Nagore Amondarain Ipiña

Zabaleta kaleko uretan

Aurreko hilabetean esan nuen, hiri baten loraldia edo loaldia bertako taberna edo ostatuek ere eragiten dutela. Eta oraingoan Urumearen beste aldeari erreparatuko diot, Zabaleta kaleari alegia. Ez da nire asmoa irakurleari gida gastronomiko bat egitea baina aurrekoan ostegunetako Groseko “pintxo-pote deskribaezina” aipatu nuen zeharka eta segida eman nahi nioke. Nafarroa etorbidea eta Kale Nagusiaren arteko Zabaleta kalearen bilakaera urte gutxitako kontua izan da. Errenkadan daude tabernak eta zer esanik ez terrazak; ilara luze batek osatzen duen terraza erraldoi bat litzateke Zabaleta kalea egun. Kale bizia dugu, beraz, egunez zein gauez.

Hemendik atera eta oporretan bisitatzen diren hirietan topa genitzakeen tabernen moldeko guneak eskaintzen ditu kale honek, bereziak, gustu handiz jarriak, zainduak, orain artekotik desberdinak. Oporretan ez ezik, egunerokoan aterpe hartzeko desiratu izan ditugu atzerriko taberna horiek oporretatik etxera bueltan. Ez dakit zein txokotako zulo hura, terraza hura… geure memoriako argazkietan gorde izan ditugu eta hurrengo bidaiariari aholkatu ere bai, “ezagutu beharreko lekuen” artean zerrendatuz. Gurean 80ko hamarkadan geratu dira maite ditugun taberna asko, hau da, harria, egurra eta pintura formulan. Eta orain artekoarekin batera, aniztasun apur bat emango lioketen guneen beharrean egongo da hainbat hiritar nonbait, bestela ez da ulertzen kale honek hartu duen sona.

Baina taberna hauek aireportu edo Hizkuntza Eskolako A1 mailako ikasgela batekin konparatuko nituzke. Aireportu batean sartzearekin batera, dela Hondarribikoan zein Bilbokoan, zauden herrialdeko identitatea ebatsiko dizu zerbaitek, itsasoko ur internazionaletan legez; ez da legerik edo handiena nagusituko da. Hizkuntza Eskolako aurreneko mailetan ere antzeko zerbait gertatzen da, beti etortzen da norbere buruak aurkeztearen ariketa eta hantxe hasten dira denak «J’ habite à Hernani. Je suis espagnol», distortsio handienen uneak. Berdin dio euskal erromesaldien herrian bizitzea, Hizkuntza Eskolako ur internazionaletan ez dakit zein mekanismo pizten baita sarritan.

Barrura sartu gabeko begiratuan, taberna askok ez dizute ongi etorria ere bertako hizkuntzan egingo Zabaletan, kanpoko paisaia linguistikoan nekez topatuko duzu «irekita», «kafetegia», «eguneko menua» edo «on egin» bezalako oinarrizko zeinurik. Esango nuke Zabaleta kaleko taberna askok ez diotela egungo Donostiako errealitateari erantzuten. Adibide moduan, une honetan artikulu hau bertako bi tabernetan soilik irakur baitaiteke. GARA egunkaria baino lehenago, edozein aireportutan eros daitekeen prentsa topatzen delako. Zer esanik ez “Berria” egunkariari buruz: «Euskara? Zer da hori?». Pertsonatik pertsonarako arretari buruz hitz eginez gero, oraindik ulertu ez dudan irribarre batekin begiratuko dizute barraren bestaldetik, ez dakit zein indio erreserbatik atera denari bezala. Jakin barik agian goiko etxean bizi den bizilaguna zarela, gosari goxo bat soilik eskatzera datorrena. Ingelesez mintzo bazara, lasai egon, ahaleginak eta bi egingo dituztelako eroso senti zaitezen, etxean bezala; noski, zure hamabost eguneko egonaldian. Aldiz, urte osoan zehar, egunero, bezero izan daitekeen horri egunero gogoraraziko diote bere etxean arrotza dela eta goizeko lehenengo kafe goxoa baino lehen pazientzia dosi mingotsa irentsi beharko du. Askok esango dizute, gainera, ez bueltatzeko gehiago bertara, baina, ez, ez luke horrek izan behar gure estiloa. Gune horiek geure egiteak beharko luke soluzio, denok irabazten ateratzeko. •