Amaia Agirre

Ez da kasualitatea

Ez da kasualitatea” bezala bataiatu genituen bertso saio musikatu batzuk. Protagonistak bost emakume bertsolari izaten dira. Eta ez dira kasualitatearen ondorio ez musika, ez ikuskizuna, ez antolatzaileen profila.

Kasualitatean gero eta gutxiago sinesten dut. Kasualitatea al da ahalbide ekonomiko eskasenak dituztenak izatea eskuzabalenak? Duzunarekin bizitzen jakitea omen da aberastasunik handiena. Esaera zaharrak ederrak eta emankorrak dira, baina ez dakit jarrera berrietarako balio ote duten. Oraindik ere askok gaurkotasun izugarria dute, ordea.

Kasualitatea eta araua hausten duen salbuespena behar luke politikari izateko gezurtia izan beharrak, baina hori ere joko arauen parte bihurtzen ari da. Kausa eta kalitatea elkartu beharko lituzketen postuetan kantitatean pausarik egiten ez dutenak dira. Lapurtu eta lapurtu. Ez dakit hitzetik bizi ote diren, baina hitza jatea maite dute! Batzuek polenari bezala, beste askok alergia egiari diotela dirudi. Ez dut uste kasualitatea denik Espainiako monarkiaren inguruko ustelkeriak zabaltzen duen usain txarra estaltzeko langabeziari buruz hizketan hastea. Langabeziak behera egiten du erregearen etxean lapurretak gora egiten duen aldiro. Kasualitatea!

Presoen hurbiltze eskaerek oihartzun txikiagoa dute bakea bultzatzen duten politikari eskuindarren indarra handitzen doan heinean. Egia eta justizia umezurtz dauden estatuan alferrik ariko dira abortuaren inguruko lege berriak derrigortu nahian.

Kasualitateak dituen ezusteko bitxietan sinesten jarraitu nahi dut. Zerbaitetan sinesteak on egiten digu guztioi, baina sinesmena sineskeria bihurtzen denean, akabo magia. Nik ez dut errugabeak sutara bidaltzen diren akelarre honetan parte hartu nahi. •