Garazi Goia

Besteen bizitzetan sartuz…

P hyllis Rose idazle eta kritikariak Virginia Woolfi buruzko biografia bat idatzi zuen, “Eskutitzen emakumea” izenburuduna, eta gaur topatu dut liburu dendan; kasualitatez, gaur baita ere, Woolfek idatzitako eskutitz batzuk ikusi ditut. (Hau beste batean kontatuko dut, baina Rosek egin zuen esperimentu bat miresten dut: New York Society Library-ko apal bat aukeratu zuen eta bertan zeuden liburu guztiak irakurri zituen, bata bestearen atzetik. Finean, munduan idazle asko daude eta horrelako ausazko irizpideak erabili ezean batzuek beti jarraituko dute ezezagun izaten).

Eskutitzak, koadroak, objektu pertsonalak eta argazkiak zortzi gelatan orden kronologikoan jarri eta ordubeteko iraupeneko ibilbide bat defini dezakegu norbaiten bizitzan. Hori egin dut gaur Londresko erakusketa batean.

Eskutitzak. Virginiak Woolfek bere buruaz beste egin aurretik bidalitako eskutitzak daude beira-arasetan. Erotzen ari zela zioen, ezin zuela horrela aurrera egin. Ez zela gai irakurtzeko, idazteko edo bere senarra zoriontsu egiteko. Distantziaren eta denboraren objektibotasunean, hoztasun arrazional eta bihozgabean idatzitako hitzak diruditela xuxurlatu dit nire ondoko ezezagunak.

Argazkiak. Woolfen argazki-album pertsonalak. Oroitzapenak argazkietan. T.S. Eliotekin, Sigmund Freudekin, Bloomsbury intelektualen taldeko beste kideekin, bere ahizpa Vanessa Bellekin.

Bastoia. Errekaren alboan bere senarrak aurkitua. Heriotzaren atarian gelditu zen Woolf urak irentsi zuenean, harriz betetako poltsikoetako pisuak bultzatuta.

Eskutitz gehiago. Vita Sackville-Westi idatzitakoak. Beraien arteko aferaren erdian, harremanaren intentsitatea adieraziz, esperientzia berriek iradokitzen duten pasioarekin. “Orlando” lehenengo aldiz irakurri nuenean, ez nekien eskaintza egiten zion emakume hura nor zen.

Picassoren “Negarrez dagoen emakumearen” horma-irudi bat. Londresko Burlington galerian, Picassoren “Gernika” koadroa egon zen ikusgai 1938ko urriaren 4tik 29ra bitartean. Virginia Woolf, erakusketako babesleetako bat izan omen zen. Hori zioen afixak. Garai berean, Woolfek Albert Hall eraikin famatuaren inguruan kontzentrazio batean parte hartu omen zuen, Euskal Herritik ihes egin beharra izan zuten gerrako haurrentzat diru-laguntza biltzeko.

Eskutitz gehiago. Virginiaren senarrak lagun bati bidalitakoa, buruko gaixotasunak ez zeukala sendabiderik esanez. Mina eta etsipena nabari ziren idatzian.

Liburuak. Edizio originaletakoak. Lehenengo liburua, “The voyage out”, argitaratu zuenean, Virginiak honakoa esan omen zuen: «Bizitzaren anabasaren sentsazioak igorri nahi nizkion jendeari, ordenarik gabe, modu anitzetan. Heriotzak sentsazio horiek etengo ditu une batez, eta, ondoren, berriro ere aurrera jarraituko dute». Ederra iruditu zait.

Woolfen bizitzari buruz milaka interpretazio ezberdin aterako ziren gaur zortzi gela haietatik. “Orlando” irakurriko dugu berriro eta Vita eta Virginiak partekatutako eskutitzak izango ditugu presente buruan, lehenengo irakurketako inozentzia eta manipulatu gabeko aurreiritziak ezabatuz. Suizidio aurreko eskutitzak British Libraryk zituen gordeta. Liburutegian bertan ikusgai jartzea pentsatu omen zuten behin, baina ez zela “egokia” ondorioztatu zuten, testuinguru bat falta zitzaielako.

Nork erabakitzen du zein den testuinguru egokia edo desegokia norbaiten barne-barneko hausnarketak eta sekretuak milaka jenderen aurrean azaleratzeko? Denborak? Une horretan, zauriak irekitzeko arriskurik ez dagoela iruditzen zaiolako norbaiti? Nor da “norbait” hori? Zer pentsatuko luke Woolfen senarrak bere eskutitzetako ezintasuna eta mina egunen batean ezezagunekin partekatuko zirela jakinez gero? Heriotzak errotik ateratzen al ditu sentimendu eta erantzunik gabeko galdera hauek guztiak?

Norbaiten eremu pertsonalena zapaldu osteko sentsazio deserosoarekin alde egin dut erakusketatik. Besteen bizitzetan sartu naiz. Baimenik eskatu gabe. •