Musikaren uhinak gaur arte

Ba bai, telefonoa lapurtu zidaten abuztua hastearekin batera eta konektatuta egote horri ere oporrak eman nizkion hilabetez. Irailaren 1ean zenbakia berreskuratzean, ordea, izan nuen sorpresarik. Neure burua argazki album zahar batean ikusi bainuen, telefonoz ateratako argazki bat WhatsAppean jaso nuenean. Zenbakia berreskuratzearen pozarekin, agendako kontaktu guztiak galtzearen ezinegona nahasten da; baina hala ere, banekien nor zen mezuaren egilea, sasoi hartan argazkia atera zuen bera. Txilibrin albokariari elkarrizketa bat egitera joan gintzaizkion, bere etxera, institutuko ingeles eta musika irakaslearekin. Bibote zorrotzeko Txilibrin albokariaren aurrean, estetika punkydun 15 urteko neskato bat ikusteak lotsagorritu egin ninduen. Are gehiago hilabetez mezu hari erantzun ez izanak.
Abuztuan aspaldiko argazki zaharrei begira egon da beraz norbait eta aspaldiko une hura birgogoratu du; denok egin izan dugu noizbait edo sarritan argazkien ariketa. Beti dagoelako konstelazioko kideez gogoratzeko beharra eta aldi bakoitzean irudi imajinario desberdinak eraikitzen ditugun arren, finean gure imajinarioa osatzen duten kideak betikotu egiten ditu gure memoriak, aztarna luzea utziz.
Ekainean egin genuen, aspaldiko, maisuarekin bazkaria Bilbon, orduko sasoietan bere esanei fidel jarraitzen zien taldeak. Pedro Elias Igartua ingeles irakaslearekin bestelako gauzak ikasi genituen ingeleseko eskoletan, musikaren autobidea ireki zigun eta bizitzako gasolina izan da zentzu askotan. Hemezortzi urterekin gidatzeko baimena ateratzean, guretzat ez zen Euskal Herrian “gertu” eta “urruti”korik, nahinora joaten ginen kontzertuen irrikaz. Gogoan dut Pi. L.T. taldearen lehen disko zuri hura eskolako mahai gainean utzi zidaneko unea, (Pi. L.T. Esan Ozenki, 1995) ea disko haren kritika bat idatziko nuen. Orduan ez zen existitzen “Entzun!”-ik, euskara hutsezko musika aldizkaririk, eta “El Tubo” musika aldizkaria elebidun izateko ahalegin horretan zebilenez, berarekin batera aliatu gazteak behar zituen. Norbere autonomia garatzeko osagai asko eman zizkigun berak, gogoan dut trena hartuta nola joaten ginen Atxurira, txirrina jo eta zelan sartzen ginen aldizkari haren erredakziora, artean adin txikikoak ginela. Belen Mijangos edo Pablo Cabezak egiten ziguten harrera eta han eskuratzen genituen atera berri ziren primiziak; inoiz egon bada gustura egiteko etxerako lanik, haiek ziren guretzat.
Kritikotasunean ere hezi ginen institutuko garaian, ez baitzen erraza beti bere aldartearekin bat egitea, irakasle erretxina ere izaten zen sarritan, baina begi bat beti zabalik lokartzen den horietakoa denez, beti ematen ziguten zer pentsatu une bakoitzeko bere haserrealdiak, gutxitan baitziren debaldekoak.
Gerora jabetzen zara sabaiko konstelazioa zeintzuek osatzen duten, zeintzuek egiten duten dirdira berezi bat eta sekula ez da berandu eskertzeko. Prentsan zein irratian asko idatzi eta esandakoa da musikaz Pedro eta egun Bilbo Hiria Irratiko Soinugela saiotik uhinak astintzen ditu maisuki. Zaletasun batzuk ez direnez iraungitzen, Leon Russellen kontzertuan elkartu eta udaz galdegiten diogu elkarri, irribarrea eta poza da nagusi iraileko gaugiro ederrean. Eskolako hormak aspaldi arrakalatu ziren guretzat, baina eskolatik kanpo ere badago eskola handi bat hor kanpoan, kalean, klariona eta arbelik gabe, gaur egun lagun artean. •

