Jose Angel Oria
LAN ESKUBIDEAK

Seattle, gutxieneko soldata orduko 15 dolarrera igo duen AEBetako lehen hiria

Gutxieneko soldata igotzea tresna eraginkorra da AEBetan gero eta jasanezinagoa den ezberdintasunari aurre egiten hasteko. Horren jakitun, Seattleko Udalak gutxieneko soldata 15 dolarrera igotzea erabaki du. Janari lasterreko jatetxeetako langileek beste herritar askoren babesa lortu dute beren mobilizazioetan.

 Seattle, gutxieneko soldata orduko 15 dolarrera igo duen AEBetako lehen hiria
Seattle, gutxieneko soldata orduko 15 dolarrera igo duen AEBetako lehen hiria

Ezberdintasunaren aurkako neurri ausart bezain esanguratsua hartu berri du Seattle AEBetako ipar-mendebaldeko hiriko Udalak. Gutxieneko soldata orduko 15 dolarrera igo du; herrialde osoko datuak kontuan hartuta, bikoiztu egin ditu gutxien kobratzen dutenen soldatak (7,25 dolarrekoa da gutxieneko soldata federala).


Ekainaren 3an sinatu zuten erabakia, neurri hori denbora askoan eskatzen aritu diren ekintzaile batzuen esku hartzearekin. Alderdi Demokratakoa da Ed Murray alkatea. Berak deitu zien enpresen eta sindikatuen ordezkariei, gaiari buruzko batzorde bat osa zezaten. Zenbait hilabeteko lanaren fruitua da gutxieneko soldata berria.


Igoera onartu aurretik ere, Washington estatuak (bertan dago Seattle hiria) AEBetako gutxieneko soldatarik handiena zeukan, orduko 9,32 dolarrekoa. Hiriko langileen %24k 15 dolar baino gutxiago kobratzen dituzte orduko. Pobreziaren maila federaletik behera bizi da hiriko populazioaren %13.


Edonola ere, neurri berria pixkanaka aplikatuko dute. 500 langiletik gora dituzten konpainiek 2017rako ordaindu beharko dute soldata berria, langileei mediku-segurantzarik ematen ez badiete; eta 2018rako, gaixotasun-asegurua ematen dutenek. Negozio txikiek denbora gehiago izango dute, 2021era arte, igoera aplikatzeko. Gainera, onartutako legearen arabera, lehen urteetan propinak ere soldata moduan hartuko dituzte.


Ez da harritzekoa gutxieneko soldata 15 dolarrera igo duen AEBetako lehen hiria Seattle izatea. Bertan daude Microsoft, Boeing eta Amazon bezalako konpainia handien egoitza nagusiak. Hiriak eta bere metropoli-barrutiak AEBetako leku gehienek baino langabezia tasa txikiagoa dute, eta teknologiaren sektorean soldata onak ordaintzen dira, bai behintzat beste sektoreekin alderatuta. Alderdi Demokratak irabazten ditu hauteskundeak eta sindikatuek badute eraginik.


Enpresarien kezkak


Hala ere, badago Seattle hirian bertan gutxieneko soldata horrenbeste igotzearen aurka dagoenik. Tom Douglas ostalaritza enpresariak adierazi du hiriak azken urteotan izan duen hazkunde ekonomikoak eragin duela herritar askok ilusio faltsuak egitea, horrenbesteko soldatak ordaintzea ez baita betiko izango: «Amazonen burbuilan bizi gara, baina egoera hau ez da betiko izango. Sekulako inflazioa eragingo du».


Manifestariek AEBetako hiri askotan eskatu dute gutxieneko soldata igotzeko azken asteotan. Janari lasterreko jatetxeetan lan egiten duten milioika lagunek sindikatu bateko kide izateko eskubidea izan dezaten eta soldatak igotzeko eskatzeko, kanpaina bat egin da AEBetako 150 hiritan, David Brooks kazetariak “La Jornada” egunkarian esplikatu duenez.


Gainera, beste 30 herrialdetako 80 hiritan ere lanuzteak eta protesta ekitaldiak egin dituzte helburu berdintsuekin. Antolatzaileek esan zuten maiatzaren 15ean mundu osoko janari lasterreko jatetxeetako langileek egindako protestaldia orain arteko tankera horretako nazioarteko mobilizaziorik handiena izan zela.


AEBetan, “15 dolarren aldeko greba”, “15 dolar eta sindikatu bat” eta “Askoz ere gehiago balio dugu” irakur zitekeen manifestarien pankartetan. «Chicagon, mariatxi batek eman zion hasiera ibilaldiari», idatzi zuen Brooksek Mexikoko egunkarian.


Los Angeles, Atlanta, Chicago, Filadelfia, Milwaukee eta beste dozenaka hiritan, bat egin zuten sindikalistek, langileek, komunitate buruek, lan eskubideen aldeko ekintzaileek eta etorkinen erakundeek. McDonald’s, Burger King, KFC eta Wendy’s bezalako konpainien frankizien aurrean egin zituzten aipatu protestaldiak.


Orduko 7,25 dolar


AEBetako mobilizazioen helburu nagusia gutxieneko soldata 15 dolarrera igotzea zen, “zabor-jana” eskaintzen duten enpresetako langile gehienek orduko 7,25 dolar besterik ez baitituzte kobratzen. Soldata igotzearen aldeko mugimendua, AEBei dagokienez, New Yorken sortu zen 2012an, janari lasterreko frankizietan egin zituzten lanuzteekin.


Azken hilabeteotan protestak herrialdeko beste hiri askotara hedatu dira, nahiz eta kasu askotan mobilizazioetan esku hartu izan duten langileen kopurua txikia izan den. Edonola ere, langileen zein enpresarien inguruko begirale batek gehiagok esan izan du gutxieneko soldata igotzearen aldeko mugimendua ikaragarri haz daitekeela, AEBetan bezala beste herrialde askotan ere aberatsenen eta beste guztien arteko aldea ikaragarri igo baita azken hamarkadotan.


Salatutako konpainiek, enpresarien elkarteek eta analista kontserbadoreenek arazoak baino ez dizkiote ikusten gutxieneko soldata igotzeari. Langileen mobilizazioei hedabideetan jaramon gehiegi egin zaiela uste dute. Sindikatuek antolatutako protestak izan direla esan dute, oso langile gutxi erakarri dituztenak. Eransten dute soldatak igotzeak lanpostu asko suntsitzea eragingo lukeela, kontsumitzaileak ordaindu beharreko diru kopurua handitzeaz gain. «Soldata lehiakorrak» ordaintzen ari direla esaten dute enpresarien elkarteek, eta irabazi gutxiko milioika langileei «aurrera egiteko aukera» ematen dietela. Ez dute ezer aldatu nahi, egungo egoerarekin oso ondo bizi dira-eta.


Protesta mugimenduak ez die jaramon handirik egiten sasiargudio horiei. Sindikatu batzuen laguntzarekin, soldatak igotzeko exijitzen jarraitzen du eta maiatzeko mobilizazioekin gatazka nazioarteko bihurtu nahi zuen. Beste herrialde batzuetan mugimendu sindikalak askoz ere indar gehiago dauka eta horiek beraiekin bat egitea nahi dute. Gainera, konpainia horiek mundu osoan hedatuta daudenez (McDonald’s kateak 118 herrialdetan ditu bere establezimenduak eta ia bi milioi langile ditu), langileen arteko elkartasuna ere mundu mailakoa izatea lortu nahi dute. Azken asteotan mobilizazioak egin dira gutxienez 80 hiritan, Japonia, Britainia Handia, Suitza, Brasil, India, Italia, Panama, Hego Korea, Argentina, Maroko, Zeelanda Berria eta Irlanda bezalako herrialdeetan.


Laguntza publikoa


Janari lasterreko frankizietako bi langiletik batek laguntza publikoa eskatu behar izaten du AEBetan, jasotzen duen soldata ez baita nahikoa etxekoak era duinean aurrera ateratzeko. Jateko nahikoa diru ere ez dute izaten, mugimenduak berak egin berri duen ikerketa batek ondorioztatu duenez. Egin dituzten kalkuluen arabera, altxor publikoak urtean 7.000 milioi dolar ipintzen ditu behar horiei erantzuteko. Ekintzaileek salatu dutenez, diru publikoa erabiltzen da bakar batzuen negozio pribatu ikaragarriari eusteko.


Fast Food Forward izena du New York hirian protesta mugimendua antolatzen duen erakundeak. Elkarteak egindako kalkuluen arabera, janari lasterreko jatetxeek 200.000 milioi dolarreko irabaziak ematen dituzte urtean. Arazoa dirutza horren banaketan dator: janari lasterreko konpainietako goi karguek eguneko 25.000 dolar kobratzen dituzte batez beste, hau da, langileek urte osoan lan eginda kobratzen dutenaren bikoitza baino gehiago (11.000 dolar).


Soldatak igotzeko mugimenduak egindako lanak dagoeneko lortu du Kalifornian gutxieneko soldata 10 dolarrera igotzea eta Seattlen 15 dolarrera. AEBetako 21 estatutan gutxieneko soldata federala baino handiagoa dute. Obama presidenteak berak duela gutxi proposatu du gutxieneko soldata federala orduko 10,10 dolarrera igotzea.


Seattle da azken garaipena. Egungo egoera aldatzeko asmoa duten indar asko dago ordea, eta ezin da aurreratu hemendik hilabete batzuetara zer gertatuko den. Ed Murray alkateak bere hauteskunde kanpainan agindu zuen gutxieneko soldata igotzea bere lehentasunen artean zegoela eta bere hitza bete egin du. Baina udalbatzan bildu ziren pertsona guztiak ez zeuden pozik erabaki hori hartzean.


Kshama Sawant zinegotzi sozialista bai. Berak esan zuenez, «azkenean egin dugu, langileek egin dute». Kazetariei adierazi zienez, enpresariak azken minutura arte saiatu dira akordioa aldatzen. «Soldata orduko 15 dolarrera igotzeko erabakiaren aurkako boikotarekin jarraituko dute», erantsi zuen. Hala ere, berak uste du Seattlekoa aro berri baten hasiera baino ez dela: «Mundu osoa dugu irabazteko».


Seattlen ezberdintasunaren aurkako urratsa egin badute, begirale batzuek nabarmendu dute erabaki horrek AEBetako hirien arteko ezberdintasuna areagotu egingo duela. Hirien arteko ezberdintasuna aztertu beharrean, baina, aberatsenen eta pobreenen arteko aldea aztertuz gero, oso bestelako kontuak ondorioztatzen dira: 1938an gutxieneko soldata federala ezarri zenetik, bi sektore horien arteko aldea ez da inoiz hain handia izan. Beraz, ulertzekoa da begi bistako injustizia horrek gero eta manifestari gehiago kalera ateratzea.


«Mugimendu honen beharra sentitzen dut, Unibertsitatera joan ahal izateko dirua aurreztu nahi dut-eta. Baina nahikoa irabazten ez dudanez, ezin dut ezer aurreztu», esan zien kazetariei Seattleko janari lasterreko jatetxe bateko langile gazte batek. Ondoan zeukan emakume batek 5 urteko alaba eraman zuen manifestaziora. «Gutaz nola abusatzen duten ikusteaz nazka-nazka eginda gaude», esan zien beste manifestariei, gazteak gehienak, bera bezalaxe. Halako batean alabak hartu zuen mikrofonoa; «ezin dugu gehiago», oihukatu zuen, bertan zeuden guztien irribarrea eraginez.


Seattle hiriko herritarren %60k bat egiten dute gutxieneko soldata igotzearekin, baina proportzioa aldatu egiten da beste lekuetan. Horrek eta politikari profesionalen mugimenduek esplikatzen dituzte Obama presidenteak bere proposamena aurrera ateratzeko izan dituen arazoak. Alderdi Demokratako parlamentariek Senatuan zein Ordezkarien Ganbaran aurkeztu dute 7,25 dolarreko gutxieneko soldata 10,10 dolarrera igotzeko proposamena. Soldata hori bi urterako izango litzateke eta hortik aurrera inflazioaren arabera igoko lukete.


1968ko aldaketa


Inkestek diote AEBetako herritar kontserbadore askok ere gaur egun bat egiten dutela igoerarekin, baina Alderdi Errepublikanoko senatariek behartu zuten lege proposamena estatuetara eta udaletara bidaltzea. AEBetan 1938an gutxieneko soldata ezarri zenetik, urtero inflazioaren eta produktibitatearen arabera igotzen zuten. Beraz, salneurrien igoerari aurre egiteko moduan izaten ziren langileak. Baina, 1968az geroztik, egoera aldatu egin zen eta orain langileen erosteko ahalmena 1960ko hamarkadakoa baino txikiagoa da. 1968 arteko bilakaerari eutsi balitzaio, gaur egun gutxieneko soldata ia 22 dolarrekoa izango litzateke, egungoa (federala) hirukoiztuz.


Alderaketa beste herrialdeekin eginez gero, AEBak oso posizio txarrean geratzen dira. Gutxieneko soldata federala (7,25 dolarrekoa, oraingoz) AEBetako batez besteko soldaten %38,3koa baino ez da gaur egun. Japoniakoa bera (%38,4) estatubatuarrena baino hobea da. Britainia Handian, berriz, %46,7koa da, eta, Estatu frantsesean, %60koa.