Eleno Alkain eta Saioa Aginako

Geziak ituan

Ehun pertsonatik batek depresio larriren bat izaten du bere bizitzan zehar, hamarretik batek antsietate nahasteren bat eta ehunetik batek sintoma eskizofrenikoak. Farmakoen ikerketa eta aurkikuntzaren lasterketa oztopo eta ustekabez beteriko bidea da. Ondorengo lerroetan farmako psikiatrikoen eta dituzten alboko efektuei buruz hitz egingo dugu.

Pertsonok gure egoera mentala aldatzeko substantziaren bat hartzea aspaldiko kontua da. XX. mendeko 60ko hamarkadaren hasierako ikerketetan medikuntzan eta osasun munduan aurrerakuntza handia suposatu zuen gertakizuna eman zen: haluzinazioak ezabatzen dituen pilula aurkitu zuten ikertzaileek eta geroztik ehun milioi pertsona baino gehiago pastillekin bizi da. Farmako horren aurkikuntzak poz handia eragin zuen bere garaian; ez hori bakarrik, etorkizun handiko bidea ireki zuen.

Azken 50 urteotan atera diren farmakoek laguntza handia eman digute kasu askotan, baina, tamalez, denek dituzte beren mugak. Izan ere, espero diren ondorioz gain, espero ez diren beste batzuk ere badituzte farmakoek. Psikiatrian erabiltzen diren farmakoen xedea burmuinean ematen diren erreakzio biokimikoetan eragitea da, eta, jakina den bezala, burmuina oso konplexua da. Hori dela eta, pilulek eragina burmuinean bakarrik izango dutela pentsatzea jarrera inuzentea da. Medikamentua gorputzeko beste atal batzuetara ere iritsiko da burmuinetik aparte, eta, ondorioz, sor daitezkeen alboko efektuak desio ez ditugunak izan daitezke. Kontuan hartu beharrekoa da, gainera, pertsona batetik bestera alboko efektuak ezberdinak izan daitezkeela ahoratutako botika berdina izan arren. Ezaugarri hori askotan ahazten zaigu eta garrantzitsua da kontuan hartzea.

Adibide gisa, Prozac izeneko farmakoa aztertuko dugu. Hain zuzen ere, fluoxetinaren osagai aktiboaren lehenbiziko izen komertziala da Prozac eta antidepresibo gisa ezagututako medikamentua da. Prozaca depresio nagusia, nahaste bipolarra eta beste gaixotasun mental batzuen sintomak baretzeko hartzen den botika izanik, hartzen duen jendearen kexarik nabarmena disfuntzio sexuala eragitearena da, interes eta motibazio gabeziarekin batera. Horrek erakusten digu farmako bat helburu zehatz batekin sortu arren, ezinezkoa dela paziente ezberdinengan eragina izango duten ondorio kolateral guztiak zehatz-mehatz lotzea.

Giza gorputzean, sistema arautu konplexua den lez, arazoak sortzen dira eta farmakoak arazo horiek ebazteko erabiltzen ditugu. Farmakoak, hala ere, ez dira pentsatzen dugun bezain zehatzak. Sendagarria hartzen dugunean berarekin daraman osagai aktiboa leku ezberdinetara banatzen da. Baina medikamentua gorputz osotik zehar sakabanatzeak ezusteko emaitzak ekar ditzake, eta, harrigarria iruditu arren, horrek farmakoak zehatzagoak izaten ere lagundu du. Adibidez, XX. mendeko 20ko hamarkadan, kimiko bat asmari aurre egiteko substantzia baten bila ari zen, eta, ustekabean, anfetaminaren erabilera onuragarri bat aurkitu zuen. Birikak eta arnas bideak irekitzeaz gain, anfetaminak pazienteak esna eta arretarekin mantentzen zituela frogatu zuen. Hori jakinda, loaren nahasteak eta depresioak zituzten pertsonei anfetamina ematen hasi zen eta saiakerak funtzionatu egin zuen. Aurrerago arreta galeragatiko eta hiperaktibitateagatiko asaldura zuten haurrekin saioak egin zituen eta anfetaminari esker haurrek arreta indartu eta jarrera lasaiago bat izatea lortu zuen.

Paziente mota ezberdinak daude. Batzuek terapia Prozaca baino nahiago dute depresioa gainditzeko. Beste batzuek, ordea, Prozaca nahiago dute terapia baino. Badaude biak uztartzea eskatzen dutenak ere. Hori horrela izanik, tratamendua egokitu behar zaio pertsonari, ez alderantziz. •

durundia@gmail.com