdinetan. Eurak urte osoan bertan egon ezin dutenez, zentroaren egunerokotasunaz bi nikaraguar arduratzen dira. Candida Rosa batetik, zentroaren koordinatzailea eta hara joaten diren kooperanteez arduratzen dena, eta Ana, euren egunerokotasunean haurrak hartzen dituen fisioterapeuta.

Udal agintariekin elkarlana

El Tuma-La Daliako Udalarekin eskutik helduta egin du bere ibilbidea Tximelaguak. Landa-guneko herri honetan ez zuten fisioterapia pediatrikoko zerbitzurik eta orain bost urte akordioa sinatu zuten bi aldeek: elkarteak inguruko haurrek zituzten beharrean balorazioa egitea eta horien familiak aholkatzea eskaini zien, baita fisioterapia areto bat egokitzeko materiala eta komunitate ezberdinetara joan ahal izateko ibilgailua ekartzea ere. Udalak haurrak eta beren familiak hartzeko lokal bat utzi zien eta herrira joaten ziren kooperanteei ostatua ematen zien, baita kamionetarako erregaia ere. Hasieran lokalari baiezkoa eman bazieten ere, euren beharretarako egokia ez zela ikusi eta baliabideak izan zituztenean alokairuan hartu zuten beste bat.

Hala sortu zen Katuka, lehen proiektua, eta hura amaitutzat ematean heldu ziren Katua 2, Pausoka eta Saltoka. «Egia esan, bata bestearen jarraipena dira. Lehen helburua haur horiei fisioterapia zerbitzua eskaintzea zen, euren garapena eta bizi kalitatea hobetzeko behar zituzten materialak eta bitartekoak eskaintzea, eta baita zerbitzu hori urrutien dauden komunitateetara iristea ere; gugana etorri ezin duten haur horiengana gu joatea», azaldu du Luciak.

Behin martxan jarrita, inguruko zentroekin ere elkarlanean hasi ziren: «Nikaraguan badaude nazio mailan aritzen diren zentro batzuk, Pipito izena dutenak. Hiri handietan, Managuan adibidez, oso ondo funtzionatzen dute eta haurrei behar dituzten baliabideak eskaintzen dizkiete. Baina herrialdeko gainerako guneetan oso prekarioak dira. Han zentroak ezintasunen bat duten haurren amengatik funtzionatzen dute, askotan fisioterapeutarik gabe. Formazio txiki bat jaso eta ahal duten moduan egiten dute aurrera. Gu Pipito horiekin elkarlanean aritzen gara, San Ramonen, Ciudad Darion...». Baita Matagalpako errekuperazio nutrizionaleko zentroan ere. «Han desnutrizioa duten haurrak hartzen dituzte, eta askok atzerapen psikomotorrak izaten dituzte. Astean behin edo bitan estimulazio psikomotorra egiten diegu», azaldu du. La Daliako zentroan 45 haur eta euren familiak hartzen dituzte, eta guztira bost herritako Pipitoekin aritzen dira elkarlanean.

Euren egunerokotasunean, eskura duten materiala erabiltzen dute haurrei behar dituzten tratamenduak eskaini ahal izateko. La Daliako zapatari «ikaragarri jator batek» laguntzen die haurrentzako barne-zolak egiten, udatan joaten den podologo kooperante batek utzitako argibideak jarraituz. Igeltsuzko ferulak ere sortzen dituzte, deformazioak ekiditeko: «Koltxoi posturalak egiten ditugu eta hemendik bidaltzen diren erabilitako ferulak egokitzen ditugu hango haurrentzat, nola edo ahala egokitzapenak egiten saiatzen gara eta, ezin dugunean, guk sortzen ditugu. Igeltsuzko bandekin moldeak egiten ditugu, egoki posiziona daitezen. Garuneko paralisien kasuan, adibidez, haurrak bere burua eserita mantendu ezin badu egokiena, eta merkeena, igeltsuzko moldea egitea da. Hemen ere egiten da. Haurrak eserita zein zutik egoten laguntzeko dira, aldakak posizionatzeko eta abar. Halakorik egin ezean, urte batzuen buruan arazo ortopediko larriak eta min handia izaten dute».

Gainerakoan, eskorgak, gurpildun aulkiak, makuluak, oinetako ferulak... denetariko materialak bildu eta bidaltzen ahalegintzen dira eta, alde horretatik, eskertua agertu da Lucia: «Bidalitako materialetik asko bigarren eskukoak dira. Lan egiten dugun zentroetako haurren gurasoek ematen dizkigute, haurra handitu eta jada ez dituztelako behar. Askotan lortzen dugun materiala ez da bertako haurrentzat egokiena, baina hori ezer ez edukitzea baino askoz hobea da. Eta asko eskertzen dugu ekarpen hori. Baita kooperanteen eskaintza ere: askotan ezezkoa eman behar izaten diegu, ezin ditugulako bere burua eskaintzen duten kooperante guztiak hartu».

Zentroa egokitzeko laguntza

Orain artean Tximelagua zentroaren egoitza alokairuan hartua izan badute ere, diru laguntzen beherakadaren ondorioz hura utzi eta El Tuma-La Daliako Udalak eskainitako egoitzara aldatu behar izan dute. «Abuztutik gaude bertan eta, lokal hau hasieran eskaintzen zigutena baino hobeto badago ere, sarbide oso txarra du eta inguruan ez du segurtasun hesirik. Etxearen bueltan terreno zati bat dago eta, hura hesituz gero, segurtasunean irabazteaz gainera zain egon behar izaten duten familiek erabili ahalko luketen eremua izango genuke».

Egokitzapenak egun pitzaduraz josia dagoen sarrera egokitzeko 350 metro inguruko arrapala egitea eta babes-hesi bat sortzea hartzen ditu barnean eta, horretarako, 3.375 euro inguru behar dituzte. Laguntza eman nahi duenak 5 eurotik hasi eta 500 eurorainoko ekarpenak egin ditzake Bedatsy crowfounding plataformaren bidez (http://www.bedatsy.com/accesibilidad-muro-de-proteccion-eu), eta, trukean, eskertza ezberdinak jasoko ditu, postal batetik hasita Nikaraguan zehar hiru eguneko bisitaldiraino. Hogei egun barru amaituko da diru laguntzak emateko epea. «Horrela zentroa egokitu ahalko genuke eta baita hango familien bizi kalitatea hobetu ere, asko bi ordu oinez ibili ostean iristen direlako gure zentrora, haurrak besotan dituztela, eta tratamendua jaso ostean agian hiru ordu egon behar izaten dute euren komunitatera iristeko autobusaren zain. Horrela haurrek eta bere familiek gehiago disfrutatu ahalko lukete espazio hori, izan ere, behin hesituta, bertako zelaia egokitzeko asmoa dugu egonaldia atseginagoa izan dadin. Ekarpen txikiekin aldaketa handia egin daitekeela uste dugu», amaitu du Luciak.