Galder Gonzalez

Malagako bortxaketaren harira

Malagan bost gazteren artean neska bat bortxatu dutela (agian “antza” esan beharko nuke) albiste izan da hainbat komunikabidetan egunotan. Ez bakarrik bortxaketa bera (tamalez) ohituta gaudena baino krudelagoa izan delako, baizik eta bere ondorioz sortu diren iruzkin, komentario eta irudiak direla eta. Alkate frankista bat (literalki) izan dugu telebistan esanez ez dela hain larria, «horrelakoak urtero milaka gertatzen dira-eta». Ondoren atxilotuak aske uztea, txalo artean (beno, uler nezake familiak errugabetasunean sinestea), eta, tamalgarriena, Antena3 telebista katean zuzeneko elkarrizketa batean ikustea (argudiaketa surrealista batekin).

Hurrengo egunean ETB2ko “Sin ir más lejos” saioan egunotan UPVren udako ikastaroetan hitzaldia emango duen Urra abizeneko tipo bat. Bere ustez onena dela bortxatzaile zein pederastak bere buruaz beste egitera bultzatzea. Txaloak “karkundiaren” aldetik. Kartzelak, psikiatrikoek edo bestelakoek balio ez dutenez (ez dutelako balio, baina hau beste eztabaida bat litzateke), eta heriotza zigorra publikoki defendatzea konplexua denez, ba, hoberena, jendea suizidiora bultzatzea. Hori delitua dela kontuan hartu gabe, azpitik dagoen ideia bera da: bortxaketak edo pederastia (dena delakoa jar ezazu zerrenda honetan) arazo indibidualak dira, gure kode zibiletan argi eta garbi dagoelako idatzita delitu horiek ezin direla egin. Arazoa pertsonala denez, soluzioa ere pertsonala da (ETB). Arazoa pertsonala denez, agian erasotzaileek zein erasotakoek dute denaren ardura (Malaga).

Baina inolaz ere, inon, ez dugu entzungo patriarkatuaren inguruko eztabaidarik, txikitatik eskolan, etxean zein telebistan ikasten dugunaren ingurukorik, sistema osoak ezarritako biolentzia sinboliko eta erreal guztiaren inguruko kritikarik. Horrek ez du saltzen. Hurrengo bortxaketara arte! •