Joseba Otondo

Ilusioa

Ilusioa salgai berrien zirrararekin nahasten dugun garai hauetan, aldaketa sozial eta politiko sakonek behar duten aldarte baikorra eta ilusioa nola mantendu, nola hauspotu da gakoa. Prozesu sozial eta politiko konplexuen alderdi kamutsak, ingurune soraioak, norgehiagoka ahigarriak nornahi higatzeko gauza dira. Sistemaren mende dauden komunikabideen agenda bihurria eta azpijoko zikina, hautetsi zoldatsuen zinismoa, jendearen apatia edo “nirea zertan” batzuen kezka bakarra; eta guztia borobiltzeko maiz norberaren taldeetan izaten diren jarrera sektarioak eta talde erabakiekiko mespretxu eta aldebakarreko jokaerak ez dira nolanahiko kontuak animoa goratzeko edo apaltzeko.

Halakoetan aldaketarako iruditegi indartsu batek lanak pixka bat errazten ditu. Baina gurean iruditegi hori franko gastatua dagoela dirudi. Iraultzarik, orain guttienez, eginen ez dugula bistakoa da, baina iraultzarekin ez amestea kontu guztiz desberdina da. Gatzgabeko diskurtsoa, forma behin eta berriz erabiliak, askapen prozesu mundialekiko urruntasuna… XXI. mendeko Euskal Herrian askapen integral baterako iruditegia eta praxia zeintzuk diren eta nola eraiki behar diren zehaztea eginkizun saihetsezina da.

Balizko Euskal Estatua lauza bezala ageri da. Estatu espainiarretik zein estatu frantsesetik bereiz baina balizko burokrazia berri baten pisuarekin. Dagoena txukunago eta jatorrago, kontua hori dela ematen du. Dinamika hausle herritarra, anitza baina batera aritzeko gogoz dagoena falta da; bizitzeko, aritzeko, pentsatzeko balio eta jarrera iraultzaile sortzaileak.

Edozein gatazka, psikologikoa den borroka da. Ilusioa norberaren aldean jartzea, ilusionaturik egotea, edozertarako oinarria da. Bertzenaz, lugorria. Iraultzailea ez den zerbait ilusionagarria izan al daiteke? Kontsumitzaile herabe izatea edo azken hautes eskaintzari boza ematea aski erraza da. •