Mikel Soto

Isiltasuna aterpe

Duela urte pare bat, “Bakea gudan” liburuaren aurkezpenaren ondoren, Jon Jimenez, Oier Guillan eta hirurok Donostiako Konstituzio plazan Joxe Azurmendirekin pote bat hartzeko zoria izan genuen. Pentsatzen dut hirurok plazer berberaz oroitzen dugula hitz-aspertua. Huntaz eta hartaz aritu ginen pentsamenduaren munstro zegamarrarekin, eta gogoan dut zentsuraz sutsu aritu zitzaigula. “Jakin”, “Argia”, Gabriel Aresti, Joan Mari Torrealdai... hamaika pasadizoren artean seriotasun handiz esan zigun harentzat berebiziko garrantzia izan duela zentsurak. Kuantifikatzen ezinezkoa dela euskal pentsamenduan izan duen garrantzia, nola mugatu eta, are, deformatu duen euskal pentsamendu garaikidea. Garai horiek sufritu zituenez, oso era zehatzean azaltzeko gai zen zer puntura arte mehatxu frankistak eragina zuen idazleengan, argitaratzaileengan, baita irakurleengan ere. Benetan zaila da asmatzea horrelako zerbaitek zer-nolako mugak, ajeak edota malformazioak uzten dizkion herri bati.

Ez noa esatera orain frankismoan bezala bizi garenik. Ez zaizkit horrelako alderaketak gustatzen: ilegalizazioari apartheid deitzea, Gazan gertatzen denari genozidio deitzea eta abar. Normalean doitasun historiko eta intelektualik gabeko alderaketak dira. Baina uste dut historikoki eta intelektualki guztiz zuzena dela espainiar Estatuaren menpe bizi garen euskaldunon gain zentsura era kezkagarrian hedatzen doala esatea. Astero-astero irakurtzen dugu norbait Auzitegi Nazionalera doala iritzi delitu batengatik (beharbada garrantzia dauka ere norberak zer irakurtzen duen). Hankan Txillidaren marrazki bat daukan neska bat; Hasier Arraiz, 1978an ezker abertzaleak Trantsizioa ez onartzean asmatu zuela esateagatik; iritzi artikulu bat idatzi duen norbait... Edonola, argi dago, Euskal Herrian milaka eta milaka lagunek ezin dugula gure iritzia askatasunez agertu. Ezin dugu Trantsizioaz nahi duguna esan edo amaitu den borroka armatuaz edo euskal presoez edo... Ezin dugu gure iritzia eman, legez kanpo utzi digute. Eta badirudi inori ez diola axola. Inor gutxi entzuten dut honen kontra hizketan. Duela urte batzuk ETAren mehatxuak salatzen zituztenek ez dute honi buruz tutik esaten.

Moralaren txapeldun izan nahi duen EAJk zentsura ez salatzeak ez nau harritzen. Beretzat aldarrikatzen duen moral horretatik guztiz salagarria den arren, bere etsai politikoa ahuldu nahi du. Besterik da horren kontura zer-nolako kaltea eragiten dion herri honen askatasunari (baita berak haragiztatu nahiko lukeen ikuspegi liberal horri ere). Baina herri honetako intelektualek anputazio politiko eta intelektual honi buruz ezer ez esatea miserablea iruditzen zait. 2000. urtean 140 intelektualek “Isiltasuna ez da aterpe” manifestua sinatu zuten. Inork ez du hatzik mugituko hau salatzeko? Eta, ez naiz, noski, eskubide zibil eta politikoen inguruan dagoeneko lanean ari diren intelektualez; manifestu hori idatzi, mugitu eta haizatu zutenez ari naiz. Ez da unea? Bortxa bat desagertu da, inportanteena zena, toleraezina zen ETAren bortxa. Sentiberatasun falta aurpegiratzen zigutenak ezgai dira hedatzen doan zentsuraren estutzea sentitzeko. Haien kide ugari autozentsuraren eta Auzitegi Nazionalaren artean mugitzen garela ikusteko.

Batzuek EAJren zio berdinengatik egingo dute, gorroto duten posizio intelektual bat ahultzeko. Beste batzuek haiek nahi dutena esateko tokia dute demokrazia honetan, beraz, ez dute zentsurarik sumatzen inon (zalantza daukat hauei intelektual aitortza eman ala ez). Biak ala biak zinikoak iruditzen zaizkit, ez dutelako inoiz argi hitz egiten. Badirudi, azkenean, bakean, haien isiltasunak lortu duela aterpea. •

 

(Hitz-ostea: Bide batez, «bortxarik gabe dena posible da» zintzoki esan zuen baten bati gustura entzungo nioke oker zegoela aitortzea. Berak zintzo uste zuela hori zioten guztiak benetan ari zirela, baina orain konturatu dela soilik batzuek ziotela egiazki, besteek lelo gezur eta zinikoa haizatzen zutela. Eta haiek direla boteretsuago. Uste dut gure prozesu honetan ariketa normalizatzaile sanoa litzatekeela).