Unai Fernandez de Betoño
Arkitektoa
arkitektura

Merkataritza guneek itota

 Merkataritza guneek itota
Merkataritza guneek itota

Azkenean Euskal Herrian ere lehorreratzen ari da Mercadona valentziarra. Baita etenik gabe lehorreratu ere. 2013ko urtarrilean ireki zuen lehen supermerkatua, Iruñerriko Antsoainen, eta, Nafarroan beste lau saltoki ireki ondoren (Lizarran, Arangurenen, Iruñean eta, azkena, Tuteran), Araba dauka orain jomugan. Soilik Gasteizen beste lau supermerkatu ireki nahi ditu, gutxienez, EAEko lehen Mercadonak izango direnak: Armentiagainan, Eharin, Olarizun eta Salburuan. Aipatutako guztiak, 1.600 metro koadro inguruko salmenta azalerakoak, marka horrek ohi duen bezala. Supermerkatu handiak dira, hortaz, baina ez hipermerkatu edo merkataritza gune erraldoiak (2.500 metro koadroko salmenta azalera baino handiagokoak jotzen dira halakotzat). Hala ere, Nafarroan ez bezala, non supermerkatuak herrialdean zehar sakabanatzen ari diren, hain epe laburrean eraikitako azalera tertziario berri horrek guztiak batuta, hainbat desoreka sortarazi ditzake dagoeneko aski desorekatuta dagoen Gasteizko hiri ekosisteman, lauren artean beste hipermerkatu handi baten azalera osatzen dutelako.

Merkataritza gune dezente badaudelako jadanik Gasteizen. Biztanleekiko proportzioan, Bizkaiko edo Gipuzkoako hiriburuetan baino dezente gehiago (Udalmap, 2012). Bitxia, elikadura subiranotasunaren alde apustu egin nahi omen duen udalerri baterako: 2009ko “GEO Vitoria-Gasteiz” eta 2010eko “Vitoria-Gasteiz: ciudad neutra en carbono” udal txosten interesgarriek tokiko agroelikadura sistema baten alde egin zuten, esaterako; eta Abetxukuko “Basaldea” udal ortuen proiektu aitzindariak, halaber, tokiko enpleguaren, nekazaritza ekologikoaren eta tokian tokiko kontsumoaren alde egingo du laster, behingoz egitasmo abian jartzen denean. Horrexegatik da hain zaila ulertzea aldi berean merkataritza azalera ertain eta handien alde aurrera eramaten ari den hiri politika hau, gertuko agroelikaduraren erabat aurkakoa dena.

Hirigintza aldagai hori gehi dakioke, hain zuzen ere, pasa den martxoaren 6an Gasteizko Bilduk plazaratutako «Agroelikadura Udal Plangintza» txosten argigarriari. Edo, gehitu baino, soilik zabaldu, txostenak hirigintza ikuspegirik eduki baduelako. Esaterako, iradokitzailea bezain egingarria da oraindik eraiki gabeko Errekaleorreko sektorerako proposatutakoa: lurzoruaren desklasifikazioa, urbanizagarritik urbanizaezinera, nekazaritza ekologikoaren formaziorako eta ustiaketarako 33 bat hektareako lur-banku bat sortze aldera. Hau da, planifikatuta zeuden eta gaur egun eskaerarik ez duten beste 1.500 etxebizitza berri eraiki ordez (Gasteizen mila bostehunaka eraikitzen da azken hamarkadan), tokiko elikadura ekoizpena eta salmenta, eta haren inguruko enplegua eta hezkuntza sustatzeko interes orokorreko asmo handiko proiektu bat abian jarri.

Horrelako ekimen urbanistikoagoak aurrera eramaten hasten ez bagara, autokontsumo taldeen dinamika bultzatzeaz gain, elikadura subiranotasunarena azaleko kontu bihurtzen buka daiteke, merkataritza guneek itota. Non eta 2014ko “Gastronomiaren Hiriburuan”.