Gorka Zozaia
Kimikaria
zientzia

Euskal herritarrak tropikalizatzen

Fidel Castro Ruzi egindako elkarrizketekin osatutako «Cien horas con Fidel» liburuko 19. kapitulua: «...la teoría y la práctica del socialismo están por desarrollar y por escribir». Bere herriko buruzagiaren hitzok hautatu ditu Jesus Pastor Garcia Brigos Kubako pentsalari eta militanteak, kubatar esperientzia eta egungo erronken berri emateko hitzaldietan, sarrera lelo gisa. Dagoeneko Iruñean eta Donostian hitzaldi ireki bana egina du, eta heldu den astean Bilbon izango da –astelehenean, 18:30ean, EHUko Esperientzien Gelan “La transformación socialista en Cuba y el socialismo como sistema” hitzaldia emango du, eta, asteartean, ordu berean, Sanfrantziskoko Udaltegian, “El papel de la Conciencia nacional en la Historia de Cuba. Momentos clave en la Cuba socialista” hitzaldia–.

Artikulu honekin, bistan denez, gonbita luzatu nahiko nuke Fisikari, Filosofo eta Ekonomilari aditu izateaz gain aktibismo politiko etengabeko lagun hau –kide edo compañero hobe esanda– ezagutu eta entzutera. Ez dugu bizimodu frenetiko honetan pentsatzeko denbora askorik hartzen, baina egiten dugunean askotan jende berdinarekin izaten da, korapilo berdinetan trabatzeko, eta Jesus Pastorrekin, egun pare batez, aukera izango dugu korapilo berdinei beste ikuspuntu batetik begiratzeko, edota korapilo horietako batzuk Kuban nola gainditu izan dituzten ikasteko. Era berean, partekatzen dugun globoaren gaineko irakurketa partekatzeko aukera paregabea izango da, munduari beste ikuspuntu batetik –ikuspuntu pribilegiatu batetik– begiratzen dion behatzaile baten eskutik. Zientzialari bezala, ezin da halako ezagutza iturria pasatzen utzi, errealitate konplexu hau ulertzeko ikuspegi eta interpretazio bakoitza ez baita nahikoa.

Ez naiz hemen bere tesietan luzatuko, dena esan nahian ez bainuke ezer argi esaten asmatuko. Niretzako Fidelen zitak jasotzen duen esentzia da bere ekarritik garrantzitsuena; ez dagoela, finean, Historia idazteko errezetarik. Nik gehituko nuke, are gutxiago gaur egun, izendatzen zaila den aro aldaketa baten erdi-erdian aurkitzen baikara. Askotan esaten dudan gisara, konplexutasuna gako duen abagune batean. Egunotan irakurtzen ari naizen Alfonso Sastreren azken liburuan (“Hacia un socialismo de las multitudes?”), honela lotzen ditu madrildarrak konplexutasuna eta iraultza: «‘Errealitateaz’ –finean zientzialari eta filosofoen (eta, more, imajinario, poeta eta artistena oro har) bilaketen azken helburua dena– baieztapen ziur bat egin baliteke, gertakizun ‘konplexu’ bat dela da, deskodifikatzen zaila...». Eta errealitatea irakurtzea konplexua bada, are konplexuagoa da jendetzaren (multitud) konplexutasunaz aritzea.

Sastreren aburuz, “pentsamendua-ekintza” dikotomia abstraktua iraultzeko bideak zabaltzen dira azken urteotako mugimendu anitzetan emandako dinamikei so, izan ere, aritzen den bitartean “pentsatzen” duen eta pentsatzen duen bitartean “aritzen” den jendetza ikusten du. Pentsamendu berekoa naiz ni ere, jendetza osatzen dugun norbanakoek inoiz baino informazio eta baliabide gehiago ditugula, eta prestatuagoak gaudela informazio eta baliabide horiek baliatzeko. Horregatik, guztiz bat nator Sastrerekin zera baieztatzen duenean: «Bila dezagun beste bideetatik, ‘izaera leninistako’ partiduak hiltzat eta lurperatutzat arinegi eman barik. (...) heldu da unea planteatzeko, hurrengoan (jendetzaren sozialismoan), hori ezin dela gertatu». Hain zuzen ere, Jesus Pastorrek Kubako iraultza sozialista deskribatzen duenean, konstante bat da ere “iraultza herritarrek egiten dute” ideia, haiek baitira funtsean aldaketa ororen subjektu.

Askotan mintzatzen gara “masaz”, kanpotik hitz eginez bezala, gainetik. Baina iraultzaileok oroitarazten digute jendetza ez dela “ona edo txarra”; gu geu garela jendetza, eta gutako bakoitza dela konplexutasun horren isla. Nago, gurean gakoa dela gaur jendetza antolatzeko, elkar komunikatzeko, artikulatzeko era berriak asmatzea. Eta horretarako, zientzia baino, artea behar dugula, imajinazioa; utopiarantz urratsak ematen asmatzea. Izan ere, Sastrek azken liburu horretan Antonio Machadoren hitzetan ondo jasotzen duen bezala: «Caminante, no hay camino, se hace camino al andar. Caminante, no hay camino sino estelas en la mar». •