Mikel Soto

Adarkadak

Sanferminak pasata Iruñean ez daukagu burua kontu askotarako. Lagun batek dio parranda hain txarra ere ez dela, neuronen darwinismo moduko bat abiatzen duela. Hau da, neurona zaharrak hiltzen dira eta gazteenek egiten dute aurrera. Ez dut uste, nik neuk astebete inguru burua kotoi artean izan ohi dut. Tira, sarrera hau finean espeso xamar nagoela aitortzeko.

Sanferminak amaitzerakoan mota guztietako balantzeak abiatzen ditugu: ekonomikoak, politikoak, pertsonalak. Alabaina, guztiek daukate kutsu pertsonal bat; sanferminak gure bizipenetatik galbahetzen ditugu eta horien arabera ondorioak atera. Jaien irakurketa okerrak egiten ditugu sarri –hauxe bat?– galbahe pertsonal eta moral horietatik pasatzen ditugulako (harritu nauenetako bat: Floren Aoizen “No, los sanfermines no son eso”, GARA, 14/07/12). San Fermin asko eta asko daudela ahazten dugu. Eta onartzen kostatzen zaigu zabalen diren errepideetan lerro ugari daudela auto bakoitzak nahi duenetik joateko eta errepide estuetan, aldiz, oso lerro gutxi daudela bakoitzak nahi duena hautatzeko.

Sanferminetako egunik bereziena, segur asko, seikoa da. Normalean “etxekoak” egon ohi gara eta egun zinez polita da... eta arriskutsua. San Fermin bezpera horretan iruindarrok sincericidio ugari burutzen ditugu. Lagun batek behin esan zidan bera seian «adarkadak ematera» ateratzen zela. Eta batzuetan pentsatzen dut hori dela sanferminetako dikotomia: adarkadak banatu edo jaso. Hala, bada, bederatzi egunetan zehar Iruñea entzierro handi bat da: ikastolako lagun batek umearoa izorratu zeniola esango dizu; institutuan ezagututako neska batek nerabezaroa zutaz maiteminduta eman zuela aitortuko dizu; atzeratu mental batek, desafioan, ETAren pegatina bat emango dizu, Erakundea berak bezainbeste miretsi eta errespetatzen duzun argitzeko (hau da, jakiteko ea mozkor zaudelarik pegatina bat jantziko duzun eta txupitoak «Gora ETA militarra!» oihukatuz edango dituzun); mozkorrik mozkorrenak ordu batzuez DJ sentituko dira eta matraka emango diete tabernariei haiek nahi duten musika jar dezaten (jakin baitakite zein den taberna horretarako –zein bizitzarako– soinu-banda aproposena); ezezagun batek zure lana putamierda bat dela aurpegiratuko dizu, eta abar. Eta, mozkor edo/eta drogatuta zaudela, Miura, Cebada Gago eta Jandilla hauen artean korrika egin beharko duzu, ondo pasatzeari utzi gabe (eta, posible baduzu, deskuiduan, adarkada batzuk itzuli). Hori egitea lortuz gero, Iruñeko benetako divino bat zarela esan dezakezu.

Mikel Urmenetari elkarrizketa batean irakurri nion: «Las celebraciones unen a la gente; nos hacen mejores personas, más positivos, menos oscuros, más abiertos, menos ridículos, más solidarios, menos egoístas, más humanos, menos primates. Las celebraciones no son expresiones frívolas sino canales de encuentro de gran trascendencia». Guztiz bat nator. Beti pentsatu izan dut gure jaiek gutaz asko esaten dutela, ez direla denbora-pasa hutsa, esanahi sakona dutela. Zoritxarrez, jaiekin drogekin gertatzen den gauza bera gertatzen da, segur asko gure jaien ezinbesteko elementu bat drogak direlako. Ez da komenigarria gaizki zaudela –minduta, beldurtuta, tristatuta, larrituta, haserre– drogatzea, horrelakoetan drogak zure deabruak dantzatzera ateratzen baititu. Eta horixe gertatu ohi da jaietan, jendearen aldartearen arabera adarkadak banatu eta jasotzen dira.

Ez gaizki ulertu, berriz diot, jai paregabeak dauzkagula uste dut: hamarnaka milaka pertsona bederatzi egunetan zehar mozkor arraio eta imajina ditzakegun gauzarik arraroenak egiten eman ostean, apenas dagoen liskarrik. Ez dut uste mundu zabalean leku askotan hau gerta daitekeenik. Beraz, bai, nire tokaioak bezala neuk ere uste dut jaiek hobe egiten gaituztela, humanoago, positiboago (primateena zalantzakorragoa da, beharbada soilik humanoago izateko modu bat da). Eta, hala ere, ez genituzke Robert Louis Stevensonen, pirata handi horren hitzak ahaztu behar: «Goiz ala berandu guztiok eseri behar gara ondorioen bankete baten aurrean». •