«Proiektu bakoitza begirada berri eta desberdin batekin abiatzea atsegin dut»
Inguratzen zuen testuinguru industrialetik ihes egiteko bokazioz hartu zuen argazki makina, eta bere bizitzaren bidaian bidaide du ordutik

Estilo batean kateatuta, ihes egin ezinik, aurkitzea da Leo Simoes (Iurreta, 1968) argazkilariaren amesgaiztoa. Errepikapenetik ihes egiten du. Literalki ihes egin gainera, espiritu nomada batek gidatzen baitu alde batetik bestera. Ozeanoaren beste muturrera salto egin du oraintxe. Txilen da zehazki Begira Photo jaialdiko koordinatzailea, herri maputxearen aztarnaren bila.
Nolatan egin zinen argazkilari?
1988. urtea zen argazkilaritzarekin dudan harremana hasi nuenean. Betidanik eduki dut gustuko zinema, musika, literatura eta kultura oro har, baina garai horretan, 20 urte nituen orduan, inguratzen ninduen testuinguru industrialetik ihes egin nahi nuen eta lanbide itxura hartu nion argazkilaritzari.
Nola ikasi duzu argazkilaritza?
Garai horretan hartu nuen argazkilaritza ikasteko erabakia, 20 urteren bueltan. Modu autodidakta batean hasi nintzen, baina, Artearen Historia moduko ikasketak ere gauzatu ditut. Argazkilaritzaz harago, ikus-entzunezkoen, hezkuntzaren eta kulturaren kudeaketaren munduan ere murgildu izan naiz. Eta nola ez, urte hauetan guztietan hamaika izan dira antolatu ditudan edo partaide izan naizen tailerrak. Ikastaroetan aritu diren bertako eta nazioarteko argazkilariak izan dira nire jakintza iturri nagusienak.
Ba al dago Euskal Herrian bertan argazkilaritza taxuz ikasteko aukera?
Argazkilaritzaren inguruko prestakuntza teknikoa jasotzeko aukera aspalditik dago Euskal Herrian. Ez da nahikoa, baina. Poliki-poliki aukerak zabaltzen ari dira eta hor dago Bilboko argazkilaritza garaikideko eskola, adibidez. Bertan eskaintzen diren ikastaro eta tailerrak makinaren ezagutza eta erabilera gainditzen dute. Beharrezkoa da, noski; dena den, ez da nahikoa autore baten prestakuntzarako.
Nolakoa da argazkilaritzaren egoera Euskal Herrian?
Momentu polit bat bizi duela uste dut. Argazkilari gisa formatu ahal izateak asko lagundu du, bai eta, gurean eskaintzen diren ikastaro, tailer eta seminario ugari eta anitzek ere. Orain dela 20 urte ezinezkoa zirudiena dugu. Ikasketen egoera eta argazkilaritzaren kulturak sortzen duen interesa aintzat hartuz gero, baikorrak izateko moduan garela uste dut.
Zein izan zen zen zure lehen lana?
Mekanizazio lantegi bateko aprendiz hartu ninduten. Eta lan esperientzia desatsegin hark eraman ninduen argazkilaritzara. Dena zor diot! [barreak].
Orduko lan interesak ez dira oraingo berdinak, jakina. Egunkari bateko berriemaile grafiko moduan hasi nuen nire argazkilaritzako ibilbidea. Publizitateari zuzendutako argazkilaritza egin dut, bai eta argazkilaritza industriala ere, formatu handiko kamerak erabiltzen zituzten estudio batean. Ondoren etorri ziren, argazki laborategia edota freelance moduan egindako lanak... Hamaika joan-etorriren ostean, bizi nahiak agindu eta neure neureak diren argazki proiektuetara zuzendu ditut nire ahalegin guztiak.
Iurretan jaio zinen. Zergatik erabaki zenuen Euskal Herria atzean uztea?
Espiritu nomada batek agintzen du nigan eta hiri berdinean beharrezkoa dena baino denbora gehiago ez igarotzeko ohitura daukat. Granada, adibidez, une bateko destinoa izan zen, baina beste une eta egoera batzuetan beste hainbat hiri eta herrialde izan diren bezalaxe. Zaharrak iruditzen zaizkidan egoeretatik ihes egiten dut, eta nire bizitzak aldaketatik eta eraldaketatik edaten du egunero. Proiektu bakoitza begirada berri eta desberdin batekin abiatzea atsegin dut, aurrekoa ahaztu eta autore moduan berriz jaio nahi dut proiektu berri bakoitzarekin. Nire iritzi apalean, errepikapena da argazkilariaren arrisku handiena. Formula batean kateatzea eta bere estiloa denen begietara antzematea, hain zuzen ere.
Zure obran zuria eta beltza da nagusi. Zergatik?
Kolorea ere atsegin dut, ez pentsa! Zuri-beltza bezain interesgarria egiten zait, bai autore bezala, baita ikusle moduan ere. Egia da nire obra bere osotasunean ikusiz gero, bi kolore horiek nagusi direla, baina, joera aldetzear dela esango nuke. Lanean ari naizen proiektu berriak (“Madre Tierra”) kolorea du-eta.
Gauzatzen ari zaren proiektua egin aurretik Txile hegoaldeko komunitate indigenak ezagutu dituzu. Zer aurkitu duzu Txilen?
“Acerca de la mirada” izeneko tailerrak Txile osotik eraman nau. Bidaia luze eta interesgarri baten ostean, Temucon, La Araucanian, geratzea erabaki nuen eta bertan eskualde horretan bizi den maputxe herriaren inguruko proiektu berri bati ekin nion. Esperientzia hartatik “Madre tierra” izeneko argazkilaritza lantxoa erditu nuen, egun «berrikuste eta geldialdi» egoeran dagoena.
Zergatik diozu geldiune batean dagoela egitasmoa?
Hilabete batzuen ostean oraintxe bueltatu naiz berriz Txilera. Gaitik eta Txiletik urrun igarotako egunek lana birpentsatzen lagundu didate. Denbora, azken finean, nire proiektuen zati ere badela uste dut. Ez dut inolako presarik.
Madre tierra” egitasmoan murgilduko zara orain?
Bai, argazkilaritza lana erabat bukatzeaz gainera, ikus-entzunezko alderdiari eustea da orain asmoa. Izan ere, maputxe herriaren berri eman nahi duen “Somos” dokumentala egitekotan naiz, Rous Boisier txiletarrarekin batera.
Nondik sortzen da maputxe herriarekiko duzun interesa?
Gai txikiek, kausa handiek eta ohiko jendeak eragiten didate interes gehien. Eta noski, hor kokatzen da herri maputxeak nigan eragiten duen arreta.
Hezkuntzan ere aritu zara.
Irakaskuntza jarduerak argazkilaritzak bezain beste, edo agian gehiago, erakartzen nau. Asko ikasten da horrela!
Non aritu zara eskola ematen?
Publiko zein pribatuak diren hamaika erakundetan eman ditut ikastaro eta tailerrak: eskoletan, arte zentroetan, unibertsitateetan... Estatu espainolean zein atzerrian aritu naiz horrela.
Urte batzuk dira “Acerca de la mirada” tailerra eskaintzen duzula. Zein helburu du tailer honek?
Organiko, bizi eta etengabeko berrikuspen fasean dagoen proiektua da. Erantzunak baino, galderak proposatzen dituena. Ehunka pertsona igaro dira bertatik, eta ziurtatu dezaket inor ez dela epel geratzen. Argazkilaritza espresio modu gisa aztertzen dugu. Alde batetik, sortze prozesuen esperientzia subjektiboa eta argazkilaritza praktikaren autoezagutzaren inguruko hausnarketa egiten dugu. Eta bestetik, artikulazio narratiboa baimenduko duen argazkilaritza euskarriak asmatzearen beharraz aritzen gara. Norberak egin dezakeen argazkilaritza proiektua erabat garatzeko beharrezkoak diren pausoen gaineko aholkularitza eskaintzen du tailerrak. Gauzak pentsarazten, ezagutzen eta eraikitzen laguntzen duten tresnak proposatuz.
Irudiaren konposaketa estetikoa baino, prozesu narratiboa lehenesten duen argazkilaria zara. Hala definitzen zaituzte, behintzat. Hala da?
Metodologikoki proiektu eta argazkilaritza euskarri desberdinak interesatzen zaizkit; izan ere, horiek dira artikulazio narratiboa baimentzen dutenak. Baina ez dut uste alderdi estetikoa ahaztu behar denik. Alderdi hau funtsezkoa da azken proiektua osatzen duten irudi guztietan.
Asko dira egindako lanak. Horietako bat aukeratzeko atakan jarriz gero, zein aukeratuko zenuke? Zergatik?
Lan guzti-guztiek identifikatzen naute. Baina “Combatir la nada” erabat bukatua dudan azken lana da nire egungo pertsonatik eta autore izaeratik gertuen dagoena.
Bidaia da zure obren protagonista handi bat. Zergatik?
Egia da. Behin baino gehiagotan erabili dut bidaia argazki proiektuen hari gidari moduan. Ekidin ezina zait; izan ere, neure bizitza bera berdin ikusten dut. Garrantzitsuena, nire ustez bederen, lan egitea ahalbidetzen dizuten arrazoiak edukitzea da, eta ez, lan ez egiteko aitzakiak izatea.
«Argazkilaritza garaikidearen mapan kokatu nahi dugu Durango»
Begira Photo jaialdiko zuzendaria zara. Nola hasi zen jaialdia?
Argazkilaritza kulturaren zabalpena eta aitortza sustatu nahi du jaialdi honek. Eta hortaz, Begira Photo argazkilaritzaren aktibismotik sortzen dela esan dezakegu.
Zein da zehazki zure lana?
Jaialdiaren bultzatzaile moduan nire lana iraila aldean hasten da, programazio artistikoaren diseinuarekin, lehen ideia, kontaktuak... Koordinazio orokorra daraman pertsonarekin zuzenean aritzen naiz eta elkarrekin ixten dugu programa, abendu inguruan. Ondoren ekipo osoaren lana hasten da, zuzendu beharrekoa lana, helburuak zehaztu, emaitzak aztertu, estrategiak sortu...
Zer nolako ibilbidea egin du jaialdiak?
Lau urte hauetako ibilbidearen balantzea ona da. Jaialdia handituz joan da. Baina gehiago nahi dugu eta horretarako lanean gaude jada. Gauzak poliki eta ondo egitea da gure helburua, eta, ahal bada, Durango argazkilaritza garaikidearen panorama artistikoan kokatu nahiko genuke.
