Ruben Sanchez

Queerron aberria

Sodoma eta Gomorra jainkoak sufre eta suz kiskali zituenetik, queer herriak ez du jazarpena, tortura, espetxea eta hilketa besterik ezagutu. Berdin da zein kultura edo zibilizazio, zein erlijio edo sineskeria, goiz ala beranduago, queer herriak pairatu behar izan du mundu mailako heteropatriarkatuaren tirania.

Nazioartean badira jakina auzo/herri batzuk queerrontzat (Castro-San Frantzisko, Sitges, Le Marais...), baina heteropatriarkatuaren mendeko ghetto batzuk besterik ez dira. Horregatik, LGTB herriak bere estatu propioa eraiki behar du; gaurko munduan hori da herri bat babesteko tresnarik behinena.

Estatuak, jakina, lurraldea behar du: «heterorik gabeko lur bat, lurrik gabeko ez-heteroentzat». Munduan ez dago, ordea, heterorik gabeko lurrik –basamortu puskaren bat? Siberia? Oihan itxiren bat?–, eta gainera, halere, estaturen batenak dira denak; eta, noski, ez dago estaturik bere lurrik emateko prest dagoenik (ikusi Perejil irlarekin ze iskanbila!).

Frogatuta dago, ordea, Sodoma eta Gomorra queerron bi hiri-estatu izan zirela, Biblian jasota dago, baita kokapena ere: Itsaso Hilaren ertzean. Hori da, beraz, LGTB kolektiboaren Holy Land: dagokigun lurra. Azal kolore, sexu joera zein ama hizkuntza ezberdinak gorabehera, denok osatzen dugu herri bat, sexua askatasunean bizi (eta gozatu) nahi dugunon herria.

Heteroek badituzte gainerako herrialde/estatu guztiak, Txinatik Espainiara eta Senegaletik Ekuadorrera, bada non hauta. Queerrok bi hiriz osaturiko estatu bat besterik ez dugu eskatzen: Sodoma eta Gomorra. Historiak hainbeste zor digu. Orain sodomagomorrismoa-ren lehen biltzar handia egin behar dugu, berandu baino lehen. Gure ordua heldu dunk ño! Queer naunk eta harro nagonk! •