Aitor Etxebarria

Abreu

Munduko futbol txapelketa hasi da eta futbola maite dugun estaturik gabeko herrietako biztanle asko umezurtz egoten gara halakoetan. Gure selekzioa halako txapelketa batean ikusteko eguna iritsiko da, baina, bitartean, txapelketok nahiko modu aseptikoan jarraitu izan ditut orain artean. Ez dut sekula modu sutsu batean selekzio hau edo beste babestu. Ze bi selekziok ez zuten irabazle izan behar soilik izan dut argi, baina hori ez da mundiala bizitzeko modurik aproposena.


Aurreko astean Uruguaiko Parlamentuan Euskal Herriko gatazka politikoaren konponbidearen alde antolaturiko konferentzia jarraitu nuen. Harriturik eta hunkiturik ikusi nituen horren urrun dagoen herri hartako jendartearen gehiengoa ordezkatzen duten alderdi, gobernu kide, eragile sozial eta pertsonaia publikoak gure herriaren alde, konponbidearen alde. 1994ko Filtroko operazioko irudiak etorri zitzaizkidan burura.


Sinatzaileen zerrenda banan-banan irakurri nuen, izen asko, ezezagunak gehienak niretzat, diputatuak, ministroak, lehendakari ohiak, sindikatuak, irakasleak, denetarik. Eta guztien artean hara non aurkitzen dudan Sebastian El Loco Abreurena, eta burura etorri zitzaidan lehen irudia 2010eko munduko futbol txapelketako final laurdenetako Uruguai-Ghana partiduan (nire ustez mundial hartako partidurik ederrena), penaltietan, El Loco berak Ghanari sarturiko penaltia. Panenka erara sarturiko gola. Eta pentsatu nuen: «Aupa hi, oraingoan bakearen etsaiei sartu diezun gola kristorena izan da». Eta, hau guztia, aurten munduko txapelketan ez naizela iraganean bezala umezurtz izango esateko: Uruguaik zale bat irabazi du. Eta seguru nago nirekin batera asko direla Euskal herrian ni bezala egingo dutenak. •