Iosu Imanol Unanue

Lapur espainolak

Orain jakin dugu gauza pare bat; beste inorena lapurtzea duina dela Espainian eta espainiar epaileek horrela erabaki dutela. Beraz, 111 “herriko” bereganatuko dituzte eta herritarrok geure borondatez jarri dugun dirua berentzat hartuko.

Gerran ere hala egiten da; herri batean sartu eta zureak ez diren gauzak hartu eta eraman ditzakezu. Espainolek ondo dakite hori; Amerika deitutako kontinentean ez zuten askorik utzi eta lapurtutako guztia euren poltsikoetara pasatu zen. Ez al ziren ba hangoak galtzaileak? «Aurkitutakoak»? Basatiak? Errebeldeak? Berdin gertatu zen Filipinetan, Ginean... berdin Herbehereetan eta, berdin, orain, Euskal Herrian. Eta hau guztia ez da berria.

Gernika bonbardatu eta hurrengo egunean bertan Bermeon sartu ziren eta lapurretan hasi ziren hainbat etxeetan; besteak beste, Nestor Basterretxearen familiaren etxean, gerora Guardia Zibilen kuartela izan zena. Batzokia falangista eta italiarren etxe bihurtu zuten eta italiarrek hilerri propio bat ere izan zuten. Eta, horrela, irabazleek galtzaileak beren etxeetatik kanporatu eta etxe barik utzi zituzten, tartean gure aitita-amamak. Eta urteak pasatu ondoren berdin jarraitu zuten; ANV-EAEko lokalekin berdina egin zutelako, baita preso eta iheslarien ondareekin.

Eta lapurtu dutena, batez ere, hainbeste jenderen askatasuna izan da. Berdin da PP-PSOE, UPyD, IU, Falangea, erreketeak edo karlistak izan. Denak batera jarraitzen dute euskal errebeldia zigortzen, Pertsona LIBREak zigortzen. Gerra-joko horren ondorioa da nire lagun mina eta Igor Gonzalez Solaren ama den Bixentari egina, kartzelan semea bisitatzen ari zela erori eta zauritu arren laguntzarik ez ematea.

Espainiar asko ez da inoiz bakezalea izan eta gerra klabeetan mugitzen da. Guk artean nahikoa indardaukagu garaipena lortzeko, askeak izateko, LIBRE bizitzeko. Besarkada bat eta animo «galtzaileei». •