Mikel Olasagasti

Berrikuntza beldurgarriak

Izutzeko datuak kaleratu ditu Google etxeak azken urteotan burutzen duen I/O konferentzian: mila milioi erabiltzaile aktibo ditu gaur egun Android plataformak. Iazko konferentzian 536 milioi erabiltzaile aktibo omen zituen plataformak eta urtebetean bikoiztu egin du zifra. Mila milioi horiek azken 30 egunetan mugikorra erabili izana adierazten dute. Aldiz, Android mugikorren kopuruak iazko irailean jo zuen mila milioiko marka.

Zifra erraldoi hauei jarraiki tableten merkatuaren %62 duela adierazi du Gloogle erraldoiak, iaz baino %16 gehiago. Euren Play dendatik jaitsitako aplikazioen kopuruak gora egin du eta iaz baino %236 aplikazio gehiago omen daude instalatuta mugikor zein tabletetan. Play Services deritzon aplikazioaren azken bertsioa mugikorren %93an omen dago instalatuta. Play Services delakoari esker jada ez da horren beharrezkoa mugikorra azken bertsioan izatea, aplikazio horrek ahalbidetzen baitu Google beraren zerbitzu berriak erabili ahal izatea. Aldiz, segurtasuna ardatz hartuko bagenu, bidea luzea da oraindik maila on bat lortzeko, milioika terminal daude-eta munduan zehar inolako segurtasun eguneraketarik gabe.

Google aurrera doa merkatuaren tarta zati osoa jateko gogoz, eta ez du gelditzeko asmorik. Android One ekintza jarri du abian, fabrikatzaileek Android sistema eragilearekin bateragarriak direla esateko bete beharko duten software eta hardware gutxiengoa zehaztuko duena. Horren emaitza zuzena 100 dolar azpiko kalitatezko mugikorrak izango dira, Indiako merkaturako.

Euren Chromecast gailuak, telebistari atxikita zerbitzu gehigarriak ematen dituen gailua, astetik astera %40 erabiltzaile gehiago omen ditu. Hortik etorriko da AndroidTV sistemari ere beste buelta bat ematea, noizbait arrakasta izango duelakoan edo. Hirugarren aldia da jada produktu bera iragartzen dutena.

Aurkezpenak beste bi plataforma ere plazaratu ditu. Batetik Google Fit delakoa, mugikor zein beste motako gailuen bitartez gure osasuna kontrolatzeko plataforma, eta, bestetik, Android Auto, autoetan erabili ahalko den sistema integratua. Proiektu bakoitzak lantzen duen alorreko fabrikatzaile eta marka garrantzitsuenen babesa du.

Oraindik ere monopolioz hitz egiten ez bada ere, ez da askorik falta nire ustetan. Apple etxeak bere merkatua mantentzeko zailtasunak dituela dirudi, eta lehena izateak zekartzan berrikuntzak jada ez dira lehen modukoak, ia dena ikusita baitago dagoeneko. Apple etxearen prezioek, gainera, diruz ondo ez dabiltzan balizko bezeroak zuzenean alboan uzten dituzte. Modelo zaharrak prezioz jaisteak lagundu die, baina jakin ez dela aukera oso interesgarria, luzera begira behintzat. Mozilla fundazioko kideak, aldiz, FirefoxOS sistemaren 2.0 bertsioa kaleratzeko azken ukituak ematen dabiltza. Hasierako bertsioetatik asko aldatuta, hobera noski, euskaraz erabil daiteke piztu bezain laster. Fabrikatzaile gehiagorekin tratuak lortu ostean, sistema hau erabiltzeko aukera gehiago izango da. Interesgarria oso India bezalako merkatuetarako ateratzekotan diren 25 dolar baino gutxiagoko mugikorrak. Librea, merkea eta toki bakoitzera moldatutako sistema, apustu paregabea; hori bai, emaitzak ikusi behar.

Baina izan Android, iPhone edo FirefoxOS, berdin zaio Google etxeari zein plataforma erabiltzen den euren zerbitzuak erabiltzen diren bitartean. Hor dago benetan dirua eta merkatua, informazioa eta pribatutasuna. Bilaketak, posta elektronikoko mezuak, nori deitzen diogun eta nork deitzen gaituen, gure kontaktuen zerrenda eta beste hainbat daturen artean, orain gure gidatzeko trebezia eta osasunaren berri izango dute. Laster Osakidetzara iritsi orduko gure diagnosia eginda izango da, denbora kontua besterik ez da. •