Iratxe Urizar

«Hainbat jende» hori

Orain egun gutxi, bakearen Nobel saridun famatu horrek, Barack Obamak, Irailaren 11ko erasoen ondoren «hainbat jende torturatu» zutela azaldu zion munduari, baina horren inguruan ez genuela jarrera beatoegia izan behar eta ulerkorrak izan behar genuela (torturatzaileekin) garai horretan presio eta estres gogorpean baitzeuden (torturatzaileak). CIAk izandako hainbat portaeraren inguruko fitxategi sekretuen argitaratzea etorri ezean pentsaezinak ziren deklarazio horiek egin zituen… eta hori guztia, gaur egun ere praktikatzen dela esan gabe eta erantzuleen aurka neurririk hartuko ote duten argitu gabe.

Irailaren 11ko erasoen ostean, beldurraren eta izuaren mezua zabalduz eta edozein irizpide kritiko neutralizatuz, estatuek behar zuten legitimazio guztia topatu zuten legislazio berriak egin edo jada zituztenak moldatzeko, erretorika antiterrorista hartuz barneko interesei erantzuteko. Euskal Herrian jada ondo ezagutzen genuen erretorika hura, gure herri txiki honetan mota guztietako eraso eta eskubide indibidual zein kolektiboen aurkako gehiegikeriak eguneko ogia baitziren. Baina gobernu guztiak sartu ziren zaku horretan, espainiar Gobernua barne.

Bere hitzak harago doaz; ez da torturaren erabilera aitortzea, baizik torturatzaileekin ulerkorrak izan behar dugula eskatzea, ia praktika hori justifikatuz, eta biktimak gauza bihurtuz, «hainbat jende» bezalako terminoak erabiliz. Modurik zorrotzenean zigortu beharko litzatekeen delitu larri bat esparru moralera eraman du, «gure printzipio etikoekin bat ez datorren portaera» izan zela esanez. Honek ez du inpunitatea baino indartzen. Eta horri buruz badakigu zerbait lur hauetan.

Inpunitate osoak eskaintzen duen lasaitasunetik egindako adierazpenak eta haur batek bihurrikeria bat egin duenean bezala «ez da berriro gertatuko» bezalakoak entzuteak, etxera ekartzen gaitu. Hemen inguruan zigortze penaletik at dagoela dakienaren ahotik «asko sentitzen dut, ez da berriro gertatuko» bezalako adierazpenak ateratzeak herritarrei mezu garbia bidaltzen die: ez bakarrik portaera batzuen aurka egiteko zigor egitura oso bat dagoela, baizik eta beste portaera batzuek, zigorrik ez izateaz gain, herritarrok hori ulertzea ere eskatuko dela.

Estatuek jendearen eskubideak bortxatu eta biktimek errekonozimendua eskatzen dutenean, kontu serioaz ari gara. Ez da esparru etiko soilera eraman daitekeen zerbait, erantzuleak jazarpen edo eduki penal guztiaz libratuta, eta ez da «gauza hauek gertatzen dira» esanez garrantzia kendu ahal zaion barrabaskeria bat ere.

Hau al da Estatuaren biktimek jaso dezaketen azalpen eta justifikazio onena?

Orain gutxi, nazioarteko txosten batek Estatu espainiarra kritikatzen zuen frankismo garaiko eta ondorengo garaiko biktimek izan duten estatu babes eskasagatik. Batzuek aurrerapausoren bat lortu dute edota beren senideen gorpuak berreskuratu dituzte, baina betiere dena beren poltsikotik ordainduta eta amaigabeko oztopo instituzional eta judizialei aurre eginez. Horrez gain, txostenak nabarmentzen zuen Estatuak biktimak babestu nahi izan dituenean nahiko ondo egiteko gai izan dela. Eta horren adibide jotzen du Terrorismoaren Biktimentzako Legea. Hartara, Estatuak lehen eta bigarren mailako biktimak sortu dituela gaineratzen zuen.

Historia ofizialaren kronika; borondate jainkotiarragatik errege den batek eta bakearen Nobel saridun batek –estatu boteretsueneko presidentea gainera–, tronutik jaitsi eta beren «aurpegi atsegina» erakutsiz, beren herritarrei uler ditzatela eskatzen diete burutu dituzten ankerkerien aurrean edota beren langile ankerren aurrean.

Baina beste historia bat irudikatzen dut… eta horrelako gobernariek justifikatu, babestu edo ezkutatzen dituzten eskubide urraketa horiek beraiek pairatuko balituzte? Eta beren estatuen ankerkeriak pairatu dituzten milaka «hainbat jende» horiek (milaka eta milaka palestinar, esaterako), denek, aho batez, oihukatuko balute: «Asko sentitzen dugu, ez da berriro gertatuko»? •