Katu Arkonada
analisia

Herri pobretuen gailurra

Gaur eta bihar egingo da Boliviako Santa Cruz de la Sierran G77+Txina taldearen gailurra, erakundeak mende erdia betetzen duenean. Egileak hitzordu horren garrantzia azaltzen du, G77 taldeak urteotan lortu duena esplikatzeaz gain.

 Herri pobretuen gailurra
Herri pobretuen gailurra

G77+Txina izeneko taldean 133 herrialde daude gaur egun. Aurten betetzen ditu 50 urte, Evo Morales Boliviako presidentea erakundeko presidentetzan dagoela. Latinoamerikako, Karibeko, Asiako eta Afrikako 35 estatuburu inguru biltzekoak dira Boliviako Santa Cruz de la Sierra hirian.
Garrantzi geopolitiko ikaragarria duten bi bloke daude gaur egun G77+Txina taldearen barruan. Alde batetik, ALBA (Gure Amerikako Herrientzako Aliantza Bolivartarra): gailurrean izango dira Raul Castro (Kuba), Rafael Correa (Ekuador) eta Nicolas Maduro (Venezuela), iraultza bolivartarrari elkartasuna adieraztea inoiz baino garrantzitsuagoa den momentuan. Beste blokea BRICS bezala ezagututakoa da, Errusia faltako den arren, Txinak, Indiak, Hegoafrikak eta Brasilek goi mailako ordezkaritza bidaliko dutela baieztatu baitute.


BRICS blokeko herrialdeetan planetako populazioaren %42 inguru bizi da, eta bertako jarduera ekonomikoa munduko barne produktu gordinaren %20tik gora izatera iristen da. Aipatu herrialde horiek erabakigarriak dira egun bizi dugun polo bakarreko mundutik polo anitzeko mundura edo mundu multipolarrera trantsizioa egiteko. Geopolitikaren taulan BRICS blokeko herriek egin dituzten azken mugimenduei erreparatu besterik ez dago horretaz konturatzeko: Siria eta Ukrainako krisietan izan duten eginkizuna, Txinak eta Errusiak adostu berri duten 400.000 milioi dolarreko energia akordioa eta ia Amazonia osoa bere esku duen Brasilek azken urteotan izandako hazkunde ekonomikoa.


Oso garrantzitsua da G77+Txina izeneko taldearen eginkizuna. Izan ere, 1955ean Indonesiako Bandung hirian egin zen konferentziaz geroztik ez da iparralde kapitalistari aurre egiteko ahaleginik sortu.


1955ean Afrikako eta Asiako 29 herrialde elkartu ziren, horietako asko deskolonizazio eta independentzia prozesuetan sartuta zeudenak. Bilera hura Lerrokatu Gabeko Mugimenduaren sorrera eragingo zuen hazia izan zen. Geroztik ez da ezer egin iparraldeko herrialde kapitalisten nagusitasunari aurre egingo dion kontrapisua sortzeko. Nagusitasun horren ondorioz, Nazio Batuen sistema osoa mendean dute. Noizbait aldatu beharko da erakunde hori. Hobe esanda, demokratikoagoa izango den beste batek ordezkatu beharko luke.


Hiru ekarpen


G77+Txina taldearen historia eta jarduera aztertuz gero, hiru ekarpen handi nabarmendu behar dira. Hiru ekarpen horiek nazioartean zein Nazio Batuen Erakundean Boliviako Estatu Plurinazionalak garatzen duen Herrien Diplomaziarekin lotuta daude.


1974an G77 taldeak hamar urte bete zituen. “Nazioarteko ordena ekonomiko berri baten ezarpenari buruzko deklarazioa” Nazio Batuek onartzea lortu zuen orduan. Aipatu ordenak zuzentasunean, berdintasunean, burujabetzan, interdependentzian, ororen interesetan eta estatu guztien lankidetzan oinarrituta egon beharko luke, herrialde horien sistema ekonomikoa eta soziala edozein izanda ere. Sistema kapitalista sistema ekonomiko posible bakarra dela dioen ideia kinkan ipini zuen.


1986an “Garapenerako eskubideari buruzko deklarazioa” bultzatu zuen G77 taldeak. Testu hartan esaten zen herrialde pobretuek eta garapen bidean daudenek garatzeko eskubidea dutela; giza eskubideen ondoan ipini beharreko elementu moduan defenditu zuten aipatu eskubidea. Adierazpen hark jasotzen zituen deskolonizazioa, herrien autodeterminazioa eta garapen bidean dauden herrialdeen aldarrikapen garrantzitsu bat: herriak direla herrialde bakoitzeko baliabide naturalen jabe.


Azkenik, klima aldaketa eta garapenari buruzko gailur ezberdinetan G77+Txina taldeak funtsezko bi elementu jarri ditu mahaiaren gainean krisi klimatikoari aurre egiteko, kapitalismoaren krisiaren zati bat besterik ez den beste krisi horri aurre egiteko: herrialde guztiak, Iparraldekoak zein Hegoaldekoak, direla erantzule, baina maila ezberdinetan; eta herrialde industrializatu eta kapitalistek Hegoaldeko herriekiko duten zor klimatikoa.


Bolivian egingo den G77+Txina taldearen gailurrak ematen dituen emaitzen balorazioa egiteko garaian, testuren batean adieraziko diren emaitzak neurtzerakoan alegia, oso kontuan hartu beharko dugu neoliberalismoaren ondorengo trantsizioa eraikitzen ari bagara, gure nazioarteko harremanek ere neoliberalismoaren ondorengoak izan beharko dutela.


Alde batetik, behar-beharrezkoa da Hegoa-Hegoa harremanetan sakontzea, Iparralde kapitalistak ezarritako garapen ereduak politikoki zein ekonomikoki atzean uzteko. Hugo Chavez komandanteak 2002ko urtarrilean, G77 taldearen presidentetza hartzean, mundua, artifizialki mundu ezberdinetan zatitutakoa, “Titanic” itsasontziarekin alderatu zuen: bidaiariak kategoria ezberdinetakoak izan daitezke, baina ontzia hondoratzen bada, guztiak hondoratuko gara itsasontziarekin batera. Ezin dugu onartu kapitalismoak planeta hau hondoratzea, munduko herri guztiak berarekin eramanez.


ALBA erakundearen printzipioetan oinarritu behar dira Hegoa-Hegoa harremanak; osagarritasunari eta elkartasunari eman behar zaie lehentasuna, lehiakortasunari eman beharrean. Printzipio horiek oinarritzat hartuta sakondu ahal izateko, G77 taldearen presidentetza hurrengoari emateko egin zen ekitaldian Chavezek berak proposatu zuen tresna bat geureganatu beharko genuke: Nazioarteko Funts Humanitarioa.


Funts Humanitarioa


Pobreziari, goseari, desertifikazioari eta gaixotasun endemikoei benetan aurre egiten lagunduko liguke Nazioarteko Funts Humanitarioak, hau da, heriotzari aurre egiten. Nola finantzatu Nazioarteko Funts Humanitarioa? Kanpo zorraren, Fidel Castrok «betiko zorra» deitzen zuen horren ehuneko batekin, gastu militarren ehuneko batekin eta transakzio espekulatiboei mundu osoan ezarri beharreko zerga batekin. Hegoaldeko Bankua Hegoa-Hegoa Bankua bihurtu beharko genuke.


G77 taldearen historiaren oinarrizko beste zutabeetako bat deskolonizazioari dagokiona da. Zentzu horretan, premiazkoa da egoera neokolonialei erantzun egokiak ematea. Latinoamerikari dagokionez, Malvina edo Falkland uharteen, Puerto Ricoren eta Guantanamoren subiranotasuna berreskuratu beharko litzateke, eta Boliviak jasaten duen itxialdia konpondu. Deskolonizazioari kulturartekotasuna erantsi behar zaio derrigorrez, kapitalismoak duen nagusitasunaren aurrean kulturaren arloan ere lehian aritzeko.


Eta kulturaz ari garenez, ezin ahaztu, batez ere Venezuelan gertatzen ari den guztia kontuan hartzen badugu, komunikazioaren edo hedabideen alorrean ere nagusitasun hori kinkan ipini behar dugula. Terrorismo informatiboari aurre egin behar zaio Hegoaldearen eta Hegoaldearentzat nagusitasunaren aurkako komunikabideak sortuta, TeleSUR eta HispanTV kateak bezalakoak.


Azkenik, CELAC erakundeak aurten bertan plazaratu duen Habanako Deklarazioaren espiritua geureganatu beharko genuke. Latinoamerika “bake esparru” izendatu zuen Habanako testuak. Bakearen Hegoa-Hegoa geopolitika bultzatu behar dugu. Beste gauza askoren artean, geure herrialdeak desmilitarizatu behar ditugu, geure herrialdeek ez baitute estatubatuarren inolako base militarrik izan behar. Espioitza eta beste herrialde batzuetan eskua sartzea ezin ditugu onartu.


Horren guztiaren helburua justizia soziala aurkitzea da, horixe baita geure herrien askatasunaren bidea. G77 taldearen presidentetza 2002an hartu zuenean Hugo Chavezek, Simon Bolivar bera gogoan, adierazi zuenez: «Justiziak irabaztea lortzen badugu, askatasunak irabaziko du».