Iratxe Urizar
Datorrena

Justiziazko errelatoak eta mendekuzko errelatoak

Egunotan Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseiluaren 26. batzarra burutzen ari da Genevan, urteko hiru hitzorduetako bat. Bertan, giza eskubideen egoera aztertzen da, bereziki munduan zehar emandako giza eskubideen aurkako erasoak. Hemen harrapatu nau, beraz, Estatu espainoleko Auzitegi Nazionalak 40 gazte independentistak absolbituz emandako epaia. Hainbatetan juridikoki sostengaezinak ziren epaiak oparitu dizkigun epaitegi berezi berdinak, oraingoan, defentsako abokatuek urte luzetan planteatutako hainbat gai jasotzen ditu modu zabalean argumentatutako epaian. Jurisprudentzia ahoan hartuta, nazioarteko hainbat gomendio aldarrikatzen dira, hala nola Espainiako Gobernuak sinatutako baina orain artean epaileek ezagutzen ez zituztela zirudien hainbat nazioarteko hitzarmenetako artikuluak ere. Epaiaren irakurketan kontzentratzea ekidinezina bihurtzen zaidan unean bertan, biltzeko eskubidearen arloko Nazio Batuetako kontalari berezia den Maina Kiai aurreko egunean aurkeztu berri duen txostenaren inguruan zehaztapenak botatzen ari da: «Estatuek segurtasun nazionala babesteko bidezko eskubidea badute ere, berau ezin da inoiz ere ahots kritikoak isilarazteko aitzakia moduan erabili».


Badaude epaian elementu objektiboak, esaterako, Estatu espainiarretik kanpo atxilotutakoek ez zutela inolako deklarazio autoinkulpatoriorik sinatu, bai, ordea, Madrilen inkomunikatutako ia guztiek (arraroa, ezta?). Bestelako elementu interesgarriak ere aipatzen dira; adibidez, atxiloketa inkomunikatu baten ostean baldintza berdinetan ematen den deklarazio judizialak ez dituela beharrezko bermeak betetzen froga balioa izateko. Ofiziozko abokatuaren paperean ere sartzen da, gertatzen denaren lekuko isil hutsa den figura hori; abokatuarekin elkarrizketa pribatu eta konfidentzial bat izatearen balioa azpimarratzen da, eta hori gabe deklarazio aske bat izateko bermea errespetatzen ez dela baieztatzen du epaiak, konfiantzazko abokatuaren balioa berresteaz gain. Gogoratu behar denez, modu estali edo ez hain estalian, hainbat alditan ikusi dugu azken urteotan nola kriminalizatu den konfiantzazko abokatuaren figura... Ai, Frank La Rue adierazpen eta iritzi askatasunerako kontalari bereziak hainbat gobernuz kanpoko erakunderi eta enbaxadoreri emandako erantzuna galdu dut ia-ia! Aurkeztu duen urteko txostenaren oinarrietako bat prentsa askatasuna babestearen beharra da, eta hitzartzeetan ere luze eztabaidatu da horren inguruan.


Ideia horrek prentsa espainiarrak 40 gazteak akusatuen aulkira eramatea ahalbidetu zuen makinaria guztiari argudioz betetako kritika egiten dion epai honen berri nola jaso duen errepasatzera eraman nau. Hara, epaian bertan aipatzen da egunkari batean argitaratutako argazkian atxilotutako nesketako bat antifaz batekin azaltzen dela (atxilotuari ikusmena galaraztea tortura edo tratu txar bezala kontsideratuta dago). Neska horren tortura testigantzak eta bereziki berak eta atxilotutako neska gehienek sufritu zituzten tortura sexualen lekukotzak ere jasotzen dira epaian. Espainiako prentsan, hori bai, komentario bakar bat ere ez zen izan atxiloketen garaian, eta, noski, orain ere ez da komentario bakar bat izan. Absoluzioa kritikatu baino ez dute egin, polizia sindikatuei ahotsa eman, epaiak polizien bertsioa hitzez hitz desmuntatzen badu ere adituen txostenak banan-banan ezerezean utziz. Epaiak baina tortura lekukotzak jasotzen ditu eta tortura frogatzeko dugun instrumentu posible bakarra den Istanbuleko Protokoloa aipatzen du: «protokoloa erreferentziazko dokumentua da, torturaren dokumentaziorako eta ikerketarako lehen nazioarteko arau bilduma jasotzen du-eta». Hau da, Auzitegi Nazionaleko bertako auzitegi medikuek onartzen ez duten protokolo bera.


Prentsari azken begirada bota diot, azken atxilotua inkomunikatuta dagoela dio; “ETAren frankotiratzailea” deitzen diote. Gaur inoiz baino gehiago, honakoa egiazta dezakegu: gizartea ez dago torturatzen dela sinisten dutenen eta sinisten ez dutenen artean banatuta, torturaren kontra daudenen eta berau onartu eta babesten dutenen artean baizik. •