Eta nik badakit zeure begien hondoan nagoela

«Oroitzen zaitudanean, ama, sukaldean egoten zara. Mahaia bostentzat iminita, aulkian eseri eta leihotik begira, kristala lausotzen duen lurrina kendu gabe, eta nik badakit zeure begien hondoan nagoela».
Feli Artanok eta Jexuxa Arostegik denbora gehiegi eman dute leihotik begira, Joxi Zabala Artano eta Joxean Lasa Arostegi noiz azalduko. Semeak desagertu zirenetik hamaika urte, bost hilabete eta lau egun pasatu zirenean jakin zuten alferrik begiratuko zutela leihotik, ez zirela berriz agertuko etxeko sukaldera. Eta hogeita hamaika urte pasatu direnean, leihotik begira egotetik pantailari begiratzera pasatu dira. Eta hor agertu zaizkie Joxi eta Joxean, eta hor agertu zaizkie inongo amak semetzat nahi ez lituzkeen piztiak. Zinema aretoko aulkian uzkurtu eta jertsearekin aurpegia tapatu dugu ikusteko gai izan ez garenean. Felik eta Jexuxak alferrik tapatuko dituzte begiak, begien hondoan dagoena ezin baita tapatu.
Oihala altxatu da eta hor agertu dira Feli, Jexuxa, eta beren etxekoak. Eta haiei begira berriro akordatu gara ez dela filma, errealitatea dela. Duintasunez sufritutako errealitatea.

