Iosu Iturrioz Dorronsoro

Aukeratutako bertsolariaren bertsoak erosi eta oparitan emateko webgunea

Iñigo Otegik sortutako «www.bertsoakopari.com» web orria martxan da aurreko igandetik. Bertan, erabiltzaileek nahi duten bertsolariari bertso bat sortzeko eskaera egin diezaiokete. Une honetan, proiektuan sei bertsolarik hartzen dute parte, baina pixkanaka-pixkanaka, bertsolari gehiago gehituko dira.

Jon Urbe/ Argazki press
Jon Urbe/ Argazki press

Bertsolariei bertso bat sortzeko eskaera egitea aspaldiko ohitura da. Txirritarengana, esaterako, jende asko joaten omen zen norbaiten kontrako bertso-paperak jar zitzan eskatzera. Desamodio kontuak zein mota guztietako arrazoiengatik sortutako ezinikusiak ziren, besteak beste, bertso-sorta horietako gaiak. Enkargatutako gaiaren gainean bertso-sorta bat buruz konposatzen zuen Txirritak, eta, ostean, bere ilobak paperean jarri eta inprentara eramaten zuen azoka egunetan saltzeko.

Oraingo bertsolariei ere iristen zaizkie halako enkarguak. Kasurik gehienetan, eskakizunak bertsoak gertuko senide edo lagunen bati oparitzeko asmoarekin egiten dira. Guztiek ez dute, baina, bertsolari bati bertso bat eskatzeko parada; Iñigo Otegik dioen moduan, «aukera bertsolariarekin harreman zuzena daukaten lagunek soilik izan ohi dute».

Ideia hori abiapuntu hartuta, Iñigo Otegik eta Mikel Arbonak www.bertsoakopari.com web orria sortu berri dute. Pasa den igandean plazaratutako gune honen xedea edonork bere gustuko bertsolariari bertso pertsonalizatuak eskatzea ahalbidetzen duen zerbitzua eskaintzea da. Zerbitzu horren bitartez, bezeroak bertsoa jasoko duen pertsonaren informazioa helaraziko dio bertsolariari. Ondoren, aukeratutako bertsolariak bertso bat osatu eta berau kantatuz agertzen den bideo bat bidaliko dio eskatzaileari.

Otegik aditzera eman duenez, beste proiektu batean lanean zebiltzala «jendeak opariak jasotzea gustuko duela jabetuta», oraindik inori otu ez zitzaion ideia hau bururatu zitzaien. Ordutik, hainbat bertsolarirekin harremanetan jarri eta proiektua itxuratzen jardun dira.

Momentuz, sei bertsolariren –Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi, Anjel Mari Peñagarikano, Sebastian Lizaso, Julio Soto eta Xabier Euzkitze– bertsoak eskuratu daitezke, baina egitasmoaren sortzaileek denborarekin bertsolari gehiago batuko direla ekimenera aipatu dute.

Azken batean, erabiltzaileen eskura zerbitzu berri bat ezartzeaz gain, egitasmoak bertsolariei «egunerokotasunean egin ohi dutena modu profesionalean» egiteko aukera emango diela nabarmendu du Iñigo Otegik. Bide batez, gainera, webguneak bertsolaritza sustatuko duela uste dute. Hemendik aurrera, beraz, euskara, gaztelania eta ingelesezko bertsioak dituen atariari esker, munduko edozein txokotatik bertso pertsonalizatu bat sortzeko eskaera egin ahal izango da.

Zerbitzua eta funtzionamendua

Bi dira atariak eskaintzen dituen zerbitzuak; batetik, eskaera arrunta, eta, bestetik, VIP deituriko aukera. Lehendabizikoan, bertsolariak bezeroaren eskaera jaso eta, batez beste, produktua bezeroari bidaltzeko hamabost eguneko epea du. Zerbitzuaren truke bezeroak 75 euro ordaindu behar ditu.

Erosleak bertsoa ahalik eta azkarren jaso nahi badu, bigarren aukera da egokiena. Webgunean irakur daitekeenez, «VIP erosketa aukeratuz gero, zure bertso-sorta aukera hau erosi ez dutenenak baino lehenago egingo da». Beste hitz batzuetan, esanda, bertsolariaren lehentasuna lan hau burutzea izango da. Arrazoi hori dela eta, bigarren aukera horrek 112,50 euroko kostua du.

Bi kasuetan, bezeroak bertsoa eskatzeko jarraitu beharreko prozedura berbera da. Lehenik eta behin, erabiltzaileak bertsolaria aukeratu behar du. Jarraian, bertsoaren hartzailearen datuak eskaini behar ditu. Behin eskaera egin ondoren, bertsolariari mezu bat iritsiko zaio Telegram aplikazioaren bidez. Bertsolariak bere lanarekin amaitutakoan, bertsoak eroslearen esku jarriko ditu. Horretarako, aurretiaz erabiltzaileak berak hautatutako iturria baliatuko du, hau da, Telegram aplikazioa edo posta elektronikoa.