amagoia.mujika@gaur8.info
Entrevista
Mari Sol Bastida
Mikel Laboaren bidelaguna

«Neurri batean, gure bizitza idaztea berriz bizitzea bezala izan da, hurbilketa bat behintzat»

Artistaren lanarekiko miresmena eta pertsonarekiko maitasuna uztartuz bizitza oso bat ibili du Mari Sol Bastidak inoiz itzaliko ez den ahotsaren ondoan.

Antigua auzoko bazterrek oso ezaguna zuten Mikel Laboaren pausaje lasai eta umila. Ia egunero ibiltzen zituen kale horiek. Mari Sol Bastidak, Mikelen emazte eta bidelagunak, pilotalekuaren ondoan dagoen Jemo autoen konponketa lantegira eraman gaitu. Hantxe, matxuratutako auto bat aparkatuta dagoen lekuaren atzeko paretan pintada eder bat dago. Mikelen aurpegia eta poesia bat, “Lizardi eta Rimbaud” sinadurarekin. Mari Soli izugarri gustatzen zaio Mikeli egin dioten kaleko omenaldi inprobisatu hori. «Jemo tailerrekoak asko maite zituen Mikelek, eta baita haiek Mikel ere. Hala kontatu zidaten pozik pintada agertu zenean tailer ondoko paretan: ‘Gaur gauean egin dute. Atzo tailerra itxi genuenean ez zegoen eta gaur goizean etorri garenean hortxe zegoen. Artista batzuk dira hori egin dutenak’». Paretara gerturatu orduko atera dira tailerreko mekanikariak Mari Sol agurtzera, lagunak agurtzen diren sinpatiaz. Mari Soli Mikel aipatu orduko begietan zera bat pizten zaio, bizitakoaren, ikasitakoaren eta gozatutakoaren argia edo.

 

«Mikel Laboaren biografia bat» izena du liburuak. Derrigorrez, Mari Solen biografia ere bada. Izan ere, lotutako bi bizitza izan dira zuenak.

Alde batetik oso independenteak izan ginen beti, baina bizitzan zehar oso elkartuta egon ginen. Eta bai, bata bestearentzat pertsona oso garrantzitsuak bihurtu ginen.

 

Oso liburu ausarta da, barrukoa, zuen intimitatea kontatzen duena. Zalantza handiak izan dituzu argitaratzeko, ezta?

Bai, bai, izan ditut, eta prozesua oso-oso luzea izan da. Datuak pilatzen hasi nintzen, esperientziak jasotzen, baina ez nekien oso ondo zertarako. Gerora ikusi dut nolako istorioa kontatu nahi nuen. Oso prozesu luzea izan da beraz. Idaztea eta zuzentzea azken lau urteotako lana izan da eta egia da azken txanpan askotan izan dudala zalantza egokia ote zen argitara ematea. Neurri batean gure barneko bizitza argitara ematea zen eta horregatik neuzkan zalantzak.

 

Haurra zela Mikelek ikasketak utzi behar izan zituen denboraldi batez «bihotz handiegia» diagnostikatu ziotelako. Grazia eman dit, beti irudikatu dudalako Mikel Laboa bihotz handiko eta sentsibilitate izugarriko pertsona bat bezala.

Nik neuk ere pentsatzen dut Mikelen kasuan diagnostiko hori dibertigarria dela. Bere koinatuak –Juango Lasa neuropsikiatra eta Mikelen bizitzan garrantzia handiko pertsona izan zenak– barre asko egiten zuen diagnostiko harekin. Baina egia da haurra zela kardiologo batek halako diagnostikoa egin ziola eta ikasketak utzi behar izan zituela denboraldi batez. Eta nola diren gauzak, diagnostiko hori tarteko Marianisten Eskola utzi behar izan zuen eta gerora institutura etorri zen ikastera, juxtu ni ezagutu ninduen tokira. Gure bizitzan garrantzia handikoa izan zen biok institutu hartan topatu izana.

 

Liburuan aipatzen duzu Mikel momentu klabeetan gaixotu egiten zela askotan, eta gaixotasunak bere norabidea aldatzera behartzen zuela. Gaixotasuna seinale bat balitz bezala.

Bai, pentsatzen dut bere bizitzan halako dezente izan zituela. Lehena aipatu dudan hori, haurra zela Marianistetatik institutura aldatzea ekarri ziona. Haurra zela oso gaixotia izan zen, eta gerora ere gaixotasuna garrantzitsua izan zen bere bizitzan zehar.

Bigarren adibidea 1953. urtean eman zela uste dut. Medikuntzako lehen urtea, 1953-1954 ikasturtea, Madrilen egin zuen. Bigarren ikasturterako Madrila bueltatu zenean gaixotu egin zen. Ondorioz, Madrildik Iruñera aldatu zen. Etxetik gertu unibertsitate berri bat zabaldu zutela jakin eta Iruñera etorri zen, Opus Deiko unibertsitatera; artean ez zekien hori. Orduan ere gaixotasunak Iruñera ekarri zuen. Behin Iruñean, azterketak egitera Zaragozara joan behar izaten zuten eta han zela berriz gaixotu zen Mikel, oso larri ordukoan. Tuberkulosi bat izan zen, gerora nefritis bat ekarri ziona. Urte askoren buruan, 1996ko kantaldi batean Bartzelonan, garai hartako bere ikaskide bat etorri zitzaion kasu egitera eta esan zion hiltzat jotzen zuela. Garai hartako medikuntzako beren irakasle oso prestigiodun batek bi urteko bizitza diagnostikatu omen zion Mikeli. Berak gerora jakin zuen hori. Oso prozesu luzea izan zen, bi urte eman zituen gurasoen etxean oso gaixo. Ordurako lagunak ginen eta askotan joaten nintzaion bisitan. Ba gaixotasun horren ondoren bide berri bat abiatu zuen musikagintzan. 1955 eta 1960 bitartean beretzat funtsezkoa izan zen errepertorioa utzi zuen –Yupanqui, Violeta Parra, Brassense eta horrelakoak– eta euskaraz abesten hasi zen. Egia da, hala ere, umetan asko abestu zuela euskaraz, koroan eta familian, baina gerora beste bide batzuk ibili zituen. 1962. urtean bere lagun Joseba Bidauzarragak –Bilboko mediku bat da– zenbait abestiren inguruan hitz egin zion; “Oi Pello, Pello”, “Bereterretxe”... eta Club de Disque Basque izenpean Baionako Euskal Museoa argitaratzen hasi zen bildumaz hitz egin zion. Garai berdintsuan Txema Fausek euskal kanten inguruko liburu bat oparitu zion, “Flor de canciones populares vascas”, gerora Mikelentzat biblia modukoa izan zena. Kantutegi asko erabili izan zituen, baina hori oso berezia izan zen beretzat. Eta orduan hasi zen euskal kantu tradizionalak kantatzen eta emanaldiak eman ahal izateko beharrezkoa zuen karneta atera zuen.

 

Oso gaixotia zen, eta oso modu larrian gaixotzen zen gainera.

Bai, hala izan da bizitza guztian. Mikelengan gaixotasun guztiak ziren kezkatzeko modukoak. Anginak harrapatzen bazituen, ikaragarriak, bederatzi egun ohean egoteko modukoak. 1962 inguruko gaixoaldi larri haren ostean Mikel izugarri zaintzen zen, oso modu zorrotzean. Berak ederki zekien hilzorian egon zela. 1962tik 1985era bitartean nahiko sasoi ona izan zuen. Horrek ez du esan nahi gaixotzen ez zenik, baina tira, nahiko bolada ona izan zuen.

1985ean hemoptisiak hasi ziren, oso larriak zirenak. Zazpi urte iraun zuten. Eta horien ondorioz emanaldi kopurua murriztu egin behar izan zuen eta ezin izan zen joan Europako zenbait herrialdetara, baldintzak gogorregiak zirelako beretzat. Eta berriz gaixotasunak markatu zuen bere bidea, eta emanaldi gutxiago eman zituen. Gerora begiratuta, segur aski bere ibilbidearen mesedetan izan zen hori.

Gaixotasunak bere buruarekin luze egotera behartu zuen.

Bai, asko. Eta horrek markatu egin zuen. Eta, bestetik, gaixotasunak erakutsi zion bizitza oso modu berezian baloratzen, oso haurra zenetik gainera. Bizitza oso modu sakonean bizi zuen.

 

Mundu ikuskera propioa zuen eta nortasun berezia. Liburuan aitortzen duzunez, pentsatu izan zenuen «arraro samarra eta eroa» zela. Ezagutu zinetenean hiru urte eman zituen Donostian zure atzetik zurekin hitz egin gabe.

Bai, hala izan zen, eta orain asko pozten naiz hala izan zelako. Baina egia da oso gauza arraroa izan zela. Garai hartan nik arrakasta nuen mutilen artean eta ez ninduen asko harritzen. Baina mutil hura etengabe nire atzetik zebilela konturatu nintzen eta hasieran saihesten eta iskin egiten saiatzen nintzen. Baina denborarekin ohitu egin nintzen, eta ez bazen nire inguruan azaltzen “ze arraroa” pentsatzen nuen. Gero hizketan eta hizketan hasi ginen, eta lagun onak egin ginen. Nik lagun on bat bezala ikusten nuen, ez nintzen hasieratik maitemindu. Bere kasuan, badirudi baietz. Eta oso tematia zen.

 

Zure profila berezia zen, garai hartan ezohikoa esan daiteke. Ekonomia zientziak ikasten zenituen Bilbon, hizkuntzak ikasten zenituen...

Egia da nire profila atipikoa zela garai hartan. Ikasle ona nintzen, oso argi nuelako nire etxean ikasi beharra zegoela. Nire ama oso gazte alargundu zen eta gogor lan egin zuen anaia eta biok ikasteko aukera izan genezan. 17 urte nituela Bilbora joan nintzen Ekonomia Zientziak ikastera. Sarrikoko lehendabiziko promoziokoa naiz. Eta, tira, urte batzuetan gehiago eta besteetan gutxiago ikasiz, aurrera atera nituen ikasketak. 1955ean Sarrikon lehen urtea 178 ikaslek hasi genuen, eta horietatik zortzi baino ez ginen emakumeak. Bik kurtso hartan bertan utzi zituzten ikasketak eta seik baino ez genuen jarraitu. Sekulako astakeriak esaten zizkiguten ikaskideek. Ez zuten batere ondo ikusten emakumeek zientziak ikastea eta jarrera bortitzak izaten zituzten gurekin. Behin ikasketak bukatuta, lana topatzen hasi eta enpresetan garbi hitz egiten zidaten: «ekonomialariak behar ditugu, baina emakumerik ez dugu nahi». Horregatik erabaki nuen Londresa au pair joatea. Eta esperientzia zoragarria izan zen.

 

Londresko egonaldi horren ondoren Mikel hobeto ulertzen omen zenuen.

Halaxe da. Are gehiago, ez banintz Londresen egon, segur aski ez nuke baloratuko gero baloratu nuen moduan. 1962-1963 urteetan Londres munduaren erdiguneetako bat zen. Ingelesa ikasten nuen eta nire ordu libreak musika entzuten ematen nituen, batez ere musika klasikoa. Sarrera merkeenak erosi eta aretoz areto ibiltzen nintzen. Arte plastikoaz gozatzen nuen, antzerkiaz, zinemaz.... Nik oso bista txarra nuen eta zineman lehen lerroan jartzen nintzen; haiek ziren gainera sarrera merkeenak. Eta sekulako zinema zikloak ikusten genituen. Nik berezkoa nuen kulturarekiko zaletasuna eta Londresko egonaldia formakuntza sakoneko prozesua izan zen niretzat. Handik bueltan Mikel gehiago baloratzen hasi nintzen.

 

Bartzelona, 1964. urteko udaberria. Aitortzen duzu lehenengoz liluratuta geratu zinela Mikel abesten entzutean. Zer pasa zen emanaldi hartan?

Ordurako askotan entzuna nuen Mikel abesten eta bere fase guztiak ezagutzen nituen. Eta gustatzen zitzaidan. Gazteleraz kantatzetik euskaraz kantatzera pasatu zenean hala esan zuen gure lagun batek; «ez dakigu zergatik pasatu den euskarara, askoz hobeto abesten zuen gazteleraz». Ni ez nago ados, baina euskaraz hasi zenerako jende asko zegoen Mikelek oso ondo kantatzen zuela pentsatzen zuena. Egun hartan Bartzelonan, Aberri Egunaren inguruko emanaldi batean, aurretik banekien zer kantatu behar zuen, zein abesti kantatuko zituen. Baina, hala ere, sekulako inpresioa egin zidan. Eta ez bakarrik niri, eskerrak. Jende gehiago geratu zen egun hartan liluratuta. Batetik, oso emanaldi ona eskaini zuen, eta 60ko hamarkadan askotan ez zen hala gertatzen, beldur eszeniko zela eta. Bestetik, sekulako sakontasuna iradokitzen zuen, eta nahiz eta XV. mendeko abestiak abesten egon, zerbait berria egiten ari zela ematen zuen. Abesti haiei haize berria eman zien. Erabat hunkitu ninduen eta ordutik bere zale amorratu bihurtu nintzen. Ordutik prest egon nintzen bere musika ibilbidean laguntzeko bai edo bai; proiektua erabat eroa edo oso pobrea izanda ere. Erabaki genuen diruz justu ibilita ere, musika ibilbide hori ibili egin behar zuela. Oso goiz sinetsi nuen Mikelengan, eta baldintzarik gabeko sostengua eskaini nion. Uste dut konfiantza hori garrantzitsua izan zela beretzat.

 

Mikelek harrapatu egin zituen. Gerora errepikatu egin da sentipena, belaunaldiz belaunaldi, jende asko harrapatu du bere lanak.

Izugarri gustatuko litzaidake Mikelek jendea harrapatzen segitzea. Ni bere zale amorratua izan naiz, eta izaten jarraitzen dut. 60ko hamarkadan Mikel gutxienena izan zen. 70eko hamarkadatik aurrera hasi zen jende gehiago erakartzen. Garai hartan agertokiari neurria hartzen hasi zen, eta gero eta gehiagotan lortzen zuen oholtza gainean transformatu eta nortasun batetik bestera pasatzea. Niretzat oso garrantzitsua zen Mikelek barruan zeukan hura ateratzea, nik ateratzen ikusi nuen hura jende guztiak ikustea eta gozatzea. Eta egia da zorrotza nintzela berekin, errieta egiten niola askotan. Eta, batzuetan, egin behar ez nionean. Esanda bezala, 70eko hamarkadan gero eta gehiago gozatzen hasi zen Mikel oholtza gainean. 80koan, 90ekoan eta bukaera arte, ia beti lortzen zuen oholtza gainean transformatzea, beldur eszenikoa gainditzea, gozatzea eta gozaraztea. Eta pilotalekuak eta antzokiak betetzen zituen. Egia da jende askok maite zuela bere lana, eta berak bazekien hori. Pozik jartzen zen, baina ez zen harrotzen. Oso umila zen.

 

Oso umila eta oso kalekoa. Divoa izateko aukera ez zitzaion nortasunean kabitzen.

Ez, ez. Eta bere buruaz barre egiteko gaitasun izugarria zuen gainera. Oso modu dibertigarrian kontatzen zuen nola etorri zitzaion behin lagun bat esanez, «gaur goizeko bostetan parean harrapatuz gero sekulako muturrekoa emango nizuke». Nonbait suabe-suabe zeukan irratia jarrita eta bat-batean Mikelen lekeitioren batek saltoka jarri zuen ohean. Eta Mikelek barre egiten zuen, gustura, eta izugarri dibertigarria iruditzen zitzaion, baina ez zion lekeitioak kantatzeari uzten, «muturrekoren baten arriskua izanda ere», esaten zuen barrez lehertzen. Pertsona gutxi ezagutzen ditut bere buruaz barre egiteko halako gaitasunik dutenik.

 

Zure kontakizunetik ulertzen da Mikelen begietatik Bilbo eta Bartzelona desberdinak deskubritu zenituela.

Bilbo gutxiago, baina Bartzelona erabat desberdin ikusi nuen Mikelen begietatik. Mikelek eta biok elkarri eragin genion, baina bere nortasuneko hiru alderdik bereziki markatu nautela uste dut. Batetik, bazuen sentsibilitate oso berezia eta inori interesatzen ez zitzaizkion gauzen gainean interesa zuen, eta baloratu egiten zituen. Bereziki giza esperientziak interesatzen zitzaizkion, pertsonen istorioak. Kultura desberdinak maite zituen, tokiekin liluratuta geratzen zen, hizkuntza eta hitzen doinua gustatzen zitzaizkion... Hasieran, batzuetan, pentsatzen nuen: «Gizon hau pixka bat erotuta dago». Baina, gero, konturatu gabe, kutsatu egiten zintuen.

Bestetik, Mikelen irekiera izugarria zen eta asko harritzen ninduen horrek. Ni oso lotsatia nintzen, benetako lotsatia. Eta Mikel ere lotsatia zen berez, baina gero sekulako erraztasuna zeukan jendearen aurrean irekitzeko eta harremanak sortzeko. Izugarria zen. Sekulako erraztasuna zeukan jendearekin konektatzeko edonon, Euskal Herrian zein kanpoan. Niretzat hori oso garrantzitsua izan zen, bereziki Bartzelonan. Medikuntza munduarekin, antzerkiaren munduarekin, Nova Cançó izeneko mugimenduarekin harremanetan jarri zen berehala eta nik beste Bartzelona desberdin bat deskubritu nuen.

Hirugarren tokian, Mikelek Euskal Herriaz zuen jakinduria historikoa, politikoa eta alor guztietakoa nabarmenduko nuke. Niretzat entziklopedia bat bezalakoa zen eta izugarrizko eragina izan zuen nigan.

 

Eta Mari Solek zein eragin izan zuen Mikelengan?

Ba askotarikoa segur aski, baina hori berak esan behar. Berak sekulako konfiantza zuen nigan eta gure bizitzan barna oso harreman ona izan dugu. Berak publikoki esan izan du bikoteko intelektuala ni nintzela. Niri askotan esaten zidan [barrez]. Nik uste dut bere bidean sinetsi izana eta erabateko konfiantza erakutsi izana garrantzitsua izan zela beretzat. Nik garbi nuen lan egin nahi nuela, eta hala egin dut bizitza guztian Ekonomiako irakasle gisara. Izugarrizko pasioa izan da niretzat klaseak ematea. Berak ere bazuen bere lana. Eta gero, etxean genituen lanak eta seme-alaben zaintza oso ondo banatzen eta antolatzen genituen. Horretan oso ondo moldatu izan gara. Eta, noski, hor zegoen Mikelen ibilbide artistikoa, bultzatu eta zaindu beharrekoa.

Gainontzean, Mikelentzat nire iritzia oso garrantzitsua zen beti, oso kontuan hartzen zuen. Antzerkia zela, musika, zinema, literatura... nire erreferentziak kontuan hartzen zituen.

Horrez gain, bere emanaldien ondoren nire kritika oso garrantzitsua izaten zen. Batzuetan zorrotzegia ere izan naiz. Berak eta Iñakik [Salvador] hala esaten zuten kontzertuaren amaieran: ‘hara, badator Mari Sol. Ea zer dioen gaurkoan’.

Ezkon gauean bertan sentitu omen zenuen abentura zoragarri bat abiatzen ari zinetela. Hala izan al da zure bizitza Mikel Laboaren alboan?

Niretzat bai. Eta uste dut berak ere hala bizi duela. Akaso goizegi joan da, baina batzuetan hobe da goiz joatea gaizki joatea baino. Beti esaten dut ahal banu, errepikatu egingo nuela bidea. Baina ezin da. Eta neurri batean, gure bizitza idaztea berriz bizitzea bezala izan da, hurbilketa bat behintzat.

 

Nola bizi duzu oraindik kantuan segitzen duen Mikel Laboaren galera? Nola agurtu inoiz itzaliko ez dena?

Gustatuko litzaidake inoiz ez itzaltzea, oso pozgarria litzateke hori. Oso zaila da Mikel gabe egotea. Badira uneak jasangaitza egiten zaidana Mikel gabe egotea. Bere ahotsa entzutea ikaragarri gustatzen zait. Askotan entzuten dut Mikelen musika, eta, oso triste nagoenean, lagundu egiten nau Mikel entzuteak. Hori bai, beti baldintza onetan, soinu onarekin eta bolumen egokiarekin. Bestela, baldintza kaskarretan, nahiago dut ez entzun. Baina baldintza onetan, izugarri gustatzen zait Mikel entzutea.

Badaukat pasadizo bat oso polita, duela bi urte ingurukoa. Hilario Urbieta psikiatra, Mikelen laguna zena, topatu nuen Aieten –orain gaixorik dagoela uste dut–. Mikelek eta Hilariok harreman polita zuten eta asko sentitu zuen Mikelen heriotza. Kalean ikusten ninduenean beti gerturatzen zen agurtzera, muxu pare bat ematen zizkidan, hunkitu egiten zen... Egun hartan gerturatu eta galdetu zidan, «zer moduz zaude Mari Sol?». Eta nik erantzun nion tira, nahiko ondo nengoela. «Aizu, baina gauero gogoratuko zara Mikelekin, ezta?». Eta, nik, «gauean, goizean, eguerdian, arratsaldean... eta batzuetan txoriek Mikelen mezuak ekartzen dizkidatela iruditzen zait». Eta, orduan, Hilariok, oso serio esan zidan, «aizu, ba Mikelekin konektatzea lortzen baduzu, agurtu ezazu nire partez ahaztu gabe».