ENEEKEuskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua

Tokian tokiko barietateak eta nekazaritza ekologikoa

Baztango arto gorritik hasi eta Aretxabaletako tomate moreraino, tokian tokiko barietateak nekazariek ehunka belaunalditan zehar egindako lan finaren emaitza dira. Historian zehar, barietateak ezaugarri ugariren arabera doitu dituzte nekazariek: lur mota ezberdinetan moldatzen direnak, klima jakin batera egokituta daudenak, zapore berezia daukatenak... Horrela, eskuz esku, belaunaldiz belaunaldi egindako trukean iritsi dira gaurdaino, adibidez, 100 mende luzeko zuhaitz genealogikoa daukaten gari-haziak.

Nekazaritza industrialaren etorrerak, eta honekin batera iritsitako hazi hibridoek, transmisio-katea hautsi zuten, tokian tokiko milaka barietate desagerraraziz, eta gelditzen direnak arrisku larrian jarriz. Izan ere, hazi hibridoen ezaugarriak erakargarriak ere badira: uztaren homogeneotasuna eta emankortasun handia. Baina badituzte horren erakargarriak ez diren beste ezaugarri batzuk ere: orokorrean, ekoizpen handi batek eskatzen duen homogeneotasun eta emankortasun maila lortzeko, nekazaritzan erabili ohi diren gai kimikoekiko menpekotasuna dute. Gainera, nekazarien autonomia galera ere eragin dute, hazi hibrido batetik sortutako landarearen haziek ez dituztelako jatorrizko ezaugarriak mantentzen (alegia, ez du merezi hazia gordetzea), eta, noski, hibridoen erabilera patenteen babespean dagoelako (urtero erosi behar dira).

Gaixotasun edota izurri jakin baten aurrean erresistentzia daukaten barietate “moderno” patentedunek barietate zaharretatik jaso dute gaitasun hori. Horiek horrela, barietateen desagerpenak baliabide garrantzitsu baten galera dakar: barietateek gordetzen duten ondare genetikoa. “Higadura genetikoa” deitzen zaio fenomenoari, eta horri aurre egiteko sortu dira nonahi (baita, noski, Euskal Herrian ere) tokian tokiko hazi sareak eta barietate zaharrekin lan egiten duten bestelako ekimenak. Les Refardes-Gaiadea da horietako bat (www.lesrefardes.com).

Herrialde Katalanetan duela bederatzi urte sortutako Les Refardes elkarteak barietate zaharrak berreskuratu eta berauen haziak ekologikoki ekoitzi eta komertzialki saltzen ditu. Hiru lagunek egiten dute lan bertan, baina ehunka kolaboratzaile dauzka elkarteak, izan nekazariak izan ikerlariak izan herritar soilak. Les Refardes elkarteko hazi-gordailuan 500 barietate zahar inguru gordetzen dira. Asko emandakoak dira, eta beste asko urtero egiten dituzten prospekzio etnobotanikoen bidez pilatu dituzte. Elkartetik argitzen dutenez, katalogoan 160 barietate besterik ez dauzkate. Barietate guztiak dira interesgarriak, ondare genetiko garrantzitsu bat gordetzen duten heinean, baina guztiek ez dituzte betetzen ortugile profesional batek behar dituen baldintza minimoak. Horrela, egokitasun produktiboa aztertzeko, entsegu agronomikoak egiten dituzte, barietate bakoitzak izurri eta gaixotasunen aurrean zein baldintza klimatiko ezberdinetan duen jokabidea ikusteko, baita uzta-ondoko portaera aztertzeko ere. Dastatzeak, bistan da, komertzialki ekoitziko dituzten barietateen hautaketarako beste froga bat dira.

Alegaltasunean mugitu

Nekazaritza ekoizpenak estandarizaziorantz hartu duen desmartxaren ondorioz, hazien ekoizpena eta merkaturatzea oso arau zorrotzen menpe dago. Hain da horrela, gaur egungo legediak hazien trukaketa bezain ohikoa den jarduera bat zigortzen duela. Barietate bat merkaturatu ahal izateko, berau erregistraturik egotea eskatzen da. Horrek gastu handia suposa diezaioke Les Refardes elkartea bezalako ekoizle txiki bati. Are gehiago, ikuspuntu etikotik ere zalantzak sortzen ditu. Azken finean, baserritarren belaunaldi askok garatutako barietate bat erregistratzeko eskubidea inork beregana dezake?

Elkarte katalanaren barietate gehienak erregistratu gabe daude. Horregatik, diotenez, «alegaltasunean jarduten dugu. Hazi Ekoizleen Erregistroan bagaude, baita Kataluniako Nekazaritza Ekologikoaren Kontseiluan ere. Gure karakterizazio-fitxak egiterakoan, barietate bat erregistratzeko eskatzen diren baldintzak aintzat hartzen ditugu. Baliteke etorkizunean lan hori egitea, baina zalantzak dauzkagu erregistroaren gaiarekin. Hain zuzen, hori da salatu nahi duguna: barietate zaharrak bidegabeki tratatuak direla, soilik barietate komertzialen baldintzak ez dituztelako betetzen eta ez daudelako erregistraturik. Ondorioz, ezin dira saldu. Tokian tokiko barietateak ez dira homogeneoak –barietate bat erregistratu ahal izateko ezinbesteko baldintza da–, baina, hori da, hain zuzen, duten ezaugarririk interesgarriena: baldintza ezberdinen aurrean egokitzeko duten gaitasuna». 

Izurri eta gaixotasunen aurrean moldagarritasuna, tokiko klimara egokituta egotea, zaporez beteak izatea... eta urtez urte gordetzeko aukera edukitzea. Ez dago zalantzarik, tokian tokiko haziak erabat egokiak dira nekazaritza ekologikoaren ikuspegitik.