Unai Fernandez de Betoño

Industria arauen malgutzea

Duela hamarkada bat Euskal Herrian bazegoen lurzoru industrialerako eskaerarik. Oraintxe bertan, ez hainbeste. Ondorioz, orduan sortutako arau ustez zorrotzak malgutu egin behar direla uste da orain, industria erakarriko bada, ekonomia (negozioa) berpiztuko bada. Alboko Kantabrian ere komeriak bizi dituzte kontuarekin; gogoratu, bestela, pasa den urtarrilean Europak espediente bat ireki ziola industria lurzorua doan eskaini ote duen argitzeko, Bizkaiko Foru Aldundiaren salaketa dela medio. Erantzunaren zain dago Arabako Foru Aldundia ere, antzeko formula bat saiatzeko. Horrelako erabaki ekonomiko sektorialen bidez antolatzen baitugu lurraldea, osotasun ikuspegiko inolako estrategia fisiko-espazialik gabe. Eta “merkatu” gizajoari oztopo gehiegirik ezarri gabe, zer gerta ere.

 

Industria arauen malgutzearen alde daude, halaber, Gasteizko gobernu popularra eta hura babesten duten jelkideak. Arauek enpresaburu gaixoen aukera askatasuna murrizten omen dute. Gasteiztar enpresarienak, haien esanetan. Horregatik, Hiria Antolatzeko Plan Orokorreko industria ordenantzen aldaketa bat adostu berri dute, baita behin-behingoz onetsi ere (hondartzan geunden bitartean joan den abuztuaren 11n Arabako Aldizkari Ofizialean argitaratuz), beste alderdi politikoekin inolako adostasunik bilatu gabe. Nahiago baita konplizitatea SEA Arabako Enpresariekin lantzea. Berriz ere, hirigintza ekonomiaren motor gisa, edo, hobe esanda, orubeen prezioa biderkatzeko tresna huts gisa ulertzeko.

Europako Mendebalde osoan jazotzen ari da industria lurzoruen tertziarizazio prozesu etengabea. Ondasunen ekoizpenaren deslokalizazioa, alegia. Aipatutako Gasteizko HAPOaren aldaketa ere bide horretatik doa, industria lurzoruan komertzioak zein ekipamenduak irekitzeko aukerak gehiago zabaltzen baitira, baita bulegoak ezartzeko baimena solairu guztietara hedatu ere. «Erakusleiho industria» deiturikoaren kale sarea ere zabaldu egin da, aldaketaren arima ondo laburbiltzen duen leloa nahigabe osatuz: ekoizpen industriatik erakusleiho industriara.

Gainera, aldaketak ez die Gasteizko enpresariei soilik mesede egiten, sustatzaileek iragarri bezala. Badirudi aldaketa batzuk Mercadona eta enparauengan pentsatuz espresuki egin direla, haien garroak luzatzeko muga handirik topatu ez ditzaten. Interes kolektiboa ulertzeko modu bitxia. Eta Plan Orokorra aldatzeko are modu bitxiagoa: HAPO osoa kontsentsuz-edo berrikusten ari den une berean, urgentziazko aldaketa aldebakar eta garrantzitsu hau garatzen da udaren erdian. Zer eztabaidatuko da, horrenbestez, HAPOa berrikusteko eratutako ponentzia politikoan? Zerbait eztabaidatu nahi al da, benetan? Zeren eta, badirudi gobernutik zein haren babeslekutik datorren gidalerro urbanistiko bakarra udalerrian ezarri nahi diren enpresei alfonbra gorria jartzea dela.

Gero eta gehiago gorpuzten ari da hurrengo kezka, horrenbestez: egiazki, Gasteizko Plan Orokorra berrikusi nahi al da? •