Ander Izagirre

Denok ergel

Bidaietan zu zara arraroa
Bidaietan zu zara arraroa

Nigel Barley antropologo ingelesak Kamerungo dowaio herriko zaharren bileratik atera nahi zuen eta etxera haragia egostera zihoala adierazten saiatu zen. Antza denez, ez zuen hizkuntza ondoegi menperatzen eta errementariarekin txortan egitera zihoala esan omen zuen. Zaharren algarak herri osoan entzun zituzten eta hurrengo egunetan, kontua zabaldu zenez, Barley topatzen zuten herritar guztiak barrez lehertzen ziren. Hala kontatzen du berak “The innocent anthropologist” liburuan.

Umorea teknika bikaina da bidaiarien narrazioetan. Kontakizuna arintzen du, irakurlea lotu, errealitatearen iskin bitxiak ikusten laguntzen digu. Baina idazteko baliabide bat baino askoz gehiago ere bada umorea. Idazten hasi aurreko jarrera bat da, bidaiatzeko eta bizitzeko modu bat.

 

Bidaietan oso fenomeno interesgarria gertatzen da. Ohiko testuingurua aldatzen digute, paisaia berrian dagoen elementu arrotza gu geu garela deskubritzen hasten gara eta ondorio bat mamitzen doa: inguratzen gaituen guztia arraroa baldin bada, agian arraroak gu geu izango gara. Djibutin, Coober Peddyn edo Potosin, txisteko gidaria bezalakoak gara, denak kontrako norabidean doazelako haserretzen den hura. Ez da erraza gidari hori gu garela onartzea.

Herrialde arrotz batera iristean, taxi gidariak ziri ikaragarria sartuko digu agian, saltzaile eta zerbitzariek kontuak puztuko dizkigute, diru mordoxka bat ordainduko dugu festa nazionalaren kamiseta bitxia erosteko eta berehala konturatuko gara kaletik pasatzen den edonori doan ematen diotela kamiseta, guri izan ezik. Argi dago: ergeltzat hartu gaituzte.

Bi gauza egin ditzakegu. Bata: ozpindu, herrialde nazkagarri hau eta bere biztanle zitalak madarikatu, hemen igaro behar ditugun egunak haserre bizian pasa. Bestea: egia onartu. Ergeltzat hartu bagaituzte, hemen ergelak garelako da.

Bigarren aukera hautatzeko gai bagara, ateak zabalduko zaizkigu. Pixkanaka iruzurtiak antzematen hasiko gara, herrialdean eroso eta erraz mugitzeko moduak asmatuko ditugu eta jende interesgarria (eta ez soilik interesatua) ezagutuko dugu. Istorio erakargarriak kontatuko dizkigute, erreportaje edo liburu on bat idazteko gaia jasoko dugu eta ez dugu gogaituta idatziko, zenbait bidaiarik egiten duten moduan.

 

Horregatik, umorea bidaiaren aurreko baldintza da. Ondo idatzi aurretik ondo bidaiatzeko, ergel hutsak garela onartzea da lehenengo urratsa. Gero, idazkera oso anitza izan daiteke. Umorea ez da beharbada agerikoa izango, umore leuna izan daiteke, ironia finaren berniza, gertaerekiko distantzia bat. Edo algarak sor ditzake.

Barley antropologoak bi urte igaro zituen Kamerungo dowaio herrikoekin, euren sinesmenak eta ohiturak aztertzen, eta etxera itzuli zenean «urruntasun bitxi bat» sentitu omen zuen. Ez zen izan Ingalaterran gauzak asko aldatu zirelako, baizik eta Kamerundik bueltan eguneroko ohitura ingelesak ez zitzaizkiolako “normalak” edo “naturalak” iruditu. «Ingeles izatea dowaio izatea bezain fikziozkoa iruditu zitzaidan», azaldu zuen. Lan akademikoaz gain, “The innocent anthropologist” liburua idatzi zuen Afrikako eskualde urrun hartan izan zuen bizimodu barregarriaren berri emateko eta azterketa antropologiko arranditsuen atzean dauden lardaskeriak azaleratzeko.

Liburuan, Barleyk hanka etengabe sartzen du dowaioen artean. Baina dowaioen hainbat jarrera, sineskeria eta erreakzio harrigarrien aurrean ere barre egiten du, eta oso gustura gainera. Baina ez da sekula iraingarria gertatzen, hasieratik erakusten duelako herriko pertsonarik irrigarriena bera dela eta egia unibertsal bat onartzen duelako: denok gaitasun itzela daukagula ergelak izateko. •

www.anderiza.com